INFO

Garai eta Galeano final-laurdenetan sartu dira; Arrizabalaga eta Aldai izango dituzte parean

Leire Garaik eta Leire Galeanok Master Cupeko Lau eta Erdiko final-laurdenetarako txartela lortu dute; gasteiztarrak aise irabazi dio Bergarari (22-7), eta antzuolarrak gogotik sufritu du Capellan mendean hartzeko (22-19). Igandean ariko da Garai Arrizabalagaren aurka, eta Galeano Aldairen kontra.

Gorriz Leire Garai eta urdinez Arrate Bergara (Emakume Master Cup)

Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldai pilotariek badute aurkaria final-laurdenetarako: gernikarrak Leire Garaien aurka jokatuko du, eta dimoztarrak Leire Galeanoren kontra. Bi partidak igande honetan izango dira Orozkon, 12.00etatik aurrera. Antzuolarrak gasteiztarrak baino dezente gehiago sufritu behar izan zuen final-zortzirenetan.

Galeanok gutxigatik irabazi zion Andrea Capellani (22-19). Bi atzelarien arteko lehia oso gogorra izan zen, partidak 50 minutu iraun zuen, eta gipuzkoarrak gogotik sufritu zuen errioxarra kanporatzeko. Galeanok oso partida sendoa jokatu zuen, eta horri esker lortu du final-laurdenetarako txartela. Capellan, berriz, indartsu hasi bazen ere, amaierarako indarrak xahutu zitzaizkion, eta luze egin zitzaion lehia.

Garaik, aldiz, ez zuen askorik sufritu, eta aise irabazi zion Arrate Bergarari (22-7). Gasteiztarra sasoiko dago, eta nagusi izan zen partida osoan zehar.

Gorriz Andrea Capellan, eta urdinez Leire Galeano. (Emakume Master Cup)

Garaik eta Galeanok final-laurdena izango duten egun berean jokatuko dituzte final-zortzirenak Goiuri Zabaletak, Madalen Etxegaraik, Nora Mendizabalek eta Eva Ibarrolak. Orozkon ordez, Sondikan ariko dira, 18.00etatik aurrera. Zabaletak Etxegarairen aurka neurtuko ditu indarrak, eta Mendizabalek Ibarrolaren aurka jokatuko du.

Enara Gaminde eta Miriam Arrillaga zain egongo dira, neurketa horietako irabazleen aurka ariko baitira final-laurdenetan. Gamindek Zabaleta edo Etxegarai izango du aurkari, eta Arrillagak Mendizabal edo Ibarrola. Horiek bi aste barru, hilaren 25ean, jokatuko dituzte final-laurdenak Legution, 18.00etatik aurrera.

Garai eta Zabaleta, ezustekoa emateko bi hautagai sendo

Master Cupeko Lau eta Erdiko txapela janzteko hautagai nagusiak, zalantzarik gabe, Arrizabala eta Aldai dira. Dimoztarra kaiolako hirugarren txapelketa segidan irabazten ahaleginduko da; gernikarrak, aldiz, behingoz Mater Cup zirkuituan falta zaion txapela lortu nahi du.

Gainerako aurkariak baino koska bat gorago daudela erakutsi dute, baina badaude ere beste hautagai batzuk ezustekoa eman dezaketenak. Horietako bi dira Garai eta Zabaleta. Txapelketa hasi baino lehen NAIZen argitaratu genuen horren inguruan.

Oraingoz, kanporaketetan aurrera egitea lortu dute biek, eta igande honetan, Garaik izango du lantegi zailena: Arrizabalagaren aurka jokatuko baitu. Leitzarrak bide errazagoa du, baina horrek ez du esan nahi aise jardungo denik. Igande honetan Etxegarai izango du aurkari, eta irabaztea lortzen badu, final-laurdenetan Gaminderen aurka neurtu beharko ditu indarrak.