INFO

Heriotza zigorra ezarri zieten bi preso hil dituzte azken orduetan AEBetan

Heriotza zigorra ezarri zieten bi preso hil dituzte Estatu Batuetan azken orduetan, Alabaman eta Texasen. 1976an ezarri zenetik 1.581 pertsona hil dituzte AEBetan.

Texaseko Huntsvilleko espetxean ohatila honetan hiltzen dituzte presoak injekzio bidez. (AFP)

Heriotzaren korridorean zeuden bi preso hil dituzte ostegun gauean Estatu Batuetan, Alabaman eta Texasen.

Aurrenekoa Alabamako Atmore espetxean hil dute: Casey McWhorter, 49 urtekoa. Injekzioa jarri diote eta bertako 18.56ean zendu da. 1993an, 18 urte zituela, bere lagun baten aita hiltzeagatik kondenatu zuten heriotzera. McWhorter-ekin batera beste bi gazte atxilotu zituzten, baina gertarak izan zirenean adin txikikoak zirenez biziarteko kartzela zigorra ezarri zieten. Egun preso daude oraindik.

Estatu horretan aurten hil duten bigarren presoa da Casey McWhorter. 2024ko urtarrilaren 25erako beste exekuzio bat programatuta daukate, Kenneth Eugene Smith-ena hain zuzen ere. Estatu Batuetan pertsona bat hiltzeko gas nitrogenoa erabiliko duten lehen aldia izango da.

Alabamako exekuzioa baino minutu batzuk beranduago, heriotzaren korridorean zegoen beste preso bat hil dute Texasen: David Santiago Renteria, 53 urtekoa. Honi ere injekzioa jarri diote, Hutsvilleko espetxean, Texaseko Justizia Kriminaleko Departamentuak jakinarazi duenez.

Renteria duela hogeita hiru urtetik zegoen preso; 2001eko azaroaren 18an El Paso hiriko merkataritza gune handi batean 5 urteko haur bat bahitu eta ondoren hiltzeagatik epaitu eta heriotzera zigortu zuten, bi urte beranduago.

Texasen aurten hil duten zortzigarren presoa da Renteria, eta AEB guztietan 23.a.

1976an AEBetako Auzitegi Gorenak heriotza zigorra berrezarri zuenetik 1.581 pertsona hil dituzte, haietako 586 Texasen.