Itzulera gertuago ikusten duen heinean, pilota gosea pizten ari zaio Unai Lasori
Baikok Binakakoan zehar Zornotzan jokatuko dituen lau jaialdien aurkezpena egin du Amorebieta-Etxanon. Aurkezpen ekitaldian izan da Unai Laso eta aldakan hobekuntza sentitzen ari dela onartu du.
Itzulera gertuago ikusten duen heinean, pilota gosea pizten ari zaio Unai Lasori. Prozesu luze baten azken txanpan, Bizkarreta-Gerendaingoak zuhurra izaten jarraitu nahi du, presaka ibiltzeak egindako lan guztia atzera botatzea eragin dezakeenaren jakitun, baina ezin du ezkutatu kantxara itzultzeko irrikatan denik. Ekainaren 12an egin zioten aldakako ebakuntza eta «hasiera batean ez nuen inolako endibiarik pasatzen kideak pilotalekuan ikusita, baina orain, fisikoki hobeto sentitzen ari naizen heinean, lehiatzeko gero eta gogo handiagoak ditut. Dena dela, poliki-poliki joan beharra daukat», azaldu du aurrelari nafarrak gaur Zornotzan.
Iaz bezala, Binakako lau jaialdi jokatuko dira hurrengo hilabeteetan bertako pilotalekuan –abenduaren 1ean, urtarrilaren 5ean eta otsailaren 23an, azken hau play-offeko lehia– eta ekimen honen aurkezpenaren harira izan da Laso Zornotzan. Bide batez, bidaia Amorebieta IV.eko kantxan entrenamendu bat osatzeko baliatu du. Aurrelari nafarrak bi aste daramatza entrenamenduak osatzen eta dena espero bezala doa. «Aldakan hobekuntza sentitzen ari naiz eta pixkanaka erritmoa hartzen ari naiz. Momentuz banaka ari naiz entrenatzen, ea dena ondo doan eta laster binaka ere hasterik dudan», azaldu du.
Binakakoan bai, baina ez lehen jardunaldian
«Badakit kosta egingo zaidala lesioaren aurretik nuen maila berreskuratzen, baina orain horixe da helburua. Baina horretarako epeak bete behar ditut eta ez naiz presaka ariko», gaineratu du. Binakakoa ate joka dagoen honetan, Bizkarreta-Gerendaingoak ia ezinezkotzat jotzen du lehen jardunaldirako jokatzeko moduan egotea, baina lehiaketan egotea espero du.