INFO

‘Eguraldiaren euskara. Aro-bidaia Euskal Herrian barrena’ liburua aurkeztu du Kepa Diegezek

‘Eguraldiaren euskara. Aro-bidaia Euskal Herrian barrena’ liburuan herriz herriko bidaia egiten du protagonistak, bertan eguraldiaren inguruko lexikoa, istorioa, atsotitzak eta beste hamaika kontu jasoko ditu. 96 herri jasotzen ditu lanak, 95 Euskal Herrikoak «gehi bat» azaldu du Kepa Diegezek.

Kepa Diegezek ‘Eguraldiaren euskara. Aro-bidaia Euskal Herrian barrena’ aurkeztu du. (Gorka Rubio | FOKU)

«Euskararen bizitasuna» ezagutarazteko eta zabaltzeko, oinarrian eguraldia hartzen duen saiakera nobelatua aurkeztu du ostegun honetan Kepa Diegezek Alberdania argitaletxearekin; ‘Eguraldiaren euskara. Aro-bidaia Euskal Herrian barrena’ du izenburua. Herriz herri joango da eguraldiaren bidaiari bat, eta bertako lexikoa jasoko du; eguraldiaren inguruko lexiko hori jasotzeaz gain ikuspegi zabalagoa emango dio: atsotitzak, onomatopeiak, bertako bizimodua, herri bakoitzaren euskararen bizitasuna…

Dibulgazioan jarri du arreta idazleak, eta hala adierazi du: «Ezagutaraztea da helburua, dibulgatzea, askotan gertatzen zaigu hizkuntzalarioi adituok adituontzat idazten dugula. Eta hori ere egin behar da, baina askotan alorrik inportanteena ahazten zaigu, dibulgazioa». 96 herri jasotzen ditu lanak, eta 43 orrialdeko lexikoaren aurkibidea du.

Gimenez editoreak Donostian egindako aurkezpenean kontatu du eguraldia aitzakia hartuta Euskal Herriaren inguruko liburu bat dela, «euskal hiztunen komunitatearen inguruko liburu bat». Eta aitortu du «gutxitan gertatzen den bezala, liburu oparoa» dela. Hiztun komunitate baten bizipenak «bertatik bertara» jaso dituela txalotu du editoreak: «Ahantzi egiten zaigu batzuetan hiztun komunitate bat dugula, eta bizipen propioak dituela komunitate horrek, bertara joanez jaso ditu, bertakoekin hitz eginez; ez galdezka, baizik eta bestearen aldean jarriz».

Lehenago ere, euskararen eta lexikoaren inguruko hainbat liburu argitaratutakoa da Diegez. Kasu honetan, eguraldiaren inguruko 1.000 hitz bildu ditu liburu batean, lexikoa oinarri hartuta: «Nire ustez hizkuntza baten lexikoa da kultura ondoen azaltzen duena, eta eguraldia izan daiteke alor bat».

Irakurtzeko hiru modu

Idazleak berak eman du hitz gutxitan liburuaren inguruko azalpena: «Haizea da protagonista nagusia, haizeak eramaten du herriz herri eguraldiaren bidaiaria; batzuetan behartuta, beste batzuetan mesedea eskatuta. Ez da bidaia lineal bat herriz herri doana, bidaia bihurria da». Herritarrekin hitz egiten du bidaiariak, baita adituekin ere, eta herri bakoitzeko lexikoa jasotzen du.

Ikuspegi narratibo batetik, «korapiloa» azken orrian askatzen dela aurreratu du idazleak, eta liburuak azken orritik irakurtzen hasteko ohitura dutenei azken orrialdea ez irakurtzeko eskatu die. «Saiakera nobelatua» izan arren irakurtzeko hiru modu daudela azaldu du Diegezek: batetik, narrazio baten gisa, hasieratik hasteko aukera dago, eta bere ustez hori da modu politena. Bigarrenik, hitz aurkibidera jo, eta hitz jakin baten atzetik bere testuingurua ezagutzea; eta hirugarrenik, herria aukeratu eta herriz herri joatea.

Hiztun komunitatea

Idazleak azaldu du hitzak hiztun komunitate batenak direla, «gizabanako batek sortzen ditu, baina komunitate horrek onetsi behar ditu arrakasta izango badute; sentimendu kolektibo bat behar da». Eta kultur antropologia ere badutela hitzek gaineratu du, mundu ikuskera baten berri ematen dutela.

Adibide bat azaltze aldera, kontatu du: «Kortezubin, euri xehe xehea esateko ‘kuku izerdia’ erabiltzen dute, kukuak alfer fama duelako. Horrek erakusten du kulturak eta antropologiak nolako karga duen, horrelakoak aurkitzea izugarri gustatzen zait».

Idazlearen ustez, nahiz eta zenbait hitz galdu direla esaten den, ez da egia, «hitz horiek lozorroan daude, norbaitek iratzarri ditzan, gure sentimenduetan bizi dira, baina ez dira desagertu, horregatik garrantzitsua da lexikoa».

Azpigai asko jasotzen ditu liburuak: konstelazioen gaia, belaunaldiz belaunaldi galtzen diren hitzak, atsotitzak, herrietako istorioak… «Bidaiaria edertasunaren bila doa, herri arkitektoa da, hiztunek hitzak zizelkatzen dituzte».