INFO

Andres Arizkorreta CAFeko presidenteak jasoko du Gipuzkoako Urrezko Domina

Andres Arizkorreta Garcia CAFeko egungo presidenteari emango dio Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina, lurraldearen «garapen ekonomiko, teknologiko eta sozialari egindako ekarpen pertsonalagatik» eta industriaren «izen ona nazioartean» zabaltzeagatik.

Andres Arizkorreta, iazko abenduan Donostian, jardunaldi batzuetan. (UNANUE | EUROPA PRESS)

Andres Arizkorreta Garcia CAFeko egungo presidenteak jasoko du aurten Gipuzkoako Urrezko Domina, lurraldearen «garapen ekonomiko, teknologiko eta sozialari egindako ekarpen pertsonalagatik» eta «gure industriaren izen ona nazioartean zabaltzeagatik».

Aldundiak ohar batean azaldu duenez, Arizkorretaren ibilbide pertsonal eta profesionalari aitortza egingo dio foru erakundeak, «Gipuzkoaren baliorik onenak eta enpresa sareak ongizateari eta gizarte kohesioari» egiten dion «ezinbesteko ekarpena» ordezkatzen dituelako.

Eider Mendoza ahaldun nagusiak Arizkorretaren «egiteko modua eta Gipuzkoarekin duen konpromisoa» nabarmendu ditu. Bere hitzetan, «CAFen hazkundean eta hedapenean erakutsitako lidergoa» da horren lekuko, «erreferentziazko enpresa bilakatu baita nazioartean mugikortasun iraunkorraren arloan».

Arizkorretak «enpresa elkarte eta foroetan» duen partaidetza eta lurraldeko garapen sozioekonomikoari egindako ekarpena ere goraipatu ditu Mendozak. «Bere konpromisotik, umiltasunetik, lankidetzarako gaitasunetik, hurbiltasunetik, zintzotasunetik eta ondo egindako lanetik abiatuta, Gipuzkoako eta gipuzkoar gizartearen balioak eta egiteko moduak ordezkatzen ditu», adierazi du.

Urrezko Domina emateko ekitaldia 2024ko urtarrilaren 12an egingo da.

Andres Arizkorreta Garcia 1956an jaio zen, Donostian. Ekonomia Zientzietan lizentziaduna da eta, 1980an CAFen lanean hasi zenetik, bere ibilbide profesional osoa Beasainen egoitza duen enpresan egin du, ardura handiko hainbat kargu betez.

1992an Administrazio Kontseiluko kide bihurtu zen eta konpainiako zuzendari nagusi izendatu zuten. 2006an, berriz, CAF taldeko kontseilari delegatu izendatu zuten, eta, 2015etik 2021era, presidente eragile. Gaur egun, konpainiako presidente ez-eragilearen ardura du bere gain.

Urteotan zehar, modu aktiboan parte hartu du lurraldeko elkarte ekonomiko nagusietako zuzendaritza organoetako kide gisa, besteak beste, Adegi eta Confebask patronaletan.

Gaur egun, Euskal Enpresarien Zirkuluko lehendakariordea, Donostia International Physics Center-eko patronatuko kidea, Lehiakortasunaren Euskal Institutuko eta Deusto Business School-eko kontseilaria eta Jakiunde Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea da.