INFO

1.600 pertsona ari dira parte hartzen Bizilagunak proiektuaren baitan antolatutako bazkarietan

Bizilagunak proiektuak antolatutako 100 bazkari ari dira egiten gaur Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 1.600 pertsona parte hartzen ari dira estereotipo eta aurreiritziei aurre egin asmoz. Bazkari bakoitzean bi familia biltzen dira, bata bertakoa eta bestea errefuxiatua edo migratzailea.


1.600 pertsona biltzen ari dira bazkari baten bueltan gaur, Bizilagunak proiektuaren baitan. Sos Arrazakeriak antolatutako ekimenaren xedea mahaia eta bizipenak elkarbanatuz aurreiritzi, estereotipo eta gorroto-diskurtsoei aurre egitea da. Igande honetan 100 bazkari daude antolatuta eta urtero egiten dute ekimena.

Bertako familia bat eta errefuxiatua edo migratzailea den beste bat elkartuko dira bazkarietan. Antolatzaileen arabera, «elkar ezagutzearekin batera beldur, estereotipo eta aurreiritziei aurre eginteko» aukera sortzen da, «guztion arteko bizikidetza aberastuz».

Araban 37 bazkari egiten ari dira Gasteizen, Amurrion, Artziniegan, Asparrenan, Agurainen, Kampezon, Langraizen, Laudion, Urkabustaizen, Oionen eta Bastidan. Bizkaian 9 bazkari egiten ari dira Bilbon eta bi herri bazkari Getxon.

Gipuzkoan egiten ari dira bazkari gehien, 51, hain zuzen ere, Donostian, Errenterian, Hernanin, Lasarten, Irunen, Hondarribian, Astigarragan, Urnietan, Arrasaten, Bergaran, Zubietan, Ordizian eta Tolosaldeko beste hainbat herritan.

Bestalde, bai Hernanin bai Errenterian, aperitibo kolektibo bat egiten ari dira proiektuan parte hartzen duten norbanako guztiekin, «ekimenaren eragin komunitarioa ezagutu eta dimentsionatu ahal izateko». Errenterian, horrez gain, zuzeneko musikaz, bertsoez eta SOS Arrazakeria Gipuzkoa taldeko etxeko langileek egiten duten antzerkiaz gozatzeko aukera izaten ari dira.

Antolatzaileek azaldu dutenez, helburua da bi aldeak hurbiltzea elkar hobeto ezagutu dezaten eta «batzuek besteengandik izan ditzaketen aurreiritziak eta beldurrak desmunta ditzaten». Aurten, «mahai istorioak» dute leloa eta 30 nazionalitatetako 200 familia batu dira ekimenera.