INFO

BCCren GOe eraikin berria eraikitzeko lanak hurrengo astean abiatu nahi dituzte Grosen

Basque Culinary Centerren GOe proiektu berriak zalaparta sortu du Donostian, baina egitasmoa berraztertzeko deialdiek ez dute erantzunik izan. Eraikuntza lanen hasiera datorren astean aurreikusten dute. Madrilen aurkeztu dute asteazken honetan.

Basque Culinary Centerren proiektu berriaren kontra maiatzean egin zuten manifestazioa. (Jon URBE | FOKU)

Gastronomy Open Ecosystem (GOe) Donostiako Gros auzoan eraikiko zutela iragarri zenetik, kontrako jarrerak agertu izan dira Gipuzkoako hiriburuan. Hainbat mobilizazio, bilera eta protesta egin dira, baina hala ere, asteazken honetan BCCko zuzendaria den Joxe Mari Aizeaga Madrilen izan da, eta bertan aurkeztu du proiektua. Eraikuntza lanak azaroaren amaieran hastea zegoen aurreikusita, eta Efek jakinarazi duenez, ekitalditik ateratako informazioa oinarri hartuta, datorren astean hasiko dira.

Proiektua aurkeztu zutenetik sorturiko gatazkak ez dira konpondu ordea, auzotarren protestek aurrera jarraitzen dute eta BCCren zein Donostiako Udalaren asmoek ere bai, hala adierazi dute behintzat, alde bakoitzekoek azken egunetan.

Pasa den ostiralean egin zen auzotarren mobilizazioa Ulia Auzoko Elkarteak deituta. Martxa zaratatsua antolatu zuten aldarri nagusi batekin: «Parkeak bai, Culinary ez». Hilabeteak daramatzate protesta horrekin, Zemoria-Manteon sortuko duten eraikinak ingurune berdeak desagerraraziko dituela mahaigaineratuz. Auzotarren zein EH Bildu Donostiako ordezkarien ustetan, ezarritako prozedura ez da egokia izan, eta hasieratik «eztabaida ireki» bat galdegin dute.

BCCk, bere aldetik, pasa den astelehenerako deitu zuen bilera irekia Okendo Kultur Etxean, auzotarrek kanpoan protesta egin zuten lehendabizi, eta ostean, beraien iritzia helarazi zieten arduradunei bileran bertan, eztabaida eta tentsio uneak sortuz.

Asteazken honetan Aizeagak Madrilen egin duen aurkezpenean ez da proiektuaren nondik norakoen aldaketarik antzeman. Aurkezpenean zuzendariak esan du orain artean parkeari ematen zaion erabilerari eutsiko diola: «Aktibo bat izango da hiriarentzat, hiritar guztientzat jarduera irekiekin, eta oraindik zalantzak dituztenak lasai geratuko dira».