INFO

Frantziar senatari bat atxilotu dute, diputatu bat drogatu eta bortxatzen saiatzea egotzita

Frantziar senatari bat atxilotu dute emakume bat drogatzea eta bortxatzen saiatzea egotzita. Salaketa jarri duen emakumea Nazio Biltzarreko diputatu bat da ‘Franceinfo’k aurreratu duenaren arabera. Emakumeari egindako azterketek egiaztatu dute estasi-arrastoak zeudela bere organismoan.

Frantziar senatari bat atxilotu dute emakume bat drogatu eta bortxatzen saiatzeagatik. (Alexis Sciard | Europa Press)

Joël Guerriau frantziar Estatuko senataria atxilotu dute Nazio Biltzarreko diputatu batek, salaketa jarri ostean. Emakumeak salaketan adierazi duenez, senatariak drogatu egin zuen bortxatzen saiatzeko.

Gertakaria asteartean jazo zen, emakumea gaizki sentitzen hasi zenean Guerriauren etxean kopa bat hartu ondoren. Guerriau Horizons alderdiko senataria da, lehen ministro ohi Edouard Philippen aliatua.

Emakumeak ondoezik alde egin zuen etxetik, eta ondoren egindako azterketek egiaztatu dute estasi-arrastoak zeudela bere organismoan. Parisko fiskaltzaren arabera honakoa da senatariari leporatzen diotena: «Pertsona bati, berak jakin gabe, substantzia bat ematea, bortxaketa edo sexu-eraso bat egiteko».

Guerriauren etxebizitzan egindako miaketek drogak aurkitzea ahalbidetu dute, eta legegileari egindako odol-analisiek ere positibo eman dute, anfetaminen, opiazeoen, kanabisaren, kokainaren, metadonaren eta MDMAren hondarrekin; ‘BFMTV’ kateak ostiral honetan aipatutako ikerketaren iturrien arabera.

Guerriauren defentsak, ordea, ukatu egin ditu akusazioak. Senatariak eta salatzaileak aurrez aurreko batean parte hartu dute ostiral honetan, eta, Rémi-Pierre Drai abokatuaren arabera, Guerriauk gertakarien bere bertsioa berretsi du.