INFO

Gaza ogirik gabe utzi du Israelek, azken irin-errota suntsituta

Israelen bonbek Gazan martxan zegoen azken irin-errota suntsitu dute, ogia ekoiztea ezinezko bihurtuz. Bestetik, telekomunikazio konpainiek iragarri dute telefonia eta internet zerbitzuak eten egingo dituztela pixkanaka, sorgailuek erregairik ez dutelako.

Palestinar haur bat, janari zakuak bizkarrean, Rafahn, Gazako hegoaldean. (Said KHATIB | AFP)

Gazan irina ekoizteko oraindik martxan zegoen azken errota, Deir Balahn (Zerrendaren erdigunea), azken 24 orduetan suntsitu zuten erasoen ondorioz, eta horrek lurraldean ogia ekoiztea eragozten du, Nazio Batuen Erakundeak gatazkari buruzko eguneroko txostenean jakitera eman duenez.

Azken orduetan, halaber, telekomunikazio konpainiek iragarri dute telefonia eta internet zerbitzuak eten egingo dituztela pixkanaka, sorgailuek erregairik ez dutelako, eta horrek zaildu egingo du Gazako biztanleekin harremanetan jartzea eta haien egoerari buruzko informazioa biltzea.

Eguneroko txostenean, NBEko Gai Humanitarioak Koordinatzeko Erakundeak nabarmendu zuen asteazken honetan Gazara lehen aldiz erregaia sartzea baimendu bazen ere, Zerrendara iristea lortu zuen kopuruak (23.000 litro) ez dituela egun baterako behar humanitarioak ere betetzen (160.000 litro inguru).

Al Shifa Gazako ospitale nagusiaren setioak jarraitzen duen bitartean, NBEk Gazako osasun sarearen muturreko egoera azpimarratu du, zerrendako iparraldeko 24 ospitaleetako batek, Al Ahlikoak, bakarrik jarraitzen baitu lanean.

Setiatutako eremuko hiru ospitalek (An Nasr, Ar Rantisi eta Al Quds) azken hiru egunetan Gazako iparraldean izandako borroken ondorioz itxi egin zituzten. Al Shifa bezalako ospitaleek «barneko pazienteentzako zerbitzu oso mugatuak» ematen dituzte, gaur egun ez baitago haietara iristeko aukerarik, ez baitute elektrizitaterik eta hornidurarik.

Txostenak adierazten du, halaber, Palestinako Ilargi Gorriak ezin dituela ehunka laguntza-dei eta eskaera erantzun erasoek kaltetutako eraikinetan pertsonak hondakinetatik ateratzeko.

Gaza iparraldeko ospitaleekin komunikaziorik ez dagoenez, tokiko Osasun Ministerioak bost egun eman ditu gatazkako biktimen zifrak eguneratu gabe. Ostegun honetan 11.500etik gora kokatu du zifra hori.

Populazioaren bi heren, desplazatuta

Gazako iparraldeko indar israeldarrek Saladinoko errepidean barrena Zerrendaren hegoaldera ihes egiteko eskatzen jarraitzen dute: 8.000 inguruk egin dute bidea azken 24 orduetan, NBEren eguneroko dokumentuaren arabera.

Bide horretan zehar ebakuatutako pertsonen testigantzek salatzen dute barneko desplazatuetako batzuk jipoitu edo arropak kendu egiten dizkietela ihesaldian, eta Israelgo segurtasun kontroletan aurpegia ezagutzeko sistemak erabiltzen direla.

Gatazkak 1,5 milioi desplazatu utzi ditu Gazan, biztanleria osoaren bi heren, horietako asko (jada 800.000 baino gehiago) eskoletan eta Iheslarientzako NBEren Agentziaren (Unrwa) beste eraikin batzuetan aterpetuta, non pilatzeko baldintzak muturrekoak diren.

Gerra krimenak ikertzeko eskatu du Hegoafrikak

Bestetik, Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak Israelek Gazan egindako «gerra krimenak» ikertzeko eskatu dio Nazioarteko Zigor Auzitegiari, «historian aurrekaririk ez duen zigor kolektibo» bat deitoratu ondoren.

«Beste herrialde eta erakunde askorekin bat egiten dugu Nazioarteko Zigor Auzitegiari gertatzen ari dena ikertzeko eskatzeko», esan du Ramaphosak tokiko hedabideen aurrean. «Argi dago gerra krimenak egiten ari direla, batez ere ospitale horretan, Al Shifa ospitalean. Gertatzen ari denaren aurka gaude erabat», gaineratu du.