INFO

Elikagai bankuek elkartasunerako deia egin diote euskal jendarteari premia bereziko une honetan

Euskal Herriko elikagai bankuek heldu den asteburuan supermerkatuetan egingo duten bilketa handian parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Elkartasunerako dei berezia egiten dute, inflazioaren ondorioz beharrak nabarmen gora egin duen testuinguru honetan.

Nafarroako Elikagai Bankuaren bilketaren aurkezpena, astearte honetan. (BAN | EUROPA PRESS)

Datozen ostiral eta larunbatean, hilak 24 eta 25ean, elikagai bankuek abian jarriko duten bilketa handia «azken hamarkadako garrantzitsuenetako bat da, zalantzarik gabe», inflazioak hain markatutako testuinguruan.

«Prezioen igoera handiaren ondorioz gaur egun dagoen egoera zailak inoiz baino beharrezkoagoa egiten du ekitaldi solidario hau», azpimarratu du Nafarroako Elikagaien Bankua Fundazioak, «dohaintzen premia handia baitu».

Nafarroan 25.500 pertsona inguru artatzen ditu elikagai bankuak, iaz baino 1.000 inguru gehiago. Ekarpen gutxiago jaso dutenez, onuradunei emandako elikagai kantitatea ere murriztu behar izan dute: «Iazko irailean, hilean 13,59 kilogramo ematen genituen pertsona bakoitzeko, eta orain 11,35 kilo dira, hau da, %16,47 gutxiago».

Gogorarazi dutenez, nafarrek nahi duten kopurua eman ahal izango dutela supermerkatuko kutxatik pasatzean. Gainera, abenduaren 31ra arte, era guztietako dohaintza ekonomikoak egin ahal izango dira Nafarroako Elikagai Bankuaren webgunetik, bai banku-transferentzia bidez, bai dohaintza digital bidez, bai Bizumetik (00262ra).

Bizkaian ere, biltegia «ia hutsik»

Bizkaikoak ere behar berezia bizi du, biltegiak «ia hutsik» baititu. 2022an inoiz baino dohain gehiago jaso arren, inflazioaren eraginez herrialde honetako elikagaien bankuak murriztu behar izan du onuradunei ematen dien oinarrizko dieta.

Orain, «diru berdinarekin elikagai gutxiago eros dezakegu», adierazi dute Bizkaiko Bankuko iturriek, eta funtsezkotzat jo dute aurtengo bilketa kanpaina, «premia larriagoa» delako.

Bizkaiko erakundeak 20.700 pertsona artatzen ditu, premia duten 8.000 familiatakoak. Horietatik 4.000 inguru adin txikikoak dira, eta horietatik 540 bularreko haurrak dira.

Azaroaren 24an eta 25ean sumermerkatuetan eta saltoki handietan egingo den bilketaekin, arduradunek iazko helburuak lortu nahi dituzte, gutxienez. Orduan «elikagai-bonuaren» eta elikagaien bidez egindako dohaintzen artean 1.200.000 euro inguru bildu zituzten.

Arabakoak 25 urte

Bestalde, Arabako Elikagaien Bankuak 25. urteurrena ospatu du astearte honetan. 1998an boluntario talde batek «gosearen injustizia erradikalaren» eta elikagaiak xahutzeak dakarren «aberrazioaren» aurka borrokatzeko enpresa, supermerkatu eta dendetako soberakinak biltzen hasi zirela gogoratu dute.

Gaur egun 1.396 familia artatzen ditu, horietatik 3.624 heldu eta 129 haur, eta beste 362 pertsonari jantokietan janaria ematen dizkiete.

Herrialdeko 83 establezimendutan egingo den bilketaren hamaikagarren edizioan 40.000 kilo janari, 140.000 euro supermerkatuetako bonuetan eta 75.000 euro dohaintza zuzenetan biltzea da helburua.

Elikagaien garestitzeak donazioak murriztu ditu aurten eta edizio honetan Arabako Elikagaien Bankuak bonuen erosketa handitzea proposatu du, eta 600 boluntarioz osatutako plantilla betetzera dei egin du. Oraingoz %85 dute betea.

Gipuzkoako apalak beteta

Gipuzkoakoak 2.532.510 kilo bildu ditu azarora arte, eta 3 milioi baino gehiago espero ditu laguntza hori behar duten 20.345 pertsonei laguntzeko.

Belen Mendez de Vigo Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidenteak, Eneko Goia Donostiako alkatearekin eta Eider Mendoza ahaldun nagusiarekin batera, asteburuan 78 establezimendutan egingo den bilketa handiaren berri eman du astearte honetan eta apalak beteta daudela adierazi du.

2022ko irailean «ez dirurik, ez elikagairik» ez zutela ikusi zuten, baina dohaintzen bidez «15 egunetan kondu zen. Bilketa handi bat egin zuten maiatzean eta horrek bermatu die aurten entregak egitea. Orain, «datorren urterako despentsa ondo betetzea espero dute.

Pandemiarekin onuradunen kopuruan gorakada nabarmena erregistratu zela adierazi du: 2019an 17.863 ziren, 2020an 20.956 eta 2021ean 21.638. Zifra hori nabarmen jaitsi zen 2022an (20.450), baina ia egonkor geratu da 2023an (20.345).

Mendez de Vigok, Goiak eta Mendozak dei egin diote Gipizkoako gizarteari bilketa handian parte har dezan, bai boluntario gisa, baita produktuekin edo bonuekin ekarpenak eginez. Aurten, pertsona kopuru berari erantzuteko, ekarpen ekonomiko handiagoa behar da, inflazioa dela eta.