INFO

Suedieraren hiztegi ofiziala amaitu dute, 140 urteren ostean

1883 urtean hasi zen prozesuan lanaldi osoko 137 langilek parte hartu dute Suedieraren Akademiaren Hiztegian. Joan den astean bidali zuten inprimatzera azkeneko bertsioa. 33.111 orrialde ditu, 39 liburukitan banatuta, eta hitz berriak sartu behar dituzte.

Suedieraren hiztegi ofiziala osatu dute. (Henrik MONTGOMERY | AFP)

Asteazkenean editoreak baieztatu zuenez, suedieraren hiztegi ofiziala amaituta dago eta joan den astean bidali zuten inprimategira. 1883an hasi ziren Suedieraren Akademiaren Hiztegia (SAOB) egiten eta, denbora horretan, 137 langilek parte hartu dute 39 liburuki eta 33.111 orrialde dituen azkeneko bertsioa prestatzeko.

Suedieraren Akademiak, Literaturako Nobel Saria ematen duena, egindako lana da. Christian Mattssonek, editore buruak AFP berri agentziari laburbildu dionez, prozesua «1883an hasi zen eta orain amaitu dugu».

Mugarri garrantzitsu honetara heldu dira, baina ez dute lana oraindik amaitu. A letratik R hizkira doazen bolumenak hain dira zaharrak berrikusi beharko baitira hitz berriak sartzeko. «Horietako hitz bat ‘alergia’ da, 1920ko hamarkadan sartu baitzen suedierara eta ez dago A liburukian, hau 1893an argitaratu zelako», azaldu du Mattssonek.

Honetaz gain, ‘barbie panpina’, ‘aplikazioa/app’ eta ‘ordenagailua’ dira datozen zazpi urteetan zehar hiztegian sartuko dituzten hitz berrietako batzuk.

Historikoa

SAOB-ak suedieraren erregistro historikoa egiten du, 1521etik gaur egunera arteko hitzak hartuta. 200 ale baino ez dira argitaratu baina sarean eskuragarri dago, batik bat ikertzaileek eta hizkuntzalariek erabil dezaten. Bestalde, akademiak suediera garaikidearen hiztegi bat argitaratzen du.

Suedieraren Akademia 1976an sortu zuen Gustav III.a erregeak herrialdeko hizkuntza eta literatura sustatzeko eta, bide batez, suedieraren «garbitasunaren, kemenaren eta maiestasunaren» alde lan egiteko.