Larunbatean Beskoitzen iraganen den mobilizaziora joateko deia, danbor hotsez
Hazparne, Bardoze, Lekorne, Arberoa eta Hiriburuko ikastoletako haurrek danbor hotsez zabaldu dute larunbatean Beskoitzen mobilizatzeko deia. Herriko Etxeak ikastola handitzeko proiektuari ezarritako oztopoak altxatzea galdegiteko manifestazioa eginen dute azaroaren 18an Lapurdiko herrian.
Goizeko 11.00etan hitzordua emana dute Ipar Euskal Herriko ikastolek heldu den larunbatean Beskoitzen eta tenore berdinean elkartu dira, azaroaren 14 honetan, Lapurdiko herri horren pilota plazan Hazparne, Bardoze, Lekorne, Arberoa eta Hiriburuko ikastoletako haurrak.
Herriko Etxeak ikastola handitzeko proiektuari ezarritako oztopoak altxatzea galdegiteko manifestazioa eginen dute azaroaren 18an Beskoitzen.
Euskal Herriko Ikastolen Federazioaren sostenguarekin Seaskak antolaturiko mobilizazioari begira giroa beretzeko, gaur, 11.30ean, «danborrada ttipia» antolatu dute Beskoitzen.
Eskualdeko sei ikastoletako lehen mailan ikasten duten haurrak Beskoitzeko pilota plazan bildu eta «euskara eta ikastolaren aldeko ekitaldi musikatua» eskaini dute herriko karriken gaindi.
«Kasu, ikastola kexu» oihuak berriz ere ozen entzunarazi dituzte, hain zuzen ikastolari traba jartzen dion Herriko Etxearen aitzinean.
Beskoitzeko ikastolarekin elkartasunez antolaturiko danborradaren ondotik piknika egin dute ikasleek, bakoitza bere ikastetxera itzuli aitzin.
Hamar urteko ibilbidea
2014. urtean dozena erdi bat haurrekin abiatu zen ikastola Beskoitzen.
Hamar urte hauetan baldintza prekarioak izanik ere –prefabrikatuak baliatzen dituzte eta jolastoki eskasa dute– ikastolaren ikaslegoa etengabe handituz joan da.
50 ikasleen heina gainditu ostean, egoera zinez jasangaitz bilakatu da.
Horrendako, «garaia dela Beskoitzeko ikasleek ere baldintza egokietan ikas dezaten» aldarrikatuko dute, heldu den larunbateko mobilizazioan.
Eskualde berean, urte batzuk lehenago Hazparne, Arberoa, Lekorne edota Hiriburuko ikastoletako haurrek prefabrikatuetan jaso zituzten eskolak.
Izan ere, herri horiek guztietan «egiazko ikastola» lortu dute geroztik.
Finean, bilakaera bera galdetzen dute Beskoitzeko ikastolako haur, guraso eta irakasleek.
Alta, beste herrietan Herriko Etxearen laguntza eskuratu duten bitartean, ikastola garatzeko orduan oztopoz beteriko bidea atzeman dute beskoiztarrek.
Ikastolako gurasoek salatu dutenez «Beskoitzen, ikastolaren garapen naturala lagundu ordez, alderantziz, ikastola garatzearen kontra ari zaizkigu».
Epe guztiak agortuta
Egoera horri irtenbidea emateko orain arte eginiko desmartxa guztiek kale egin dute. Kurtso hasieran Seaskak bere prestatutasuna agertu zuen Herriko Etxeak aldarrikatzen dituen «arazo teknikoak» gainditzeko egitasmo berria aurkezteko.
Era berean, erantzun bat jasotzeko urriaren 20an agortu zen epea eman zuten ikastoletako arduradunek.
Hiru egun lehenago, Julien Charles prefeta herriko etxalde batean bisitan zela baliatuz ikastolako gurasoek enplazamendu berria egin zuten.
Estatuaren delegatuak bere esku zegoena egiteko prest zela aitortu arren, geroztik auzia ez da bideratu.
Herriko Etxearen isiltasunaren aurrean, urriaren 25ean Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen elkarteak azaroaren 18an Beskoitzen elkartzeko deia zabaldu zuten.
Protesta horren beharra are gehiago nabarmentzearren, «Euskal Herri osoan entzun daitezela» danborrak jo dituzte gaur goizean hamarnaka haurrek Beskoitzen.