INFO

IV. mendeko brontzezko 30.000 txanpon baino gehiago aurkitu dituzte Sardiniako itsasoan

Sardiniako uhartearen ipar-ekialdean follis izeneko brontzezko milaka txanpon aurkitu dituzte. Arzachenako kostaldetik gertu aurkitu dituzte IV. mendearen lehen erdiko txanpon hauek, sakorena txikian. Numismatika arloan azken urteotan egin den aurkikuntzarik garrantzitsuenetakoa da.

Adituak, aurkikuntza egin zen tokian. (ITALIAKO KULTURA MINISTERIOA)

Italiako Kultura Ministerioak azaldu duenez, aurkitutakoaren pisua aintzat hartuta, kalkulatzen dute 30.000 eta 50.000 txanpon artean izan daitezkeela eta, hortaz, 2013an Seatonen (Ingalaterra) antzeman zituzten 22.888 follis horiek baino «askoz gehiago».

Urpekaritza egiten ari ziren hainbat lagunek aurkitu zituzten txanponak, kostaldetik ez oso urrun eta sakonera txikian. Haien abisuari esker, Arkeologiako Superindendentziako eta Karabineroetako adituak bertaratu ziren eta ikusi ahal izan zuten txanponak bi gune handitan banatuta zeudela.

30.000 eta 50.000 txanpon artean aurkitu dituzte, bikain kontserbatuta. (ITALIAKO KULTURA MINISTERIOA)

Ministerioak nabarmendu du altxorra bikain kontserbatuta dagoela.

«Aurkitutako txanponak eta materialak zaharberritzeko eta kontserbatzeko lanei esker, aurkikuntzen testuinguruari buruzko ezagutza zabaldu eta sakondu ahal izango dugu, eta informazio asko atera ahal izango dugu», azaldu du Ministerioak.

Luigi La Rocca Italiako Arkeologia Zuzendaritzako arduradunaren arabera, «Arzachenako uretan aurkitutako altxorra azken urteetako numismatikako aurkikuntzarik garrantzitsuenetako bat da, eta agerian uzten du, beste behin ere, gure itsasoetako sakonerak ezkutatzen dituen ondare arkeologikoaren aberastasuna eta garrantzia, gizakiek eta salgaiek garai urrunenetatik zeharkatzen baitituzte».