INFO

Argudio teknikoak berretsi ditu Beskoitzeko Udalak ikastolaren egitasmoa errefusatzeko

Ikastolaren alde larunbat honetan Beskoitzen deitu duten mobilizazioaren bezperan idatzia argitaratu du Herriko Etxeak bere webgunean. Frantsesez soilik idatzitako oharrean hirigintza zein segurtasun irizpideak hobetsiz ikastola handitzeko egitasmoa errefusatzeko erabakia defendatu du erakundeak.

Eskualdeko ikastoletako haurrek danborada egin zuten, azaroaren 14an, Beskoitzen. (Guillaume FAUVEAU)

Larunbat honetan, goizeko 11.00etan, Beskoitzeko pilota plazan hitzordua eman du Seaskak. Mobilizazio horren bidez Herriko Etxeak ikastola handitzeko egitasmoari ezarritako oztopoak altxatzea galdetuko dute euskalzaleek.

Euskal Herriko Ikastolen federazioaren babesa jaso duen martxaren bezperan azken hilabetetan Seaskako ordezkariekin biltzeari uko egin dion Herriko Etxeak idatzi luzea argitara eman du bere webgunean.

Herriko Etxeak utzitako eremuan plantatu zen ikastolak 2014an zabaldu zituen bere ateak dozena erdi bat haur zituela. Azken ikasturte hasieran 50 ikasleen langa gainditu du.

Urte guzti hauetan prefabrikatuetan eman behar izan dituzte klaseak.

Fabienne Ayensa auzapez buru duen udal gobernuak plazaraturiko oharrean, besteak beste, prefabrikatu berriak gehitzeko orduan Herriko Etxeari baimena galdetu ez izana egotzi dio ikastolaren zuzendaritza taldeari.

Horretaz gain, berdin hirigintza zein segurtasun araudien ikuspuntutik onargaitz den ikastolaren handitze-egitasmoa defendatzea leporatu dio Beskoitzeko Herriko Etxeak Seaskari.

Udalaren arabera, urteen poderioz ikaslegoari buruzko «neurriz kanpoko» aurreikuspenak aurkeztu dituzte ikastolako arduradunek.

Zehazki, joan zen otsailaren 23an Ikastolen Egoitzak elkarteak aurkeztu zuen azkeneko eraikuntza baimenari aipamen egiten dio Herriko Etxeak.

Eskaera horretan ez zela egungo 50 ikasle kopurua jasotzen baizik eta «92 ikasle izateko aurreikuspena» zehaztu du tokiko erakundeak.

Horren ondorioz, ikastolak aurkezturiko egitasmoa «gaindimentsionatua» dagoela iradoki dute udal arduradunek.

Hori gutxi balitz, Herriko Etxeak ikasleen jatorriari buruzko xehetasunak ematen ditu, datu horiek beste behin ere handitze proiektuaren aurka jotzeko baliatuz.

Egun ikastolan dauden 50 ikasletatik «20 baizik ez direla bezkoitarrak» argudiatu du udalak, «gainerakoak Bardoze, Hazparnen eta Baionan bizi direla» gaineratuz.

Babes zabala jaso duen deialdia

Herriko Etxeak tonu gogorra erabili du aipaturiko idatzian. Hala eta guztiz ere, bukaera aldera, ikastolako arduradunekin «giro lasaiago batean elkarrizketak abiatzeko» prest dagoela nabarmendu du Ayensa auzapezaren udal gobernuak.

Hain zuzen Herriko Etxeak bere galderak erantzun gabe utzi zituelako deitu zuen Seaskak joan zen urriaren 25an, larunbat honetan iraganen den mobilizazioa.

Geroztik babes zabala bildu du deialdiak. Euskalgintzatik hasita, Euskal Konfederazioak, Euskalgintzaren Kontseiluak edota Euskal Herrian Euskarazek Beskoitzera joateko deia zabaldu dute.

Beskoitzeko haurrek behar eta merezi duten ikastola ukan dezaten galdetuko duen martxara batu da Xuti Gazte dinamika.

Euskal Herria Baik, alde batetik, eta EAJ-PNBk bestetik Seaskak luzaturiko mobilizazio deialdia sostengatu dute.

Finean, eskualdeko herrietatik heldutako ikasleek «danborrada ttipia» egin zuten, joan zen asteartean, Beskoitzeko plazan, deialdiaren oihartzuna danbor hotsez areagotuz.