INFO

Netflix-ek Azurmendi irakurri zuenekoa


Zu zer zara lehenago, abertzalea ala demokrata? Alegia, zein nazio ikuspegirekin bat egiten duzu: frantziar ikuspegi arrazional, demokratiko, kosmopolita eta irekiarekin ala germaniar ikuspegi irrazional, hertsi, erromantiko eta etnozentrikoarekin? Edo, bertzera erranda: espainiar nazio ez-nazionalistarekin ala euskal nazio arrazistarekin? Halako edo antzerako galderekin has zezakeen Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, 1941) Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia Modernoko katedradun erretiratu eta gure garaiko euskal pentsalari emankorrenak edozein klase. Haren ikasleak izan garenok badakigu, jakin, zein zatekeen bere arrapostua: ez zait erantzuna inporta. Hots, galdera sortak iradoki eta narritatu baino ez du gura.

Eskola bat izan zitekeen ‘Europa bezain zaharra’ (Jakin) bere azken saiakerak ere badu horretatik aski. Euskal Herria buruan baina gure herritik kanporako bidaia da, dena den, Azurmendik proposatzen diguna. Zorrotik at, haatik, ohiturik gauzkan akademia estiloa laga eta bertze estilo arinago bat eskaini digu zegamarrak, batzuetan bere bisitaldiak ere deskribatuz eta, ia guzietan, ipuin edo istoriotxo moduan irakurri daitezkeen kapituluak eratuz. Hori bai, aldamenean ez du uzten zorroztasuna, erudizioa, euskara joria, idazkera propio hain berezia eta literatura genero zein diziplina guzien azterketa. Monarkia-estatua, Eliza-erlijioa, hizkuntza eta bertze hainbat erpinen arteko elkarbideetan eta Erdi Aroko, Errenazimentuko eta Aro Modernoko eraikin nabarmenen, puztutako mitoen eta genero anitzeko obra literarioren eskutik, joan-etorriaren helmugara eramaten gaitu filosofoak: nazioa, nazio eraikuntza eta nazionalismoa XIX. mendeko kontuak ez direla eta haien burua ez-nazionalistatzat duten herrialdeetan izan zutela jatorria. ‘Bidaiatuz nazionalismoa deskubritzen’ digu Azurmendik, sinetsarazi zaigunaren aurka, non eta Ingalaterra, Espainia, Portugal, Frantzia eta Italiako sorrera loriatsuetan, noiz eta XIII. mendetik aurrera.

Dena den, Haritz Azurmendik egiten dion hitzaurre zolian ohartarazten zaigunez, «atzera eginagatik ere, ordea, Joxe Azurmendik aipatzen dituen topos gehienak ez daude historiaren bazterrean ahazturik. Hiru adibide: norbaitek jar dezake Netflixen ‘The King’ (2019), eta hortxe topatuko du Azurmendik aztertzen duen ‘King Henry V’ antzezlanaren pantailarako azken egokitzapena. Netflixen dago ‘Barbaren’ (2020, 2022) telesaila ere: Tazitoren testua du oinarri hor kontatzen den istorioak. Bruno Dumontek, 2017an ‘Jeannette’ eta 2019an ‘Jeanne’ filmekin, Azurmendik dakartzan topikoetatik hirugarrena gaurkotu du. Nazionalismo hutsala sumatzen da denetan». Telesail hauetan sakontzeko edo atzoko, gaurko eta biharko Euskal Herria eta munduaren gainean gogoeta egiteko, ezinbertzekoa zaigu bertze behin ere Azurmendiren pentsamendua.