INFO

Emazte laborariek plaza hartuko dute Biarritzen hiru egunez izanen den Lurrama azoka kari

‘Gizonek lekua badute, emazteek hartu behar dute’. Horra hor Biarritzeko Irati erakustazokan ezarritako banderola batean emazte laborariek pasatu duten mezua. Aurten, emazteek herriko laborantzari emakumeek ekarrikato ekarpena dute ardatz Lurrama azokan.

Franche-Comte da eskualde gonbidatua emazteak argitan emanen duen Lurrama azokan. (Guillaume FAUVEAU)

Abian da Lurrama azoka. Ostiral honetan zabaldu ditu ateak laborantza herrikoiari eskainitako merkatuak Biarritzeko Irati gelan.

Gaurdanik eta igande bitartean, gazta lehiaketa, kabalen erakusketa, atelierrak, hitzaldiak, merkatua, bazkariak, kontzertuak ez dira falta Lurrama kari.

Eguraldi euritsuak lagun, goizeko 10.00etatik landa bisitari anitz bertaratu dira Irati erakustazokara.

Horien artean, haur eta irakasle anitz atzeman ditu NAIZek. Lehen egunean eskoletako haurren harridura begiradak eta irriak jabetzen direlako Lurrama azokaz.

Hor ziren, hala nola, Biarritzeko Victor Duruy ama eskolako haur eta hezitzaileak. Bestalde, aulki hirukoitz eta laukoitz baliaturik, haurrak ekarri dituzte laborantzaren azokara Urketan lan egiten duten haur zaintzaile gazteek.

Afixen bitartez, lehenik, eta ondoren, oholtzan eginiko harrera ekitaldian emazteek etxaldeetan duten garrantzia nabarmendu dute Lurramako kideek.

Emazteek kudeatzen dituzte etxaldeak

2022an Ipar Euskal Herrian plantan eman zituzten laborantza instalazio berrien artean %38ak emazteek kudeatzen dituzte.

Azken urtetan aitzinamenduak nabarmenak izan dira. Edonola ere, gizon eta emazteen artean oraindik ere arrakala handia dago. Lan ibilbidean zehar izanen diren diskriminazio horiek lazgarriak bilakatzen dira behin erretreta hartzeko adinera helduta.

«Emazteen erakusgarritasuna ezinbestekoa da mentalitate aldaketak bultzatzeko eta lan estatusean aldaketak emateko», nabarmendu dute irekiera ekitaldian Lurramako ordezkariek.

Aurten, Franche-Comte da eskualde gonbidatua Lurraman. 50 bat ekoizle heldu dira Biarritzera, Gruyere gazta ezaguna ikur harturik. Izan ere, Clairek azaldu digunez, «bertze mozkin anitz ekartzen ditugu, berdin ardoa, barazki zukuak edo fruituak».

Morgan Ody, Via Campesinako Europako koordinatzaile da emaztea argitan eramateko nahikeria osoa duen azoka honen amabitxia.

Baita, Dominique Voynet, Ekologiaren ministro ohia ere, bera ere Franche-Comte eskualdean sortua baita.

Hain zuzen eskualde gonbidatuak ezarritako erakusmahaiaren parez pare Lurzaindia elkartea plantatu da aurten.

Bost emazte, tartean Maryse Cachenaut laborari itsasuarra eta elkartearen bozeramaeetako bat, atzeman ditugu mahaiaren bestaldean.

35 bat laborariei lurrak alokatzen dizkion elkarteko administrariak Isabelle Capdeviellek NAIZi azaldutakoaren arabera, Lurzaindiak bere lan eremuak garatzeko bidean dela.

Garrantzia berezia eman dio Capdeviellek behin fundazioa sortu dutela ditu ekarpenak jasotzeko Lurzaindiak zabaldu duen bideari.

«Laborariak plantatzeko laguntza ematen dugu, lurrak erosi eta alokatzen ditugu, eta era berean, beste kolektiboekin batera, espekulazioaren aurka eta elikadura burujabetzaren alde borroka egiten dugu», laburbildu du aste honetan bertan atxilotuak izan diren Ostia sareko lau herritarren aldeko elkartasun hitzak izan dituen Capdevillek.

«Zilegia da gure borroka eta Lurraman izateko arrazoietako bat da hain zuzen laborantza lurren defentsan urte oson zehar garatzen ditugun dinamiken berri ematea», gaineratu du.

LAB sindikatua, goizean, eta Xuti gaztea arratsaldean. Lan banaketa egin dute Lurzaindiaren mahaiaren gertu plantatu ziren beste eragileek. Gazteendako lan gida ekarri dute azokara.

Lan egin gorputzaren zaintza hartuz

Hain zuzen, dozena erdi bat gazte, laborantza ikasketak egiten dituztela Hazparnen atzeman ditugu emazte laborarien borrokaren ibilbidea biltzen duen afixa sortaren aurrean.

Pantxika Halsouet laborari eta irakasle urruñarrarekin etorri dira Biarritzera.

Zehazki, laborarien lana eta osasuna uztartzen duen atelierra batean ari dira. «Hala nola baratzezainek gorputz keinu azkarrak egiten dituzte eta horrek ondorioak baditu, baina ahal dira ariketak ikasi, osasun kalteak saihestu eta ongi izatea bermatzea», azaldu digu.

Etorkizuneko laborariak soilik ez agian Lurramatik igaro ostean okiña gisa aritzeko gogoa sentituko du baten batek.

%100 Euskal Herrian ekoiztutako irinarekin eginiko ogia egiten duen Herrikoa izendapenak ezarritako atelierrean Baionan ikasten duten eta aldi berean okindegietan lanean diren gazteek animatutako atelierreak publiko anitz erakarri du.

Ofizioen Ganbaran lan egiten duen Owen kontent azaldu da «bertan ekoizturiko irinarekin lan egitea bestelako filosofiarekin jardutea da, eta espero eta behar dugu ofizio hau aurrera ateratzeko eta berritzeko prest izanen den belaunaldi gaztea gureganatzea».

Beste ofizio batek ikusmin berezia erakarri du. Hamarnaka eta hamarnaka haurrek so egin dizkiotela artzainaren agindupean aritu den 'Beltza'ren abileziei.

Artzain eta txakurraren erakustaldiari txaloka erantzun diote haurrek. Euskal artzain txakurraren gainean informazioa gehiago bildu nahi zutenek, horren parada ukan dute erakusketa egin duten tokitik emandako erakusmahaira bertaratuz.

Kosmetika produktuak, larruzko xapinak, ahatekiak, senda-belarrak, barazkiak, eztia... Mila  bat bolondresen laguntzaz garatutako Lurrama azokan usain eta kolore askotarikoak dira. Giroa ez da falta, musika animazioa eta ostatu zerbitzuari esker.

Bertatik bertara lurraren zaintza hartuz Ipar Euskal Herrian, berdin landa zein hiri eremuetan, burujabetzak eraikitzeko lanean egiten duten lagunen mozkinak erosteko parada izanen Lurraman, baita emazteek zer ikusia duten laborantza herrikoiarekin lotura sendotzeko ere.