INFO

Belaunaldi berrietan jarri du fokua Durangoko Azoka mamitsu batek

Erabat presentziala, iaz baino erakusmahai gehiagorekin eta fokua publiko berrietan jarrita, belaunaldi gazteetan baitago etorkizuna. «Anitza, gaztea eta fantasiaz beterikoa» izango da ate joka datorren Durangoko Azokaren 58. edizio mamitsua: Izaroren bideokliparen estreinaldia, gammerren eguna...

Beñat Gaztelurrutia 8ezkerrean), Azokako gune desberdinetako arduradunekin. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Esan dezakegu azoka ederra datorrela, nobedade interesgarriekin eta ekitaldi sorta luze-luze batekin». Horrela hasi du Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga elkarteko koordinatzaileak, datozen abenduaren 6tik 10era egingo den Durangoko Azokaren 58. edizioaren edukien aurkezpena.

Eta ez zitzaion arrazoia falta, soilik datuei erreparatuta, mamitsua baitator Azoka: 950 nobedade, 170 partaide, 257 erakusmahai eta 265 ekitaldi hartuko ditu bere baitan. Nobedadeen artean liburuak dira nagusi (689), atzetik 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari eta bestelako 40 ekoizpen.

Aipagarria, musika produktuen hazkundea –iaz baina 38 ale gehiago– eta komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra. Hau kontuan izanik, ilustrazioaren sektorea elkarrekin batu dute eta marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko da pantailen bidez.

Aurtengo edizioa egiteko 715.000 euroko aurrekontua izan dute. Erakundeek %60a eman dute, babesle pribatuek %13a eta sarrera propioak %27ra iristen dira. Eskerrak eman nahi izan dizkio Gaztelurrutiak Azoka bere horretan mantentzen lagundu dutenei.

Landako, lepo

Plateruena kafe antzokian egin da ate joka datorren 58. edizioaren aurkezpena. Durangoko txoko anitzera zabaltzen baita abenduko zubiaren hitzordu beterano hau: museoa, Zugaza zinemara, Plateruena bertara... baina, halere, Landako gunea da gure kulturaren hitzordu honen ‘bihotza’ Azoka luzatzen den egunetan.

«Aurten Landako lepo egongo da», aitortu du Gaztelurrutiak, iaz baino erakusmahai gehiago izango direlako. Horren arrazoia, ekoizpenaren hazkundea, eta, era berean, kulturan joerak erabat aldatu direlako. Lehen argitaletxe handiek ziren nagusi; orain, egileek eta zigilu txikiak erakusmahai erdi bat alokatzen dute, esaterako.  

Eta nola izango da aurtengo Azoka? Lehenik, erabat presentziala. Pandemia garaian, egoerak horrela behartuta, martxan jarri zen online denda ‘aparkatuta’ utzi da aurten, presentzialtasunaren aldeko apustua egin delako. 10.30etatik 20.00 zabalduko ditu ateak Landakok, azken egunean izan ezin: abenduaren 10ean, 18.00etan itxiko baitutu ateak, gune desberdinetako egitaruak martxan jarriatzen duen bitartean.

Bestalde, doako autobus zerbitzua martxan egongo da berriz. Iurretako autopista irteerako parkinetan 30 minuturo aterako da autobusa, abenduaren 10ean izan ezin, ez baita erabilgarri izango.

Anitza, gaztea

Azoka euskal kulturaren egoeraren termometroa, plaza eta hauspoa delako, orain eta, espero dezagun, etorkizunean. «Aktuala, bogan dauden joerak jasoko dituen» edizio berri bat prestatu du Gerediaga elkarteko lan taldeak. «Egitarauaren ezaugarri bi nabarmenduko nituzke: anitza eta gaztea», azaldu du Gaztelurrutiak. Anitza, askotariko estilo eta gaiak topatu ahal izango direlako. Eta gaztea, inoiz baino jarduera gehiago izango direlako gazteek sortuak eta gazteentzat pentsatutuak.

«Gurekin nahi ditugu belaunaldi berriak», azpimarratu du Gaztelurrutiak. Honekin batera dei orokor bat zabaldu nahi izan du, euskal gizarte osoari zuzenduta: «Euskarak eta euskal kulturak gizartearen babesa behar dute, azken boldadan euskalgintzak ohartarazi bezala. Bultzada emateko norabidean lan egin dezagun denok, gure fantasia gau bateko amets zaputza izan ez dadin».

Gunez gune

Gunez gune, eta labur bilduta, hemen eduki interesgarri batzuk:

Talaia: Landako gunean, 8, 9 eta 10ean egingo diren aurkezpenen artean, Joxe Azurmendi filosofoaren pentsamenduari buruzko mahai inguru bat, Joseba Sarrionandiak Markos Gimenoren 101 Letrakartel izeneko lanaren aurkezpena, Alex Txikonekin online egingo den konexioa edo, hilaren 10ean, egon diren Euskal Literatura saridun guztiak elkartuko dituzten bi solasaldiak.

Durangoko Museoa: Suargi elkarteak ‘Meridiano moreak, Emakume zinemagileak, desgaitasuna eta zaintzak’ izeneko nazioarteko topaketak jasoko du museoak, Estibaliz Urresola edo Itziar Ituño bezalako ordezkarien partaidetzarekin.

Ahotsenea: Zuzenekoak Plateruenan izango dira, beti legez; aurkezpenak eta solasaldiak, musika eskolan. Edukiz beteta, badago zerbait aipagarri: 17 talde berriek aurkeztuko dutela beraien lehen lana.

Irudienea: Zugaza zinemak jasotzen ditu ikus entzunezkoei eskainitako atala. 30 lanetik gora egingo dira, baina agian ikuslegoa gehien erakarriko duen hitzordua Izaro kantariaren bideoklip berriaren estreinaldia izango da.

Kabia: Eremu digitalean sortzen diren egitasmoak jasotzen duen plaza abenduaren 6an eta 7an egingo da. Euskararen erabilera indartzeko tresnak, adimen artifiziala... gauregungo gai interesgarriak oso jasoko ditu.

Saguganbara: Haurrei eta familiei begirako ekitaldiak jasotzen ditu bost egunez. Aurten, Azokaren Sormen bekaren irabazlea hemen bertan emango da jakitera.

Szenatokia: Antzerkiaren gunean lan motz asko eta bakar hizketa ugari.

Eta Azokaren ‘antenei’ dagokionez: azaroaren 28an eta 29an, Durangon bertan sortzaileak et programatzaileak batzeko egingoden Da! Pro topaketa; eta, behin Azoka bukatuta, Euskal Herriko 88 liburudendatan egingo den Zu non han Da! egitaraua, non Durangon egon diren hainbat nobedadeak aurkeztuko diren.