«Winter Seriesera disfrutatzera goaz, ze ez dakit aukera gehiago egongo diren jokatzeko»
Mikel Mancisidor (Mutriku, 2000) estreinakoz arituko da Gernikako Winter Series txapelketan, bihar abiatuko den hirugarren edizioan. Azaroaren 20an debuta egingo du, Jokin Arberekin bikotea osatuta. Pro-am txapelketa irabazi ondotik lortu dute txapelketa prestigiotsuan lehiatzeko aukera.
Lana tarteko, Daniara joateko aukera baztertu egin zuen Mikel Mancisidorrek eta, beraz, Winter Series jokatzea begiz jota zuen, Euskal Herriko txapelketa onenean aritzeko apostu tinkoa eginda. Ez da bide erraza izan, udan onenekin lehiatu den arren. Pro-am txapelketa irabaztea zen geratzen zitzaion bala bakarra. Jokatu eta lortu, finalean Cosme-Bailo mendean hartuta, Jokin Arbe markina-xemeindarrarekin bikote ona osatuta.
Gernika Winter Seriesen debuta egiteko irrikitan da mutrikuarra. Multzo gogorra egokitu zaie, baina «gerra emango» dutela ziur dago. Erregulartasuna da ‘Manci’-ren ezaugarrietako bat, eta uste du Lekeitioko Mastersa jokatzeko aukera ongi probestu eta ondotik ate gehiago zabaldu zaizkiola. Duela 15 urte egin zituen lehenbiziko urratsak zesta-puntan, anaia bikiari jarraituz. Ekaitz Mendizabal “Goixerri” kuadrillakoa izan du bidelagun –orain AEBetan dago–, bai eta Eneritz Lizardi ere. Gernikan beste herrikide batekin topo egingo du, Erik Mendizabalekin, alegia.
Zer moduz zaude, Winter Series jokatzeko txartela eskuratu berritan?
Sentsazioak arraroak dira. Espero ez duzun kontu bat da. Urte osoan zain zaude txapelketa garrantzitsuena jokatzeko. Urtean zehar txapelketa ezberdinetan parte hartzen dugu; aurten zortea izan dut eta Zumaian, Lekeition, Gernikan, Mutrikun, eta Mexikora ere joan ginen udan... Gaur egun dagoen txapelketa garrantzitsuena jokatzeko desiratzen zaude. Aukera sortu zen Pro-am jokatzeko, ondo moldatzen naizen bikotearekin gainera, eta irabaztea tokatu zaigu. Bueno, egokitu, lana egin dugu irabazteko. Pozik, Euskal Herrian indar gehien daukan txapelketa da.
Alegia, Winter Series jokatzeko aukera bakarra zen Pro-am txapelketa irabaztea.
Bai. Alde batetik, bai neukan esperantza gehiago. Atzelari falta hori sumatzen nuen, eta batzuk bai ikusten ginen hautagai bezala zuzenean aukeratuak izateko. Ni, Bailo... Urte osoan jokatzen egon garenok aukera eduki genezakeen zuzenean sartzeko. Hori aparte, Pro-am txapelketa irabaztea zen txartela lortzeko aukera bakarra.
Onenekin lehiatu zara urtean zehar. Lekeition Del Rioren ordez aritu zinen, Goikoetxearekin.
Bai, eta oso ondo atera zen. Finala ikaragarria izan zen, Erkiaga-Lekerikarekin aurka irabaztea izugarria da.
Harmailetako jendea harritu zen zure jokatzeko moduarekin.
Maila ona eman genuen. Sufritu egin genuen, baina Goikok lagundu egin zidan partida osoan zehar. Konplitu egin behar zen, bai ala bai, eta maila ona eman. Aritz [Erkiaga] orain momentuan dagoen puntistarik onena da eta Lekerika, Lopezekin batera, da atzelaririk onenak.
Eta horrek konfiantza ematen du?
Bai. Puntista batek nahi duena beti jokatzea da, ordezko edo titular izan. Azkenean, aukera bezala hartzen duzu eta zeure onena eman behar duzu. Badakigu aukera puntualak izango ditugula eta aukera horiek aprobetxatzen saiatu behar dugula.
Uste duzu Lekeition irabazteak ate gehiago ireki dizkizula?
