INFO

Aurreko edizioko bikote txapeldunaren apostua mantendu du Baikok Binakako ‘Serie B’ txapelketan

Binakako Promozio txapelketa aurkeztu dute asteazken honetan, ‘Serie B’ izen berrituarekin. Aspe eta Baiko enpresako launa bikote lehiatuko dira, ostiral honetan hasi eta martxoak 23ra bitartean luzatuko den lehian. Finalerdietako ligaxka martxoren 1ean hasiko da eta Labriten jokatuko da finala.

Binakako ‘Serie B’ txapelketan lehiatuko diren pilotariak. (BAIKO)

Binakako Serie B txapelketa, halaxe izendatu dute bikoteka jokatuko den Promozioko txapelketa, lehen mailakoa aurkeztu eta hurrengo egunean. Aspe eta Baiko enpresetako launa bikote lehiatuko dira eta ostiral honetan emango zaio hasiera, Azkotian. Finalerdietako ligaxka martxoaren 1ean hasiko da, aurretik play-offak jokatuta, eta final handia martxoaren 23an lehiatuko da, Iruñeko Labrit frontoian.

Aurreko edizioko txapeldun Larrazabal-Eskiroz bikoteak errepikatu egiten du, Baikoren apostu sendoa berretsiz. Dena dela, lehen partidetan aurrelari arabarra lehen mailako txapelketan arituko da, Laso ordezkatuz, eta beraz, Senarrek hartuko du bere lekua Promoziokoan. Txapeldunen debuta igandean izango da, Seguran, Zubizarreta III.a-Ugartemendiaren aurka.

Ugartemendia da, hain zuzen ere, Baikoren berritasun txikietako bat. Alkizako atzelariak otsailean egin zuen debut profesionala eta estreinakoz arituko da Promozioko txapelketan, Zubizarreta III.arekin, Promozioko Lau eta Erdiko txapeldunarekin, alegia. Beste nobedadea, Alberdi II.arena da, asteazken honetan bertan Baikorekin kontratua luzatu berritan, Promozioan ere arituko baita. Aurrelari azpeitiarrak Morgaetxebarriarekin osatuko du bikotea, iaz, Bakaikoa lagun –Buruz Buruko txapelduna–, finalerdietaraino iritsi zen zornotzarra.

Beste bi bikoteak, aipatu legez, iazkoaren berdinak aukeratu ditu Bilboko enpresak: Agirre-Iztueta eta Larrazabal-Eskiroz.

Aspek aldaketa gehiago egin ditu: Zabala, iaz azpitxapelduna Gaskuerekin, kanpoan geratu da eta Hodei Expositok hartuko du bere lekua. Erostarbe ere ez du aukeratu Eibarko enpresak, Eskuzaren aldeko apostua berresteko, aurten debuta egin duen atzelaria, alegia. Pilota profesionala utzi berri duen Oier Etxeberriaren partez, Arbizu lehiatuko da, Salaberriarekin –iaz finalerdietaraino iristea lortu zuen eta Buruz Buru azpitxapeldun izan zen–.

Zazpi jardunaldiko bi itzuli

Etzi, ostiralean, Azkoitian hasi eta martxora bitartean luzatuko da Eskuz Binakako Serie B Txapelketa. Zazpi jardunaldiko bi itzuli, orotara hamalau jardunaldi jokatuko dituzte pilotariek sailkapen ligan. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligara eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatuek playoffak jokatu beharko dituzte aurrera egin ahal izateko. Finalerdietako ligak hiru jardunaldi izango ditu eta final handia Labriten izango da martxoaren 23an.

Lehen jardunaldia

Egiguren-Eskuza vs. De la Fuente-Bikuña, Azkoitian, azaroaren 24an

Agirre-Iztueta vs. Alberdi II.a-Morgaetxebarria, Aizarnazabalen, azaroaren 25ean

Zubizarreta III.-Ugartemendia vs. Senar*-Eskiroz, Seguran, azaroaren 26an

Salaberria-Arbizu vs. Exposito-Gaskue, Eibarren, azaroaren 30ean