Europako postuetan kokatu arren, aldaketekin asmatu ezinik dabil Valverde
Garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Athleticek Vila-realen zelaian eta sailkapeneko bosgarren tokira igotzeko balio izan zion. Hala ere, Rubiren kontra Kopan edo Bartzelonaren aurka gertatu zitzaion moduan, bigarren zati amaieran taldeak beheraka egin zuen aldaketak egin ostean.
Poztasuna da nagusi Athleticen. Vila-realen kontra lortutako hiru puntuekin sailkapenaren bosgarren postuan kokatu dira zuri-gorriak. Sei urteren ondoren, Europara itzultzea da helburua eta aurkari zuzen baten zelaian irabazteak balio bikoitza dauka. Gogoan izan behar da joan den denboraldian sekulako jipoia jaso zuela Athleticek Vila-realean zelaian (5-1). Aldi berean, zuri-gorrien gainetik amaitu zuten sailkapen nagusian eta Europan jokatzen ari dira.
Ernesto Valverdek garaipen garrantzitsu bat lortu zutela azpimarratu zuen partidaren ostean. Talde horia krisi bat igarotzen ari den arren, maila handiko jokalariak ditu erasoan: Gerard Moreno eta Sorloth norvegiarra, esaterako.
Atzeko lerroan, aldiz, gabezi handiak dauzkate. Athletic azkar aurreratu zen markagailuan Iñigo Ruiz de Galarretaren gol bati esker eta lehen ordu erdian bikain aritu ziren. Goian presioa ondo eginez eta azkar jokatuz, hiru gol egin zituzten zuri-gorriek lur jota geratu zen Vila-realen aurka.
Erasoko jokalariak erabakita
Hasierako hamaikakoa egonkortuta dago talde zuri-gorrian. Batez ere, erasoko postuetan. Guruzetak bere tokia egin du goian, Sancet ere gero eta jokalari erabakigarriagoa bilakatzen ari da eta Williams anaien abiadurak min handia egiten diete aurkariei.
Zelai erdian ere Vesga eta Galarreta daudenean asko nabaritzen da. Herrera, Dani Garcia eta Unai Gomez nahiko ondo moldatu dira aukera izan dutenean, baina taldea sendoagoa da Vesga eta Galarretarekin.
Defentsa osatzerakoan arazo gehiago izaten ari da Valverde. Iñigo Martinez gabe eta Yeray lesionaturik, Paredes eta Vivian bakarrik daude erdiko atzelari gisa jokatzera ohituta. Maila ona ematen ari dira, baina esperientzia gutxi dute eta zailtasun handiak izan dituzte hainbat partidetan. Eskuin hegalean, berriz, De Marcos bigarren gaztaro bat bizitzen ari da.
Ezkerrean Yuri da Valverderetzat lehen aukera. Lesionaturik egon denean, Imanolek eta Lekuek jokatu dute. Vila-realen Deustuko jokalariaren aldeko apustua egin zuen entrenatzaileak eta oso ondo erantzun zuen. Imanolek, aldiz, hobetu beharra dauka defentsa lanetan. Erasoan erdiraketa onak egiteko gaitasuna daukala erakutsi du Gallartako mutilak, baina atzean errazegi hartzen diote bizkarra aurkariek.
Azken denboraldiekin alderatuta, bigunegia da Athleticen defentsa. 14 gol jaso ditu 12 jardunalditan, baina gehiago izango lirateke Unai Simonen geldiketengatik izango ez balitz. Murgiako atezainak gol pare bat ekidin izan du jardunaldiko. Vila-realen kontra ere egin zuen eta etxeko taldeak norgehiagokari buelta emateko itxaropenak atzeratu zituen.
Izan ere, Athletici sufritzea egokitu zitzaion azken minutuetan. Garaipena bideratuta egon arren, Valverdek asko itxaron zuen aldaketak egiteko. Entrenatzaileak aitortu izan du kosta egiten zaiola bost aldaketen aukerari ohitzea eta asmatu ezinda dabil. Piezak mugitzerakoan aurkariari aurre hartzeko orduan, gutxitan lortzen du fruituak ateratzea.
Azken 25 minutuetan mugitu zuen aulkia Vila-realen kontra. Berenguer izan zen ateratzen lehena 67. minutuan. Guruzeta kendu zuen eta Iñaki Williams goian kokatu zen. Ordu laurden geratzen zenean, zelai erdia indartu nahi izan zuen Dani Garcia eta Unai Gomez sartuta. Bermeoko erdilaria ezker hegalean jarri zuen Nico Williamsen ordez defentsako lanetan laguntzeko.
Amaitzeko bost minutu falta zirenean zelairatu ziren Muniain eta Villalibre. Kapitaina ezkerretik aritu zen eta alde horretatik iritsi ziren golak. Lehenengoan, Gerard Morenok errazegi egin zuen jaurtiketa area barrutik Lekueren eta Paredesen begiradapean. Hurrengo minutuan ezker hegaletik egin zuen Gerard Morenok erdiraketa, Muniainek hanka sartu barik, Sorlothek egin zuen golean.
Gainbeherak azken txanpan
Talde zuri-gorriak maila jaitsi zuen aldaketekin eta antzekoa gertatu zitzaion Kopako kanporaketan. Ezohiko jokalarien aldeko apustua egin zuen Rubiren aurka Valverdek eta bigarren zati hasieran Malcom Adu Aresen golei esker eskuan zeukaten garaipena. Hamaikakoak sarritan egoten diren Sancet, Galarreta eta Vivian atera ziren azken minutuetan eta talde kataluniarraren gola iritsi zen. Vila-realen bezala, ikaratuta bukatu zuten epaileari amaiera eskatzen.
Bartzelonan jasotako porrotean ere bost aldaketak egin ostean iritsi zen Marc Guiuren gola 80. minutuan. Valentziaren kontra San Mamesen jokatutako norgehiagokan, ostera, puntu bat eskuratu zuten luzapenean. Aulkitik atera berria zen Berenguerrek egin zuen. Hala ere, Beñat Prados sartu zuen defentsaren erdialdean partida horretan eta Valentziak partida irauli zuen nafarra zelairatu ondoren.
Bestalde, Lezaman egindako entrenamenduan Raul Garcia eta Herrera gainontzeko taldekideekin batera aritu dira eta ostiralean Celtaren kontra jokatzeko prest egon daitezke. Yurik eta Yerayk lesionaturik jarraitzen dute.