Baskonia eta Bilbao Basket, Europan barrena baina helburu zeharo ezberdinekin
Gasteiztarrek Barçaren aurka hasiko dute asteazken honetan, Euroligan, hiru partidako astea, behin betiko bolada ona eskuratu nahian. Bilbotarrek FIBA Europe Cupeko final-zortzirenetarako txartela eskuratu nahi dute CSU Sibiu errumaniarren etxean.
Europako txapelketa dago jokoan asteazken honetan ACB Ligako bi euskal taldeentzat. Baskoniak Euroliga du jomuga, Barçaren aurka (20.30), eta Bilbao Basket FIBA Europe Cupen arituko da CSU Sibiu talde errumaniarraren etxean (18.00, ETB4).
Gasteiztarrei dagokienez, Buesa Arenan hiru partidako astea hasiko dute Euroligako bigarren sailkatuaren aurka. Ligan Obradoiroren aurka galtzetik dator Dusko Ivanovicen taldea. Euroligako 12. postuan sailkatuta dagoen Baskoniak bolada ona hartu behar du lehen baino lehen.
Montenegroko entrenatzaileak oso zifra onak dituzten jokalariak ditu taldean: txapelketako errebotatzaile onena den Tadas Sedekerskis (9 errebote y 10 puntu) eta hirugarren balorazio onena duen Chima Moneke (22,7 kreditu, 17,7 puntu eta 6,2 errebote). Gainera, batez beste 13,1 puntu sartzen dituen Markus Howard ere badago.
Barça, ordea, puntu gutxien jasotzen duen taldea da (71,1 puntu) eta lan horretan nabarmentzekoak dira Tomas Satoransky edota Nikola Kalinic. Erasoan, gasteiztarrek kontu handia izan beharko dute Jabari Parker (20 puntu), Willy Hernangomez (18) eta Jan Veselyrekin (14).
Dusko Ivanovicek ez du arazorik izan Barça «erraz eta dibertigarri» jokatzen duen taldea dela azpimarratzeko. Roger Grimauk entrenatzen duen Barçak «kalitate handia duten jokalariekin oso ondo egindako taldea du», gaineratu du Baskoniako prestatzaileak.
«Partida zaila izango da, baina gure buruari begiratu behar diogu defentsan eta erasoan hobetzeko, eta ondoren aurkariari begiratuko diogu», azpimarratu du.
Hiru partidetako lehena izango da Barçaren aurkakoa –ostiralean ASVEL Villeurbanneren pistan jokatuko du eta igandean Valentzia jasoko du–, eta Obradoiroren aurka galtzetik dator Baskonia. Hala ere, Ivanovicek gauza positiboak ikusi zituen neurketa horretan: «Bigarren zatian izan genuen defentsak konfiantza ematen dit. Gure bidea defentsan hobetzea da».
Bestalde, ez du baieztatu Nico Mannion eta Khalifa Diop jokatzeko prest egongo diren, baina «zaila ikusten dut maila ona ematea hainbeste denbora entrenatu gabe egon ostean», adierazi du. «Ez nago hemen taldea gustuko izateko edo ez, baizik eta taldea hobetzeko», ebatzi du Ivanovicek.
«Arazo bakarra eta handiena denbora da. Adibidez, aste honetan ez dugu denborarik lan egiteko eta entrenatzeko, baina gauzka horrela dira eta talde guztientzat berdina da, ez da aitzakia bat», argudiatu du.
Bilbao Basket, final-zortzirenak helburu
Sentsazio hobeagoak ditu, hasiera batean, Surne Bilbao Basketek. Egia da Real Madrilen aurka galtzetik datorrela, baina lehia ona jokatuta dator eta gainera Ligan lortzen ez duena, FIBA Europe Cupen lortzen du. Pentsa, pauso batera ditu final-zortzirenak.
Asteazken honetan dagoeneko kanporatuta dagoen CSU Sibiu talde errumaniarraren etxean lehiatuko da (18.00, ETB4). Aurreko hiru partidak irabazi dituzte bilbotarrek eta B multzoko liderrak dira. Anwill Wloclawek taldearen aurkako bi neurketak irabazi dituzte (79-83 eta 76-71) eta alde handiagoa atera zieten Sibiu (89-64) eta Caledonia Gladiators eskoziarrei (106-58).
Azken hauek dira Bilbao basketi lehen postua ken diezaieketen bakarrak, baina oso zaila dirudi. Eskoziarrek bi partidak irabazi beharko lituzkete eta bizkaitarrek beste biak galdu. Gainera, azken jardunaldira berdinduta iritsiko balira, Caledonia Gladiatorsek 58 puntuko desabantailari aurre egin beharko lioke.
Multzoko bigarren izanda ere, Bilbao Basketek beste aukera bat izango luke final-zortzirenetan egoteko, sei multzotako bigarren sailkatu onenak ere pasako baitira eta bilbotarren zifrak oso onak dira.
Jaume Ponsarnau entrenatzaileak partida «garrantzitsua» bezala ikusten du Errumaniakoa. «Helburua da ahal dugun guztia egitea multzoko lehenak izateko. Partida guztiak eta minutu guztiak dira garrantzitsuak, averagea ere jokoan baitago», azpimarratu du prestatzaileak.
Bihar neurketa ezberdina espero du. Bilbon jokatutako partidan Bilbao Basketek erraz irabazi zuen (89-64), baina orain, beraiek kanporatuta egonda, «liberazio puntu bat dute» eta presiorik gabe jokatuko dute.
Ez dira Errumaniara abiatu lesionatuta jarraitzen duten Alex Renfroe eta Sacha Killeya-Jones. Hauen ordez, Ponsarnauk aukera emango die sendatu den Unai Barandallari eta Asier Fernandezi.