INFO

EH Bilduk ez du «borondaterik ikusi» Lakuako Gobernuan oinarrizko txirrindularitza sustatzeko

Gaur Gasteizko Legebiltzarrean oinarrizko txirrindularitza sustatzeko borondate faltari buruzko eztabaida egin da, EH Bilduk bultzatuta. Erkorekak esan du «kirola sustatzea eta segurtasuna bermatzea gauza desberdinak» direla.

Josu Erkoreka Gobernuko lehendakariordea eta Segurtasuneko Sailburua, gaurko Gasteizko Legebiltzarreko Batzordean. (Eusko Legebiltzarra)

Gasteizko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean, EH Bilduk oinarrizko txirrindularitza sustatzeko borondate faltari buruzko eztabaida ekarri du, «azaltzeko zergatik ez duen Jaurlaritzak borondaterik oinarrizko txirrindularitzan lasterketak antolatzeko dauden arazoak gainditu eta konpontzeko».

Josu Erkoreka Gobernuko lehendakariordeari eta Segurtasuneko Sailburuari egin dio galdera hori Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. Gorka Iturriaga Jarduera fisikoko eta kiroleko arduradunak ere eman ditu azalpenak, Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariarekin batera.

Uberak adierazi du Lakuako Gobernuak «ez duela borondaterik erakutsi» oinarrizko txirrindularitza sustatzeko. Izan ere, joan den ekainean Gasteizko legebiltzarra adostasun batera iritsi zen oinarrizko txirrindularitza lasterketetan segurtasuna bermatzeko mahai bat osatzeko; Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko txirrindularitza federazioekin elkarlanean aritzeko eta adosteko zein diren klubek dituzten beharrak oinarrizko lasterketak antolatzeko orduan eta zein diren bermatu behar zaizkien baliabideak proba horiek segurtasunez egin ahal izateko.

Gaur, Ubedaren esanetan, «mahai horren ekimen faltak bultzatuta», «borondate falta izatea» egotzi dio Erkorekari. Lehenik, Segurtasun sailburuak adierazi du «bere sailaren egitekoa ez dela hori, errepideak erabiltzen dituzten kirolari guzti-guztien segurtasuna bermatzea baizik»: «Kirola sustatzea eta segurtasuna bermatzea gauza desberdinak dira».

Horrez gain, Erkorekak nabarmendu du irizpide teknikoaren arabera, «gauza bat segurua da edo ez da segurua», eta irizpide politikoa «aldatu daitekeen moduan, teknikoa ezin dela aldatu». Alegia, segurtasuna bermatuta ez dagoen kasuetan, zenbait irizpide teknikoei jarraikiz, ezin dela lasterketa bat antolatu.

Iturriaga: «Lasterketen kostua handitu egin da»

Bide beretik, Jarduera fisikoko eta kiroleko arduradunak adierazi du joan den udaberrian gertatutakoa, zenbait lasterketa bertan behera geratu zirela-eta, bakarrik lau lasterketetan gertatu zela, eta arazoa bakarrik horietan egon zela. «Segurtasunean oinarritzen diren baldintzak ez dira negoziatzen, arau horiek errespetatu egin behar dira».

Haren esanetan, Aiztondoko Klasikak izan zuen oihartzunik handiena hedabideetan, «nahikoa moto bidezko lotura eta bolondres ez zeudelako-eta». «Lasterketen kostua handitu da, antolatzaileen errelebo falta agerikoa da, moto bidezko lotura egingo duten bolondresen falta ere...», adierazi du Iturriagak eta gaineratu, hori horrela izatearen «eskumena beraiena ez den arren», elkarlanean ari direla Federazio eta Aldundiekin, «arazoari irtenbidea emateko asmoz».

Egutegia berrikusi behar dela ere gehitu du Iturriagak, eta isilpean izan bada ere, azken hilabeteotan zenbait eragilerekin bilerak egin dituela berretsi du.

Ubeda: «Ezin dira hala moduzko irizpideak hartu»

Erkorekak eta Iturriagak esandakoari erantzunez, Ubedak esan du Bizkaian lasterketa batzuk aste barruan egin zirela, eta Gipuzkoan, aldiz, ez, eta galdegin du zergatik ote den, edo zer irizpideren arabera hartu den erabaki hori: «UCI mailan ez dago arazorik lasterketak aste barruan antolatzeko. Dirua da zuen irizpidea, eta hori ez da irizpide tekniko bat».

Haren ustetan, ibilbideak diseinatzen dira «zenbait eragileren parte hartzerik gabe», eta horrelako jardueretan ezin direla «hala moduzko» irizpideak hartu. «Bolondresak bilatzea kosta egiten da, eta gero erakundeetatik ez badago babes bat edo elkarlan bat, zaila da. Moto bidezko lotura egiteko irizpideak aldatu badira -lehen bakarrik bidegurutzeetan egon behar zuten eta orain leku gehiagotan-, erakundeetatik laguntza eta bitartekaritza gehiago bultzatu beharko lirateke. Hausnarketa bat behar da, eta segurtasuna ez da erabili behar aitzakia bat balitz bezala».

Horri erantzunez, Erkorekak esan du leku batean asteko egunetan lasterketarik ez egiteak, ez duela esan nahi leku guztietarako irizpide berberak erabili behar direnik, «leku bakoitza diferentea baita»: «Baldintza berdinak ematen dira leku batean eta bestean? Ez».

Aldi berean, Iturriagak ere adierazi du legez besteko proposamena onartu aurretik, bilera asko egin dituztela eragile guztiekin. Eta bertan, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak etorri zirela -Arabakoa ez zen joan ez izan zuelako-, Euskadiko Federazioko presidentea, Arabakoa, Bizkaiko txirrindularitzako presidentea, Gipuzkoako Federazioko presidentea eta zuzendari teknikoa.

«Izapidetze horretan lau-bost lasterketetan zegoen arazoa, Bizkaikoek eta Arabakoek ez zuten arazorik izan. Bolondresena, errelebo falta... ez da nire eskumena. Gure eginbeharra da lankidetza sustatzea. Parsimonia puntu bat ezarri behar diogu gaiari», adierazi du Iturriagak.

Bukatzeko, Ubedak hausnarketarako utzi du, «legeak gehiengo bat lortuta onartzen direla, eta irizpide politikoengatik».