INFO

AHTaren zundaketak salatzeko mendi martxa antolatu dute Sakanan

Sakanan egiten ari diren AHTaren zundaketak salatzeko mendi martxa antolatu dute datorren larunbaterako Sakanan. Lakuntza eta Arbizu artean dauden zazpi zundaketa puntuak ezagutzeko aukera emango du martxak. 27 eta 209 metro arteko sakonera dute.

AHTaren kontrako bizikleta martxa baten hasiera Irurtzunen, artxiboko irudi batean. (Jagoba Manterola | Foku)

Stop AHT Zundaketak ekimena osatzen duten taldeek larunbaterako mendi martxa antolatu dute. Goizeko 9.30ean abiatuko da martxan Lakuntzatik Arbizura, berriz ere Lakuntzara iristeko arratsaldeko 14.30ean. Bi herri hauen artean daude zazpi zundaketa puntuak ezagutzeko helburua du martxak. Talde hauek duten informazioa herritarrekin partekatzea nahi dute, bide batez.

«Lur publiko zein partikularretan egin nahi dituzten zundaketa hauekin 27 eta 209 metro arteko sakonera duten laginak lortu nahi dituzte. Gainera, orain arte jasotako informazioen arabera, zenbaitetan, zundaketa hauek modu irregularrean egin izan dituzte, legezko bermerik gabe, bidezko administrazio-prozedurak bete gabe eta kaltetuen bizkar. Berri larriak dira hauek, izan ere, zundaketen kanpaina hau AHTaren obren hasiera baita. Abiadura Handiko Trena justifikaziorik gabeko proiektu antisozial, antiekologiko eta txikitzailea da, herritarroi inolako mesederik egiten ez digun obra megalomanoa eta gastu sozial ikaragarria dakarrena», azaldu dute.

«Onartezinezko praktika horien aurrean, beharrezkoa da erne egotea. Horren aurrean, Sakanako hainbat herritan zundaketen aurkako protokoloa zabaldu dugula gogorarazki nahi dizugu. Zundaketa baten berri izanez gero, lehenik eta behin, herriko Udalarekin kontaktatzea ezinbestekoa da, aholkularitza jaso ahal izateko», nabarmendu dute.