INFO

21 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote Murchanten bikotekidea hil zuen gizonari

Nafarroako Auzitegi Nagusiak 21 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio 2021eko uztailaren 7an Murchanten bere bikotekidea hil zuen gizonari.

Murchanteko hilketa salatzeko Iruñean egindako elkarretaratze baten argazkia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Nafarroako Auzitegi Goreak 21 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Murchanteko bizilagun bati bere bikotekidea hiltzeagatik, 2021eko uztailaren 7an.

Ohar batean Auzitegiak azaldu duenez, Fiskalak, akusazio partikularrak, herri akusazioak, kasu honetan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, eta defentsak adostutako akordioaren ondoren kaleratu da epaia.

Akusatuak 20 urteko espetxe zigorra onartu du hilketa delitu batengatik, 6 hilabetekoa ohiko tratu txarren delitu batengatik, 6 gehiagokoa kautelazko neurria urratzeagatik eta beste 6 urtekoa ausarkeriaz gidatzeagatik.

Gainera, zaintzapeko askatasuna ezarri zaio, 6 urtekoa, espetxe zigorraren ondoren bete beharrekoa; eta biktimaren bi seme-alaba adingabeei hurbiltzeko eta komunikatzeko 30 urteko debekua. 150.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die bakoitzari. Halaber, 25.000 euro ordainduko dizkio hildakoaren amari kalte moralagatik.

Epaiak frogatutzat jotzen du auzipetuak biktimarekin harreman sentimentala hasi zuela 2020ko urriaren inguruan. Eta harreman horretan zehar, akusatuak hainbat aldiz jo, iraindu eta mehatxatu zuen bikotekidea.

Biktimak hainbat aldiz jarri zituen salaketak tratu txarrengatik. Horietako bati jarraiki, Iruñeko epaitegi batek 2021eko ekainaren 26an debekatu egin zion auzipetuari 100 metro baino gutxiagoko distantziara komunikatzea eta emakumearengana hurbiltzea.

Hala ere, gizona biktimaren etxera hurbildu zen uztailaren 6tik 7rako gauean, eta bertara sartzen saiatu zen.

Uztailaren 7ko goizean, 10.00ak aldera, gizona berriro joan zen etxera. Emakumea ibilgailu batean joan zen, bi seme-alaba adingabeekin batera, baina autoan jarraitu zion erasotzaileak.

Epaiak jasotzen duenez, bikotekidearen «bizitzarekin amaitzeko borondateak gidatuta», eta bikotekidearen eta adingabeen bizitza arriskuan jartzen ari zen arren, abiadura handian jarraitu zuen NA-6840 (Tutera-Murchante) errepidetik N-121C (Tutera-Tarazona) errepiderantz zihoala.

Emakumearen autoa bidetik ateratzea lortu zuen, eta bidea itxi zion, bolanteari bat-batean bira eman eta beste autoarekin talka eginez.

Bikotekidearen ibilgailua gelditzea lortu ondoren, bere autotik labana batekin jaitsi eta harengana joan zen, gidariaren eserlekuan eserita jarraitzen baitzuen, «hiltzeko asmo argiarekin». Eta hala egin zuen, eskuin barneko jugularra moztuz.

Epaiak frogatutzat jotzen du aurretik, jugularra moztu baino lehen, hainbat ebaki eta zauri egin zizkiola; guztira 17 labankada jaso zituen emakumeak.