INFO

Jangela zerbitzua ematen duen enpresaren kontratua eten nahi dute Langile ikastolako gurasoek

Ostiralean har bat agertu zen ume baten platerean, baina gertaera hori ez zen anekdotikoa izan, Hernaniko Langile ikastolako ikasleen gurasoen arabera. Serunion enpresaren ereduaren isla izan zela diote, eta Hezkuntza sailari eskatu diote eten dezala enpresarekin duen kontratua.

Langile ikastolako ikasleek eta haien gurasoek elkarretaratzea egin dute Hernanin. (LANGILE IKASTOLA)

Hernaniko Langile ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleen gurasoek salatu dute jangela zerbitzua ematen duen Serunion enpresaren jarduteko modua salatu dute igandean herrian egindako elkarretaratze baten bidez, eta Lakuako Hezkuntza sailari enpresarekin duen kontratua eten dezala eskatu diote. Diotenez, ostiralean har bat agertu zen haur baten platerean, baina hori «eredu oso baten isla» besterik ez dela ohartarazi dute.

Hilaren 2az geroztik arduratzen da Serunion ikastola honetako jangela zerbitzuaz, eta pasa den ostiralean Lakuaren mezu bat jaso zuten jangelan, lehen platera, babarrunak, ez zerbitzatzeko abisuarekin. Berandu iritsi zen mezua: «Ez zuen denborarik eman begiraleek janari kaltetua jan ez zezaten», azaldu dute ikasleen gurasoek prentsari igorritako ohar batean. Umeetako baten platerean har bat agertzeak sutu ditu gurasoak. «Gure haurrek arrainarekin zetorren entsalada, postrea eta ogia baino ez zituzten jan, badaezpada ere», kontatu dute.

«Onartezina deritzogu, gure seme-alaben, eta haiek zaintzen dituztenen elikadura ez da jolas bat», agertu dute oharrean.

Azaldu dutenez, Serunion enpresak eskaintzen dituen elikagaiak «makroenpresen» esku daude eta ez ditu bertako produktuak ematen. Gurasoek eredu honen alde ez badaude ere, «inposatu» egin dietela esan dute. «Irabazi ekonomikoak lehenesten dituztenen esku utzi da gure haurren elikadura. Zein prezio jarri diote gure haurren osasunari? Zenbat diru aurreztu nahi da, Basque Culynari Centerren gastatu ahal izateko?», galdetu dute.

Gogora ekarri dute haur askorentzat jangela zerbitzua «aukera bakarra» dela, eta «kalitatezkoa eta osasungarria» izan behar duela. Ez da horrela, gurasoen esanetan, Serunionekin.

Hori dela eta, Lakuako Hezkuntza sailarengana zuzendu dute haien mezua, eskatzeko Serunionekin duen kontratua «berandu gabe» eten dezala eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea ahalbidetu dezala. «Langile ikastolak, EAEko gobernuak baino lehenagotik funtzionatzen duenak, gure haurren elikagaiei buruzko eredu propio bat landu nahi du, eusko jaurlaritzaren zailtasun eta trabarik gabe. Utzi iezaguzue erabakitzen, utzi iezaguzue egiten», aldarrikatu dute.

Hala, gurasoek erabaki bat hartu dute: bihar, astelehenarekin, beraiek arduratuko dira jangela zerbitzuaz, haur guztiek «janari duin eta osasungarria» izan dezaten. «Ez dugu Serunioneko janaririk jango. Seriunioni ozen esan nahi diogu, ez itzazue zuen urrutiko kamioiak bihar ekarri», adierazi dute.