INFO

Ibilbide oparo baten eta sasoi bikain baten arteko talka Miribillan

Pilotara ekarrita, Ruperrek abesten duen «mendeak eta segundoak» bat egingo dute gaur Bizkaia pilotalekuan. Kaiolako txapelaren bila, jarraian bere zortzigarren finala jokatuko duen Jokin Altuna eta txapelketan sasoirik onena erakutsi duen Peio Etxeberria debutaria izango dira parez pare.

Jokin Altuna eta Peio Etxeberria, parez pare finala jokatuko den Bizkaia pilotalekuan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Betekadarik agian ez ­–atzo arratsaldean 120 sarrera geratzen ziren saltzeko–, baina giro bikaina espero da gaur arratsaldean, Bilbon, aurtengo Lau eta Erdiko Txapelduna nor den erabakiko duen finalean. Jon Ander Peña podiumaren hirugarren koxkan zain dutela, Jokin Altuna eta Peio Etxeberria nor baino nor arituko dira, palmaresean Joseba Ezkurdiaren hurrengoa nor izango den erabakitzeko. Amezketarra nagusituko balitz, bere laugarren txapela luke eta 27 urterekin Julian Retegi mitoa harrapatuko luke kaiolaren sailkapen historikoan, gainetik Aimar Olaizola eta bere zazpi garaipenak baino izango ez lituzkeela; Zenotzekoak, berriz, 25 urterekin bere lehen txapela luke, azken urteetan emandako aurrerapausoa berretsiz.

Horixe izango da, gutxi-asko, gaur gauzatuko den dema nagusia; hau da, amezketarraren irabazle sena eta esperientzia gailentzen den edo, kontrara, ultzamarraren sasoiak, kemenak eta ilusioak gehiago balio duten. Detaileak detaile, alde horretatik gaurko finalak duela sei hilabete jokatutako Buruz Burukoa gogora ekar diezaguke. Ordukoan Elordiren uneko kuraia nagusitu zen, baina final bakoitza mundu bat dela ondo ikasita dugu.

Eta final guztiek askatzeko korapilo bat baino gehiago izaten dutenez, gaurkoan askatzeko lehena Jokin Altunaren egoera fisikoaren ingurukoa izango da. Abuztuaren 5ean Gasteizko Ogetako ezker pareta jo zuenetik, amezketarraren ezker sorbalda arazoak ematen ari zaio. Gorabeherak gorabehera, uda txukuna osatu eta kaiolako bere zortzigarren finalera heltzea lortu du Aspeko izarrak, nahiz eta aurten azken partidarako biderik makurrena aukeratu. Argi dago Altuna III.a ez dela bere %100ean kantxaratuko; badirudi Jakaren aurkako finalerdian baino hobeto irtengo dela, eta orain ikusi egin behar zenbateraino baldintzatuko duten horrenbeste eragin dioten oinazeek.

Txarrenari onena atera behar horretan, finalerdian sufritutako guztiak, partida hasi aurretik eta jokoan bertan, bizkarrean eraman ohi duen zamaren parte handi bat kendu diola dirudi. Dirua alde izango duen arren, ez da horren faborito garbia, eta horrek askeago jokatzera eraman dezake.

Peioren bi mugarri

Peio Etxeberriaren kasuan, txapelketa honetan bi mugarri pasatuta helduko da ultzamarra bere ibilbide profesionaleko partidarik garrantzitsuenera. Saiakera ugariren ostean, final laurdenetako ligaxkan bere ispilu eta maisu izan den Joseba Ezkurdiari gailendu zitzaion Bilboko Deportivon lehen aldiz eta, aurreko bi urteetan huts egin eta gero, finalerdietako sabaia ere hautsi du aurten estreinakoz. Ezbairik gabe, txapelketako pilotaririk onena izan da. Momentuz oso lasai ikusi dugu finalaren atarikoetan, baina ikusi egin behar halako egun berezi batean zein den bere erantzuna.

Ultzamarrak bere alde du badakiela zer den kaiolan Jokin Altunari irabaztea, are gehiago, jokatutako azken hiru partidetan heldu da nafarra 22. kartoira. Baina gaurko demak ez du zerikusirik aurretik jokatutako guztiekin.

Hasteko, partida Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko da, printzipioz Peio Etxeberriak arerioak itotzeko ezarri ohi duen erritmo bizia jarri ahal izateko egokiegia ez den frontoian. Ezker paretak dezente higatzen ditu pilotak, lurra ere ez da biziegia, eta kantxa honetan eraginkorragoa izan ohi da angeluak ondo bilatzea, pilotari abiadura sartzea baino. Eta lan horietan Jokin Altunak zehatzagoa dirudi, nahiz eta, Zenotzekoak kantxaren erdia bereganatzea lortzen badu, lan zailak izango dituen.

Partidako beste giltzak aletuz gero, buruz buruko partidetan sakeak berebiziko garrantzia hartu izan ohi du, eta kaiolako hau ere ez da salbuespen bat izango, nahiz eta bietako inor ez den lehen pilotakadaren espezialista handi bat. Hori bai, aurtengo txapelketako datuei errepaso azkar bat emanda, esan genezake aurtengo sakatzailerik onena –Jokin Altunak partidako bost tanto lortu ditu sakez, batez beste– eta errestoan hobekien aritu den pilotaria –ultzamarrak hiru sake baino ez ditu utzi erantzun gabe txapelketa osoan– izango dira aurrez aurre. Azkenaldian erabiltzen ari diren pilotekin, sake-erremateak ere garrantzi handia hartu du, eta jokoan jarriko dituzten lau pilotetatik hiru horixka bizi horietakoak dira; alde horretatik, partida azkarra espero daiteke.

Beti, baina bereziki halako partida erabakigarrietan, akatsik ez egiteak garaipenerako pauso handi bat ematea ekartzen du gehienetan. Defentsan bi pilotariak dira kirolari zainduak, baina egia da alor honetan Jokin Altunak beste berme bat ematen duela. Asko hobetu du, baina Peio Etxeberriari zenbaitetan kostatu egin zaio zabaleko egurretatik pilotak jaso behar izan dituenean, eta, gauzak horren berdinduta direnean, detaile guztiek dute euren garrantzia.

Bi pilotarien azken egunetako adierazpenei erreparatuta, argi dago biek oldarkor aritzeko asmoa agertu dutela. Horrek erabakiak hartzeko garaian asko asmatzera behartzen ditu pilotari guztiak, eta alor honetan ere nabarmena da azkenaldian Peio Etxeberriak izandako hobekuntza.

Pilotak moteltzen badira, oso posible da partida luzatzea, eta fisikoak ere izan dezake bere garrantzia. Printzipioz biak dira oso ondo prestatutako pilotariak; amezketarra agian bizkorragoa da hankaz, beste txispa bat du, baina ultzamarra arnas luzeagoko pilotaria da. Printzipioz, bietako inork ez dio beldurrik izan behar partida luzatzeari.

Errematean ere eraginkor aritu beharko du txapela jantzi nahi duenak. Gaur egun jokatzen den abiaduran, akatsak egitea ohikoa den arren, zehaztasunak ere estimu handia izaten jarraitzen du. Alor honetan Jokin Altunak kontrol gehiago duela dirudi, eta Peio Etxeberriak esplosiboagoa. Baina finalak hain dira bereziak, hauek guztiak hankaz gora jartzeko gai direla.