INFO

Gaixorik den Juan Karlos Subijana bigarren aldiz espetxeratu izana salatu dute Gasteizen

Gaixorik den Juan Karlos Subijana bigarren aldiz espetxeratu izana salatzeko elkarretaratzea Gasteizen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Euskal presoak etxeratzeko lege bideari behingoz oztoporik ez jartzea eskatu dute asteazken honetan Gasteizen, Juan Karlos Subijanaren kasua salatuz. Izan ere, bigarren aldiz hirugarren gradua bertan behera utzia espetxera itzularazi du Auzitegi Nazional espainarrak.

Sarek antolatu du elkarretaratzea Ama Zuriaren Enparantzan eta Etxeratek bat egin du mobilizazioarekin. Ostiralean gauza bera gertatuko da Ugaon, bertako auzokide den Joseba Borde ere berriz kartzelaratu dutelako, bigarren graduaren kontrako erabakia eman ostean.

Subijanaren auzian dauden ezaugarriak erantsi dituzte. Batetik, bigarren aldia da Madrilgo auzitegi bereziak Zaballako Tratamendu Batzordeak proposatutako eta Lakuako Justizia Sailak hartuko erabakia baliogabetzen duela. Bestetik, aspaldi jakina da preso honek jasaten duen gaixotasuna.

Sarek ohar bidez jakinarazi duenez, Auzitegi Nazional espainolaren Espetxe Zaintzako Epategi Zentralak Juan Karlos Subijana Izquierdo gasteiztarra Basauriko kartzelara itzularazi du, bigarrengoz, hirugarren gradua emateko ebazpenaren aurka Fiskaltzak aurkeztutako helegitea dela eta. Lakuaren ebazpenean jasotako mediku txostenetan adierazten denez, «larria» da arabarraren osasun egoera baina honen aurrean ere ez-ikusiarena egin du Autegi Nazionalak.

Sarek nabarmendu duenez, «patologia larri» horietan oinarrituta erabaki zuen Justizia Sailak hirugarren gradua ematea, «kontrol telematikoarekin eta etxean geratuta».