INFO

Bera Berak eta Zuazok Euskal Kopako finala jokatuko dute astearte honetan Zumaian

Zumaiako Lubaki kiroldegiak hartuko du astearte honetan (20.00etan) iazko denboraldiko Euskal Kopako finala, Super Amara Bera Bera eta Zuazo taldeen artekoa. Donostiarrek San Adrian kanporatu zuten apirilean Bilbon ospatu zen finalerdian eta bizkaitarrek, Aiala Zarautz.

Bera Bera eta Zuazo, iazko derbi batean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Titulu bat izango dute jokoan astearte honetan Super Amara Bera Berak eta Barakaldoko Zuazok harmailak beteta izango dituen Zumaiako Lubaki kiroldegian (20.00), bertan iazko Euskal Kopako finala jokatuko baita. Donostiarrek San Adrian kanporatu zuten apirilean Bilbon ospatu zen finalerdian eta bizkaitarrek, Aiala Zarautz.

Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldeak zenbait baja ditu, besteak beste, Maitane Etxeberria, Arroyo, Tchaptchet eta Fernandes selekzioekin eta Karsten, ekografiaren emaitzaren zain. Hortaz, June Ruiz de Gauna, Irati Azkue pibotea eta Elene Vazquez arituko dira lehen taldearekin.

Igandean Europan kanporatuta geratu ostean jokatuko du final hau Bera Berak. Kolpe handia jaso zuten gipuzkoarrek kanporaketan, oso gutxigatik ez baitzuten helburua lortu, eta ikusi beharko da jokalariak nola iristen diren Euskal Kopako finalera.

Joseba Rodriguez "Haito"-ren taldean, berriz, Orbañanos izango da baja. Bizkaitarren sentsazioak ezberdinak dira iaz maila galdu ostean. Urrezko mailan, Barakaldoko taldea laugarrena da –hiru igoko dira Guerreras Iberdrola ligara– eta Kopan lehen kanporaketa gainditu du berriki Lanzaroten.

Larunbatean lortu zuen balentria Zuazok, Zonzamas Pluscar Lanzaroteren pistan gol bateko aldeagatik irabazita (28-29).