INFO
Entrevista
Beñat Egaña
2022ko gazta txapelketako irabazlea

«Epaileak eta bezeroak eskatzen dutena ez da berdina izaten»

Mutrikuko Olatz auzoko paraje naturalean dago Goienetxe gaztandegia. Beñat Egaña (Mutriku, 1981) da burua, amak hasitako bideari jarraituta. Iaz urriko azken asteleheneko azokan egindako gazta lehiaketan lehen saria lortu zuen eta enkantean 6.100 euro ordaintzera iritsi ziren gazta erdiarengatik.

Beñat Egaña, bere alabarekin, aurreko larunbatean Eibarko azokan. (NAIZ)

Noiz eta zergatik hasi zinen gazta egiten?

Hasi ez, segitu. Amak betidanik egiten zuen gazta eta nik laguntzen nion. Beti aritu naiz kanpoan lanean, tailer batean, baina etxera joatean berarekin aritzen nintzen. Sasoi bat ailegatu zen pentsatu nuela etxean gelditzea eta gaztagintzaz bizitzen saiatzea.

Baserriak tira egin zizun...
Baserria beti gustatu izan zait asko. Bizi osoa egin dut baserrian. Estudiatzea asko gustatu ez, etxera joan eta bizitza osoa lanean aritu naiz. Orain bertatik bizi naiz.

Ogibide bilakatu zenuen. Etxean egiten zenituzten gazta horiek saltzeko izaten al ziren?
Hasieran, ez. Osasungintza kontrolik gabe, izenik gabe... Urtean 200 gazta egiten genituen, senideei eta ingurukoei saltzeko. Gero, bai. Lanean ari nintzela, pabiloi bat egin eta erregistro zenbakia atera zuten. Orduan, azoketan-eta saltzen hasi zen ama. Duela 17 bat urte. Ordutik hona asko aldatu da kontua.

Bai? Zertan nabari duzu alde hori?
Lehen erregistro zenbaki bat atera, gazta egin eta etiketarik gabe sal zenezakeen. Orain osasungintza kontua oso zorrotza da. Badakizu zein gazta nori saldu diozun, noiz, nora... dena. Kristoren kontrola dago.

Zein da zuen gazten berezitasuna sarituak izateko?
Kar, kar. Ez dakit. Urtetik urtera gazta egiten ikasten joaten zara eta ikasten duzu ere zer gustatzen zaion jendeari edo epaileei. Juezaren eta bezeroaren artean badago diferentzia bat, batak eta besteak eskatzen duena ez da berdina izaten. Norberak ikasten du zeinentzako zer egin, lehiaketarako zer gazta egin.

Edonola, asmatu duzu. Iaz urriko azken asteleheneko lehiaketan lehen saria irabazi zenuen. Sariak lagungarri al dira bezeroak erakartzeko?
Bai, bai. Asko. Sariek edo medioetan ateratzeak laguntzen du, hurrengo urtera begira gazta asko saltzen da. Horrelako sari baten ondoren jende asko hasten da gazta eskatzen eta ez dut nahikoa ematen.

Zenbat gazta egiten duzu urtean?
3.000 bat gazta egiten ditut urtean, 200 gorabehera; ardiek ematen duten esnearen arabera, urtero ez baitute kopuru bera ematen.

Gernikakoa irabazitako lehen saria izan al zen?
Gernikako Azokan bi bigarren sari eta beste hirugarren sari bat jaso ditugu, baina lehenengo sari nagusia izan zen. Aurten Azpeitian ere lortu dugu. Sari popularrak, jendeak erabakitzen dituenak, badauzkagu, baina epailena beti kosta izan zaigu gehiago.

Non saltzen duzue?
Etxean, azoketan eta inguruko herrietan: Mutrikun, Markinan, Deban eta Elgoibarren.

Salmenta zuzena baliagarria da atzean duen lan hori balioesteko?
Bai, zuzeneko salmentak laguntzen du horretan, eta gainera, diru gehiago uzten dizu ere. Azoketan saltzen duzunarekin norberaren lana hobe ateratzen da.

Aurtengo lehiaketan parte hartuko duzu, ezta?
Oraindik erantzunik ez dugu jaso, baina izena eman dugu. Ez dut berriro irabazterik espero, baina joango gara ahal badugu eta eramango dugu gazta.

Azokan jende gaztea ibiltzen al da? Erosten al dute?
Egia esan, asko ez dira ikusten eta erosi ere ez dute gazte askok erosten.

Eta baserrian erreleborik ba al da?
Ia batere ez. Baserri kontua ez da erraza, gogorra da, baina niri asko gustatzen zait. Aitak asko laguntzen dit eta emazteak ere paper kontuekin, baina nahiko bakarrik aritzen naiz.