INFO

‘Oinak bidean’ Lesakako bertsolaritzaren ibilbidea estreinatuko dute, finalaurrekoarekin batera

Lesakan jokatuko den Nafarroako Bertsolari Txapelketaren azken finalaurrekoarekin bat eginez, herriko bertsolaritzan oinarritutako zazpi kilometro eta erdiko ibilbide interaktiboa inauguratuko dute igande honetan. Irain Eskolak eta Bortzirietako Bertso Eskolak prestatu dute, Lesakako Udalarekin.

Ladis Satrustegi Lesakako alkatea, Eneko Fernandez ‘Oinak Bidean’ proiektuaren egilea, Edurne Aranburu Irain eskolako ordezkaria eta Manolo Arozena bertsolaria, aurkezpenean. (LESAKAKO UDALA)

Lesakak harreman estua izan du bertsolaritzarekin. Historian bertsolari ugari atera dira bertatik eta gaur egun ere bada segidarik. Etorkizuna bermatua ikusten dute herrian. Afizio hori sustatzeko eta partekatzeko, igande honetan bertsolaritzarekin lotutako bi ekitaldi eginen dituzte: ‘Oinak Bidean’ ibilbide interaktiboaren inaugurazioa goizean eta Nafarroako Bertsolari Txapelketaren azken finalaurrekoa arratsaldean.

‘Oinak Bidean’ Irain Eskolak, Bortzirietako Bertso Eskolak eta Lesakako Udalak elkarlanean sortu duten zazpi kilometro eta erdiko ibilbide interaktiboa da. Eneko Fernandez bertsolariak eta proiektuaren egileak aurkezpenean azaldu zuenez, Harriondoa Kultur Etxean hasi eta amaitzen den ibilbide zirkular honek Lesakako bertsolaritzarekin harremana duten bederatzi leku lotzen ditu. Bertsolaritzak presentzia berezia izan duen guneak dira: saioak egin izan diren lekuak, bertsolarien etxeak, tabernak, bertsotan aipatutako tokiak...

Webgunea

Lan handia egin dute Lesakako bertsolaritzaren historia bildu eta plazaratzen. Lesakako bertsolari eta bertsolaritza eragileen biografiak eta bakoitzaren bertso sorta bana jarri dute sarean, audioan eta idatziz.

Proiektuaren webgunean jaso dute dena: ibilbideko interes puntuak, bertsoak, bertsolariak...

Elkarrekin bidea egiteko aukera

Estreinatzeko, iganderako ibilbide gidatu bat antolatu dute, Harriondoatik goizeko 11.00etan aterako dena. Inaugurazio horretan, denek batera ibilbidea eginen dute eta geldialdietan bertsolaritzarekin zerikusia duten pertsonek azalpenak emanen dituzte.

Ibilbidea erakusten duen panel bat jarriko dute kultur etxearen kanpoaldean eta ibilbidea seinaleztatuko dute.

Eguna biribiltzeko, arratsaldeko 17.30ean, frontoian, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren azken finalaurrekoa izanen da. Orduan jakinen da zein zortzi bertsolarik kantatuko duten abenduaren 2ko finalean, Iruñeko Anaitasunan.