INFO

Mikel Zabalza gogoratu dute Orbaizetan, aitortza, justizia eta erreparazioa aldarrikatuz

Mikel Zabalza oroitu dute Orbaizetan, Ola jaiotetxearen atarian. Aitortza, justizia eta erreparazioa aldarrikatu dute tortura kasu guztientzat, eta greba feminista orokorraren atarian, emakumeen «zigor bikoitza» salatu du ekitaldiak.

Orbaizetan igande honetan egindako ekitaldia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Mikel Zabalza oroitzeko ekitaldia egin dute Orbaizetan, bere jaiotetxea izan zen Ola etxean. Gogoratu dutenez, «38 urte dira orbaizetarra torturapean hil zutela Intxaurrondoko kuartelean». Ekitaldiak orduko gertaerak gogoratu eta gaur egun, oraindik ere, torturaren inguruko indarkeriak aitortzeko egin beharreko bidea aldarrikatu du.

«Praktika sistematikoa izan da tortura gure herrian, eta premiazkoa da kasu guztien aitortza, justizia, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko bermea errealitate bilakatzea; premiazkoa den bezala emakumezkoen tortura patriarkala aitortua izatea», adierazi du Ainhoa Buenok Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenaren izenean.

Gogora ekarri dute Mikel Zabalza 1985. urtean atxilotu zuela Guardia Zibilak Donostian. Desagertutzat emana, bertsio ofizialaren arabera Bidasoa ibaira salto egin eta ihes egin zuen orbaizetarrak, Guardia Zibilarekin batera ustezko zulo baten bila zihoanean. «Hogei egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoako uretan, abenduaren 15ean», oroitu du herri ekimenak.

Azaldu duenez, familiak ez zuen inoiz bertsio ofiziala sinetsi, ezta herrikideek ere. «Zabalzaren hilketak bereziki hunkitu zuen herri hori baina Euskal Herri osoan eragin zituen protestak», oroitu dutenez.

Lakuaren aldetik biktima gisa aitortua 2021etik, Nafarroan aztertzen ari da auzia, beste 300 lagunen torturen lekukotasunekin batera. Horren aurrean, «ausardia» eskatu dio herri ekimenak Chiviteren Gobernuari, «aitortzak erreparaziotik urrats bat gertuago jarriko dituelakoan».

Espejoren maila-igoera

Bestalde, bide horretan dauden «kontraesanak» salatu dituzte: «Dokumentu ugari desagertuta daude, desklasifikatu gabe, eta, beste adibide bat, aurtengo apirilean Mikel Zabalzaren heriotzan inplikatuta dagoen Arturo Espejo Valero guardia zibila teniente general izendatu zuten».

«Espainiako Estatuan, torturak babes instituzionala behar duela erakusten du honek, eta Euskal Herriko disidentzia politikoaren aurkako esarategiak bizirik daudela», adierazi dute Orbaizetan.

Era berean, torturarekin lotuta, indarkeria matxistaren aurkako egunaren biharamunean eta azaroaren 30erako deitututako greba feministaren atarian, emakumeek sufritutako zigor bikoitzaren» salaketa agertu dute.

«Errudun sentiaraztearen bitartez, praktika guztiek ideia bera transmititu nahi izan dute: emakume horiek ez zirela onak, edo ez behintzat, sistemak behar zituen emakumeak». Errealitate hori agerian uzteko, hainbat emakumeren testigantzekin osatutako irakurketa musikatua egin dute, eta Nafarroako Torturatuon Sarearen parte hartzea izan du ekitaldiak.