Arartekoak Lakuari eskatu dio torturaren biktima guztien eskaerak epe barruan ebazteko
Arartekoak Lakuako Justizia Sailari eskatu dio bere esku dauden bitarteko guztiak jar ditzala torturaren biktima guztien eskaerak, izapidetzen ari direnak, epe barruan ebazteko. Hala dio Egiari Zor Fundazioak jarritako salaketaren ondorioz argitaratutako ebazpenean.
Arartekoak Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari eskatu dio bere esku dauden bitarteko guztiak jar ditzala torturaren biktima guztien eskaerak, izapidetzen ari direnak, epe barruan ebazteko, uztailaren 28ko 12/2016 Legearen arabera. Hala jasotzen da Egiari Zor Fundazioak egindako salaketa baten ondorioz argitaratu berri duen ebazpenean.
Ohar batean azaldu duenez, Egiari Zor Fundazioko ordezkariek Arartekora jo zuten hainbat gai eta gogoeta azaltzeko. Besteak beste, adierazi zuten beste biktima batzuekin alderatuta, torturaren biktimei tratu diskriminatzailea ematen zaiela sentitzen dutela, eta eskatu zuten ez dadila gehiago naturalizatu giza eskubideen urraketa.
Era berean, salatu zuten ezein araudik ez duela garatu 12/2016 Legea, EAEn 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa, eta tramitazio arazoak eta atzerapenak nabarmendu zituzten.
Egintza horien aurrean, Arartekoak zenbait jarduera burutu ditu, adibidez, txosten bat egin du tortura delituaren nazioarteko testuinguruaren eta legez babesteko tresnen gainean, edo Lakuako agintari nagusiekin harremanak izan ditu, haiei kontsulta-egileen kezkak eta gogoetak helarazteko.
Hala, Gasteizko Gobernuko arduradun nagusiekin bildu zen, legearen aplikazioari heltzeko, eta kezka agertu zien biktimak errekonozitzeko eskaerak izapidetzean atzerapena gertatzen ari delako eta atzerapen horrek biktimengan eragina duelako. Horregatik sailari eskatu zion bere esku dauden bitarteko guztiak jar ditzala torturaren biktima guztien eskaerak epe barruan ebazteko, uztailaren 28ko 12/2016 Legearen arabera.
Era berean, Arartekoak, bere eskumen-eremuan, lege horren aplikazioa zertan den aztertzen jarraituko du. Horretarako, beharrezko harremanak izango ditu Lakuako arduradunekin, baita beraien eskaerak izapidetzen ari diren biktimekin ere. Nabarmendu duenez, eskaera horiek ebazteko epea beste 24 hilabetez luzatu da, «modu egokian eta ahalik eta eperik laburrenean ebatz daitezen».
Mikel Zabalzaren kasua
Egiari Zor Fundazioak eginiko kontsultan, honako kasu hau salatu da: Arturo Espejo guardia zibilaren sustapen profesionala; Lakuaren 2017ko txosten baten arabera, guardia zibil horrek izapidetutako operazio batean, torturaren biktima izan zen Mikel Zabalza. Kasu horri buruz, Arartekoak argi adierazi zuen bere jarrera Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunean helarazi zuen erakunde-adierazpenean.
Hauxe adierazi zuen bertan: «Bateraezinak dira tortura goretsi edo justifikatzea eta hain egintza gaitzesgarriak ez errepikatzeko bermea. Are gehiago indultuak, ohore publikoak edo sustapen profesionalak ematea modu frogagarrian torturatzat jotako ekintzengatik kondenatuak izan direnei edo halako egoeretan nahastuta agertzen direnei. Gizarteak zigorgabetasun pertzepzioa izateak edo gizon-emakumeen kontzientziari nazka ematen dioten krimenak zuritzeak barrua jaten diete zuzenbideko estatu demokratikoaren oinarriei».
Pasa den astean Balorazio Batzordeak kritikatu zituen orain arte izan dituzten oztopoak, izan ere, batzordeko kideen esanetan, bitarteko eskasiak atzerapen handiak eragiten dizkio Estatuko indarkeria-kasuak aitortzeko prozesuari. Horrez gain, epaitegi eta artxibo militarren laguntza falta eta iruzur-saiakera ere aipatu zituzten.