INFO

Laminaciones Arreguiko langileek «etorkizuna bermatzeko urratsak» eskatuko dituzte Madrilen

Gasteizko eta Urbinako Laminaciones Arregui-Celsa Atlantic fabriketako langileek enpresaren jabetza aldaketaren aurrean «lantegiaren etorkizuna bermatzeko urratsak» eta «kudeaketaren inguruko gardentasuna» exijituko dituzte ostegun honetan Madrilen gai ekonomikoetarako idazkari nagusiarekin bileran.

Asteazken honetan Laminaciones Arreguiko langileek eskainitako prentsaurrekoa. (Endika PORTILLO | FOKU)

Laminaciones Arregui kide duen Celsa Taldearen jabetza aldaketa dela eta, Gasteizen eta Urbinan dauden lantegietako langileak Madrilen bilduko dira ostegun honetan gai ekonomikoetarako idazkari nagusiarekin, Manuel de la Rocharekin, «lantegiaren etorkizuna bermatzeko urratsak» eta kudeaketaren inguruko gardentasuna» exijitzeko dinamika baten barnean. Estatuko beste lantegi batzuetako atal sindikal gehiagorekin batera izango da bilera.

Asteazken honetan Gasteizko LAB sindikatuaren egoitzan eskainitako prentsaurrekoan gogora ekarri dutenez, Bartzelonako Merkataritza Arolo 2. Epaitegiaren iraileko sententzia baten bidez, Celsa Taldeak hartzekodunak berregituratzeko plana homologatu zen eta Rubiralta familiaren eskuetatik inbertsio funtsen talde handi batera igaroko da.

Aitzitik, ez lehengo ezta etorkizuneko jabeak ez dira Laminaciones Arreguiren plantillarekin harremanetan jarri azalpenak emateko, salatu dutenez, eta «gure informazio bide bakarrak komunikabideetan argitaratuz joan diren berriak izan dira, eta langileok ezin izan ditugu egiaztatu».

Bestalde, Gobernu espainolaren eta jabe berriaren arteko akordioan jasotzen den 18 hilabeteko enplegu bermea «erabat eskasa» dela uste dute, «gainera, elkar ulertzeko memorandumik gabe».

Industria planik ez egotearekiko «kezka» ere adierazi dute: «ezin da ulertu Espainiako Gobernuak industria plan bat eskatu ez izana Celsa Taldeak Estatuan dituen lantegi guzti-guztien, bereziki Laminaciones Arregui eta Nervaceroren jardueraren eta enpleguaren jarraipena egiteko eta horien etorkizuna bermatzeko».

Gobernu espainolak eta jabe berriak erakutsitako «opakotasunaz» gain, Lakuako Gobernuak, Estatuko beste toki batzuetan ez bezala –Katalunia eta Galiza, kasu–, Industria Ministerio espainolarekin eta jabe berriarekin bitartekari lanak ez egin izana deitoratu dute, langileek Lakuarekin uztailetik egindako bilerak gorabehera.

David Garcia enpresa batzordeko presidenteak azpimarratu duenez, beraientzat garrantzitsuagoa da enplegua bermatzea eta industria plan bat izatea, «jabe berria nor den baino». «Laminaciones Arreguik Arabako industriaren erreferenteetako bat izan behar du berriz ere, eta horretarako ahalmena badu, noski, hura ustiatuko duen norbait iristea baino ez du behar», adierazi dute prentsaurrekoan.

Bilerak eta mobilizazioak

Madrileko bileraz gain, Gasteizko Udalak azaroaren 28an egingo duen enpleguaren inguruko osoko bilkuran parte hartzea eskatu dutela iragarri dute, baita Arabako Foru Aldundiko Enplegu eta Industria Garapenerako Sailarekin bilera bat ere. Halaber, Lakuari egindako elkarrizketa eskaerak azpimarratu dituzte eta eragile politikoei bilerak eskatzeko asmoa plazaratu dute.

Horietan guztietan «eskakizun berberak» egingo dituztela nabarmendu dute. Batetik, Laminaciones Arreguiko plantillari eragiten dion edozein akordio langileen ordezkaritzarekin aztertu behar dela eta plantillak onartu behar duela exijituko dute. Bigarrenez, akordioek «jarduera eta enplegua mantentzea, etorkizuna bermatzea eta lan baldintzak errespetatzea» ardatzak izan behar dituztela. Gainera, sektorearen funzionamendua ezagutuko duen «eragile industrial baten agintea eta kudeaketa» eskatuko dute. Azkenik, Laminaciones Arreguiren «hazkundea bermatuko duen» epe ertain eta luzerako industria plan bat nahi dute.

Lanuzteak, manifestazioak eta elkarretaratzeak egingo dituztela iragarri dute.