INFO

Celtic Parkeko harmailak bandera palestinarrez josi dituzte zaleek

UEFAren eta taldearen zuzendaritzaren ohartarazpenei entzungor eginez, Celticeko zaletuek milaka bandera palestinar atera dituzte Atletico Madrilen aurkako Txapeldunen Ligako partida hasi aurretik.

Celtic Parkeko harmaila, bandera palestinarrez betea. Ikurriña ere bertan. (Andy BUCHANAN | AFP)

Iragan urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako mendekua hasi zuenetik, herri palestinarraren aldeko elkartasun keinu ugari ari da izaten ari da nonahi, baita kirol arloan ere. Gaurkoan, Celticen eta Atletico Madrilen arteko Txapeldunen Ligako partidaren harira, milaka bandera palestinar erakutsi dituzte Eskoziako zaletuek Glasgowko estadioan.

Ez da, noski, Green Brigade zaletuen taldeak Palestinarekin eta beste hamaika arrazoirengatik egin duen elkartasun edo salaketa keinua izan, baina testuinguruagatik berezia izan da hauxe.

Partida hasi aurretik ere harmailak banderaz lepo zeuden, hainbat erabiltzailek argitaratutako mezuek argi erakutsi dutenez.

Aurrez ere klubaren edota UEFA edo FIFAren presioak eta zigorrak jaso badituzte ere, ez dute pasatzen utzi palestinarrei babesa adierazteko aukera. Zaletuek eurek argi eta garbi adierazi dute beren konpromisoari uko egiten ez diotela sare sozialetan argitaratutako mezuetan. 

 

 

Euskal Herriko estadioetan ere ikusi ahal izan dira halako erakustaldiak, LaLigak ezarritako debekuei eta trabei aurre eginez, Sadarren edo Anoetan, esaterako.