INFO

Arrasateko Emakume Txokoak 20. urteurrena ospatuko du asteburu honetan, jardunaldi feministekin

Ostiral eta larunbat honetan ‘Nahinoranahi’ jardunaldi feministak izango dira Arrasaten, Emakume Txokoaren 20 urteko mugarria ospatzeko. Hitzaldiak, mahai-inguruak, solasaldiak, tailerrak eta kontzertu bat prestatu dituzte bi egunetan zehar.

Jardunaldi feministak prestatu dituzte Arrasateko Emakume Txokoak 20 urte bete dituelako. (ARRASATEKO UDALA)

2003an ateak zabaldu zituen Arrasateko Emakume Txokoak genero berdintasunari buruzko aholkularitza eta informazioa eskaintzen du, emakumeen topaketa gune eta prestakuntza leku izateko asmoz. Bi hamarkada bete dituela ospatzeko, Udalak ‘Nahinoranahi’ jardunaldi feministak prestatu ditu, urriaren 27an eta 28an.

Jardunaldien helburua Emakume Txokoaren urteurrenaren «lorpen esanguratsua» ospatzea da, baita «genero berdintasunaren bidean dauden erronkei eta lorpenei buruz hausnartzea» ere. Goizetik iluntzera arte, hitzaldiz, kultur jarduerez eta mahai-inguruz jositako programa atondu dute.

Ostiralean

Hilak 27ko, ostiraleko, 9.30etan hasiko dira jardunaldiak, harrera ekitaldiarekin, Kulturarteko areto nagusian. Jarraian, toki berean, ‘Amestu, pentsatu, sortu. Balore feministak oinarri beste 20!’ mahai-ingurua eskainiko dute Irantzu Jauregi Artolak eta Ixone Fernandez de Labastida Medinak. Atsedenaldi baten ostean, 12.30etan, bi tailer eskainiko dituzte.

Gaztelaniaz, Jokin Zaitegin eta Luciana Alfaro Lavadoren eskutik, feminismo deskolonialari buruzko tailerra prestatu du Udalak, ‘Feminismo deskoloniala: praktika politiko bat aktibismo feministarako’ izenburupean. Aldi berean, baina Loramendin eta euskaraz, Laura Muelas de Ayalak eta Iñigo Etxezarreta Tocak ‘LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko neurriak. Posible al da hori udalgintzatik?’ tailerra eskainiko dute.

Arratsaldean, 18.00etan, datorren azaroaren 30eko greba feminista orokorrerako prestatzeko tailerra izango da Seber Altubeko karpan, bideo emanaldi bat egongo da eta txapak eta lepoko zapiak egingo dituzte. 19.00etan ekitaldi feminista egingo da karpan eta, eguna amaitzeko, topa feminista 20.00etan.

Larunbatean

Hurrengo egunean ere 9.30etan egingo ziae harrera Areto Nagusira gerturatzen direnei, ondoren ‘Justizia feminsta ehuntzen: erreparazioa, komunitatea, herrikidetza’ mahai-inguruarekin hausnartzera gonbidatzeko. Laura Macaya Andresek, Aurora Iturriotz Lopezek eta Justizia Feminista Mintegiko kide batek eskainiko dute.

Bazkalaurreko tailerrak, aurreko eguneko ordutegi berdinarekin, hiru izango dira. Euskaraz ‘Haurtzaroaren kontrako sexu indarkeriaren sekretua hausten’ emango du Maitane Urizar Elorzak Jokin Zaitegin eta, Idoia Arraiza Zabalegi eta Aiora Epelde Agirreren eskutik, Loramendin, ‘Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak: argi-ilunak’ tailerra egongo da. Gaztelaniaz, aldiz, Tania Cañas Sirianyri dagokio ‘Kalitatezko zaintza jaso eta eskaintzeko eskubidea’ tailerra ematea, Areto Nagusian.

15.00etan Seber Altube Karpan prestatu duten bazkari feministaren ostean, 17.00etan, Onintza Enbeita Maguregi eta Ainhoa Etxaide Amorrortu ‘Ba al dago lekurik politikagintzan, feminismotik eragiteko?’ solsaldian arituko dira, Klaustroan. 18.30etan, klaustroak Beatriz Egizabal Ollokiegiren ‘Klownklusioak’ ikuskizuna hartuko du. Jardunaldiei itxiera emateko, 22.00etan Gaztetxean Belen Nevado Mendezek ‘Masa Madre’ bakarrizketa eskainiko du eta, jarraian, Alarde Morearen eta DJ LatxirOngak-en txanda izango da.