Manteoko BCCren partzelako lurrak aztertzeko eskatu du EH Bilduk, kutsatuta dauden argitzeko
Manteon Basque Culinary Centerren eraikinerako lursailean hondakin geldoen geruzak 4,5 eta 5 metro arteko sakonera duela egiaztatu ondoren, eta bertan kontolik gabeko isurketak egin zirela jakinda, EH Bilduk lurzoruaren kalitatea zehazteko esplorazio-lanak egiteko eskaera egin eta erregistratu du.
Basque Culinary Centerrek Manteon, Donostiako Gros auzoan, eraiki nahi duen egoitza berriak hartuko duen lurzoruaren kalitatea zehazteko esplorazio-lanak egiteko eskaera egin du EH Bilduk, elementu kutsatzailerik ote dagoen argitzeko. Emaitzak lortu arte lanak geldiaraztea eskatu dute ere.
Udal-taldeak ohar batean azaldu duenez, azaroaren 10ean eta 17an aurkeztutako zenbait idazkitan herritarrek Donostiako Udalari «kezka adierazi» zioten Manteoko lurzoruetan zeuden betelan eta isuriengatik, indusketa batzuk egiten ari zirelako. Aurretik zenbait mobilizazio egin dira eraikuntzaren aurka.
Gogorarazi dutenez, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoaren arabera, 5.2 artikuluak zehazten du «kontrolik gabeko hondakin-biltegi zaharrek, lege honen ondorioetarako, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruei aplikatu beharreko araubide orokorra bete behar dutela».
Hondakin geldoen geruzak 4,5 eta 5 metro arteko sakonera duela egiaztatu dela diote, Basque Culinary Centerren txosten batean agertzen den bezala, eta lursail honetan kontrolik gabeko isurketak egin zirela iraganean.
Bestalde, SOS Manteo bizilagunen elkarteak ohar batean jakitera eman duenez, gaia aztertzeko interpelazio bat erregistratu da ostegunean, hilak 23, egingo den udal Osoko Bilkuran. «Espero dugu gure agintariek egoeraren ardura hartzea eta premia hori baliozkotzea; izan ere, gai honetan kontua ez da Manteon BCC berria eraikitzearen alde edo aurka egotea, baizik eta legeak ezarritakoa betetzea eta donostiarren osasun publikoa bermatzea», adierazi dute. «Bertara joan daitekeen orori» 9.30ean izango den bilkurara joateko deitu dute.