INFO

Matesa-Iwer, «publikoa izan beharko lukeen espazio baten pribatizazioa» salatu du RTX Auzolanek

Larunbat honetan egindako elkarretaratzea. (RTX AUZOLAN)

Larunbat honetan RTX Auzolan taldeko kideek elkarretaratze bat egin dute IWER eraikinaren aurrean, Arrotxapeko Marcelo Celayeta etorbidean, publikoa izan beharko lukeen espazio baten pribatizazioa salatzeko.

Ohar batean azaldu dutenez, Arrotxapea Iruñeko auzorik jendetsuena bada ere (26.000 pertsona erroldatu dira), «ez dira gutxi pairatzen dituen gabeziak».

«Auzoan ez dugu Lanbide Heziketarako zentrorik, Osasun-zentroa masifikatuta dago, eta lehen mailako arretarako itxaron-zerrendak betikoak dira, medikuarekin egiten den lehen kontsulta garrantzitsu hori atzeratuz. Auzoan ere ez dago egoitza publikorik gure adinekoek merezi duten zaintza izan dezaten», adierazi dute.

«Bitartean, Matesa-Iwerren makro proiektu bat sortzen ari dira, luxuzko 30 loft, zaharren egoitza pribatu bat, ikuspegi panoramikoak dituen jatetxe bat, gimnasio bat eta gune komertzial bat, auzoari behar ditugun zerbitzu publiko guztiak emateko hain beharrezkoa izango litzatekeen espazio bat pribatizatuko duena. Ez dugu nahi Arrotxapea logela auzo bihurtzea», gaineratu dute.

Bildutakoek Iruñeko Udalari auzoarekin eta bere kolektiboekin harremanetan jartzeko eskatu diote. «Ezinbesteko da bideratzea horren inguruko eztabaida Arrotxapeko bizi lagun guztion artean», nabarmendu dute, eta zenbait galdera mahigainean jarri dituzte. «Benetan ona al da proiektu hau? Zertan egingo dio mesede gure auzoari? Zergatik ez baliatu aukera hau Arrotxapea guztiontzako hain beharrezkoak diren zuzkidura publikoez hornitzeko?».