Bai. Uste dut horrek bai ireki zizkidala Gernikako Grand Slama jokatzeko ateak. Erakutsi duzu maila ona daukazula eta lehiakorra zarela onenekin ere. Mutrikukoa badakit beti jokatuko dudala, baina Mexikora joatea, Zumaian jokatzeko... Txapelketa berri gehiago daude, herrietan ere bultzarazi nahi dute zesta-punta, eta horietan lehiatzeko maila ona ematea garrantzitsua da.
Esango zenuke zure momenturik onenean zaudela? Zure urterik onena izaten ari dela? Edo dena batu da: maila ona, Euskal Herrian berriro ere indarra hartzen dagoela zesta-punta...
Nire ustez, nahiko erregularra naiz. Urtero maila on bat eman dudala pentsatzen dut, baina urteak ezberdinak izan dira. Duela hiru urte bi munduko txapelketa jokatu nituen, banakakoa eta binakakoa; aurreko urtean, Pro-am jokatu nuen, profesionalekin Lekeition jokatu nuen, Mutrikun... Daniara joateko aukera ere eduki nuen. Hemen, profesionaletako torneoei erreparatuz gero, bai da urte onena, gehien jokatu dudan urtea da, aukera gehien izan dudan urtea.
Alegia, Manci beti egon da hor, eta ikusleak orain ari dira deskubritzen?
Tira, uste dut maila igotzen ere ari naizela. Fisikoki ere prestatuago nago, entrenatzaile bat daukat horretarako, aukerak etorri ahala joko maila ere igo egiten da. Onenekin jokatzen gauzak aldatu egin behar dituzu. Afizionatuetan partida bat irabaztea errazagoa da profesionaletan baino.
«Profesionaletako torneoei erreparatuz gero, bai da urte onena, gehien jokatu dudan urtea da, aukera gehien izan dudan urtea»
Alde horretatik zer diferentzia igarri duzu?
Erritmoa, oldarkortasuna... Dena. Beste maila bat da. Beste pilota batzuk, biziagoak dira, tantoak sartzeko lan gehiago egin behar da, gehiago defendatu behar da... Onenen aurka jokatzeko gauza ezberdinak egin behar dituzu; zure maila eman eta gauza berriak ikasten eta egiten.
Eta horretan zein izan da zure irakaslerik onena?
[Jon Mendizabal] Goixarri (barrezka). Bizitza osoan bezala. Baita aita ere. Kanpotik ikusten dagoen batek asko laguntzen du, partida irakurtzeko.
Pro-am txapelketan Jokin Arberekin aritu zara. Elkar ondo ulertu duzue.
Bai, urte askoan elkar ezagutzen dugu, eta biok oso ondo moldatu ginen. Komunikazioa oso garrantzitsua da.
Hori izango da gakoa Winter Seriesean? Sari potolo bat lortu duzue, baina akaso esperientzia gutxien daukan bikotea zarete.
Beste bikote guztiak urte osoan jokatzen ari dira. Uste dut esperientzia gutxien daukagun bikotea garela. Azken finean, gainontzeko bikoteak konpentsatuago daude: Ibarluzeak Aritz dauka; Alex Goitiak, Basque...
Kontsideratuko zenuke zortea izan duzula zure hazkuntza prozesu honetan, berriro indartzen ari delako zesta-punta Euskal Herrian?
Nire ustez dena batera gertatu da: AEBetako gainbehera hori eta zesta-puntak hemen indarra hartu behar zuen une aproposena hau izan behar zen, eta aprobetxatu egin dute. Gernikak sekulako lana egin du. Ez soilik Winter Seriesarekin, baizik eta udaro antolatzen zituzten txapelketekin. Honekin bete-betean asmatu dute.
Zuk espero zenuen hau biziko zenuela?
Ez, ez nuen espero. Ekaitz [Mendizabal, Goixarri II.a] AEBetara joan zenean, ba, hasten zara gauzak planteatzen. Bizitza osoko bikotea hara doa, kontziente zara ezin zarela joan, baina aukera bat etorri daitekeela ere uste duzu. Ikusten duzu gutxi jokatzen zabiltzala, tarteka torneoren bat, eta ez duzu espero.
Inoiz planteatu duzu AEBetara joatea?
Nire betiko ametsa da. Pilotarien historia hori izan da: hemen ikasi eta gero kanpora joan.
Orain ere bai?
Aukeran emanda, ez dakit zer egingo nukeen. Nik uste dut joan egingo nintzela. Denboraldi bat da. Urte osoan bertatik bizi zara, eta hemen ez daukazu hori.
Hiru mutrikuar han daude orain: Goixarri anaiak eta Jon Goenaga. Eta Winter Seriesen bi arituko zarete, Erik eta zu.
Bai, ez da txarra. Nik Erik ez dut ikusi asko jokatzen. Hemen Malen jai batzuetan ikusi nuen. Baina Ekaitz AEBetara joan zenean hasi nintzen hango kinielak jarraitzen. Azkenean laguna da, eta horrela hasten zara hangoa ezagutzen.
Zerk erakartzen zaitu oraindik ere, 15 urte geroago, frontoian jarraitzeko?
Ez da erraza. 16 urtetatik, buruak klak egiten dizun arte, nerabezaroa, lagunak, juerga... Zuk asteburuetan partidak jokatzen dituzu, batzuetan hiruzpalau partida, eta asteburu osoa okupatzen dizu, lagunak ikusi gabe, ezin parrandan joan. Bizitzako etapa bat galtzen duzu, gogorra egiten da, baina gustatu egiten zaigu eta, gainera, ondo joan zaigu.
«Hemen [zesta-punta] suspertzen hastea, bai telebistan eta baita gizartean ere, eta herrikoak hor daudela ikustea oso garrantzitsua da»
Mutrikuko etorkizuna nola ikusten duzu?
Eskolan ume asko daude, etorkizuna badago. Arratsalde guztietan beteta dago frontoia. Probatzera ume asko etortzen dira. Winter Seriesak daukan indarra ere lagungarria da belaunaldi berrientzat. Lehen AEBetara joatea zen ametsa, baina hori amaitu egin zen. 2021ean Dania itxi zenean, denak itzuli ziren. Hemen suspertzen hastea, bai telebistan eta baita gizartean ere, eta herrikoak hor daudela ikustea oso garrantzitsua da.
Zuretzat ere garrantzitsua izango da lanean jarraitzeko.
Bai, eta aurten eduki ditugu zenbait aukera. Elite txapelketa jokatu genuen herrian, eta umeek jokatzen ikusten zaituzte, giro ederra sortzen da frontoian... Zerbait badagoela ikusten da. Horrek bai laguntzen digu guri motibatzen, aukerak daudela eta horiek aprobetxatzeko prestatu behar dudala. Eta atzetik datozenentzat ere garrantzitsua da.
Winter Seriesera zein asmorekin zoazte?
Disfrutatu. Ez dakit aukera gehiago egongo diren jokatzeko. 2.000 pertsonen aurrean disfrutatu egin behar da, ze aukera bakarra izan liteke. Eta gero, noski, irabaztera. Behin hor egonda, pentsamendua beti da irabaztearena.
Arbek eduki zuen lehen edizioan aukera, iaz ez. Ikusi da ez dela erraza horra iristea eta mantentzea.
Ez, ez da batere erraza. Eta nik uste dut badaukagula maila edozeinen aurka jokatzeko. Gerra ematen saiatuko gara.
Harmailak jendez beteta daudenean, zein da zure joera?
Motibatu egiten naiz. Ez gaude ohituta hainbeste jenderen aurrean jokatzen. Badago jendea ez zaiona gustatzen edo gehiago sufritzen duena, ni ez naiz horrelakoa.
Gurasoek eta anaiak zer esaten dizue?
Pozik daude. Gaizki pasatu zuten Pro-am txapelketako finalean (barrezka). Aita normalean sare atzean egoten da laguntzen; eta partida bukatu bezain laster begiratu nuen eta ez nuen ikusi, eta harritu egin nintzen. Frontoi kanpoan egon zen. Ama eta familia oso urduri, eta bukaeran poza. Bizitza osoan daude nirekin, bidaia guztiak egin dituzte; nire aitaren kotxeko kilometro ia guztiak neuk egin ditut (barrezka). Jarraitzaileak dira, eta zurekin batera bizi dute. Partida gaizki ateratzen denean, zure erredura haiekin ordaintzen duzu; edo beraiek, zurekin.
Harro ere egongo dira.
Bai, nire ustez bai.