Peñak erabaki du Segurako partida gogorra
Tolosako aurrelaria errematean asmatu ezinik ibili da neurketaren lehen erdi luzean, baina azken txanpan asmatu egin du. Albisu on batekin 19-22 gailendu dira 735 pilotakada eta 80 minutuko partida luzetxo egin zaien Artola eta Imazen aurka. Lehen jardunaldia ostegunean osatuko da Eibarren.
Peñak eta Albisuk izerdia majo bota behar izan dute Binakako Txapelketan lehen puntua eskuratzeko. Ordu eta hogei minutuko iraupena izan duen neurketan, eta 735 pilotakada jo ondoren, 19-22 menderatu dituzte Artola eta Ander Imaz Segurako Baratze pilotalekuan.
Azkenean, eta partidako une askotan deseroso ikusi zaion arren, Jon Ander Peña izan da norgehiagoka erabaki duena. Jokoan egin dituen sei tantoetatik lau azken txanpan sinatu ditu aurrelari tolosarrak, Albisuk atzean erakutsi duen nagusitasuna markagailuan islatuz.
Izan ere, guk jokoan egindako tanto kopuru berdina apuntatu dizkiegu Peñari eta Albisuri. Partidaren erdialdera beherakadatxo bat izan arren, Ataungo atzelariak neurketa bikaina jokatu du, indartsu iritsi da une erabakigarrira, eta pilota asko bihurritu ditu atzeko koadroetan, defentsan maisua den Ander Imaz ezinean ipintzeraino.
Artolaren hasiera indartsua
Lehen zatian, ordea, bestelako itxura izan du Segurako demak. Iñaki Artola izan da bereziki indartsu hasi dena, pilotakada oso biziak joz eta erritmo handian jokatuz. Alegiarra oso inspiratuta ikusi dugu eta hiru tantoko aldeak izan dituzte gorriek markagailuan (6-3, 8-5 eta 9-6).
Urdinek lau tanto jarraian egin dituzte, 9-10 aurreratuz, baina jokoak norabide beretik jarraitu du lehen atsedenaldi luzearen ondoren. Gorriak sendoago ari ziren eta Artolaren ezker bolea batek 15-11koa igoarazi du markagailura, urdinak ataka estuan ipiniz.
Baina bigarren aldiz ere urdinak garaiz erreakzionatzeko gai izan dira, tartean aurkarien opari batzuekin. Baina batez ere Jon Ander Peña aurrean gehiago asmatzen hasi delako. Ordura arte pilota ezker airez gurutzatu ezinik ibili ostean, azken txanpan ederki bilatu ditu angeluak.
Peñaren amorrua
Ederrak izan dira 16-17koa (lehenik pilota gantxoz ireki eta gero asko atzeratuz), 19-19koa (alderantziz, lehenik atzeratu eta gantxoz amaituz) edota 19-21ekoa (abiadura ikaragarrian jotako ezker gantxoz). Bere amorru ohiuak adierazgarriak izan dira, txalo zaparradak ere halakoak, eta Artolak galdutako azken pilotak garaipena urdinen poltsikora eraman du.
«Sinatuko nuke partida guztiak horren gogorrak izatea bukaeran garaipena lortuz gero», aipatu du Peñak neurketa amaieran. «Hein handi batean pilotengatik izan da. Beldurra izaten dute horrelako pilotalekuetan pilota biziegiak jartzeko, baina hormak lakarrak direnean segituan gastatzen dira. Azkenean patata hutsak ziren eta uste dut guri pilota biziagoak komeni zaizkigula», iritzi dio tolosarrak.
Jokoari buruz, partidan sartuta jarraitzearen garrantzia nabarmendu du. «Albisuk ongi jokatu du, baina ni ez naiz oso eroso aritu. Hala ere, lanean jarraitu dugu, oso kontzentratuta, eta bukaeran gehiago asmatu dut».
Antzeko irakurketa egin du atzelari ataundarrak. «Oso gogorra izan da. Bagenekien horrela izango zela, eta prestatuta etorri gara. Ni gustora sentitu naiz, bera ez hainbeste, baina lanean jarraitu dugu eta azken tantoetan berak erabaki du. Garrantzitsua da puntua, Artola eta Imaz aurkari zuzenak izango direlako ligaxkan».
FITXA
Pilotakadak: 735. Partidaren iraupena: 79 minutu eta 57 segundo. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-2, 3-2, 3-3, 6-3, 6-5, 8-5, 8-6, 9-6, 9-10, 12-10, 12-11, 15-11, 15-16, 16-16, 16-17, 17-17, 17-18, 19-18 eta 19-22. Sakez: 1 Peña II.ak. Jokoan egindakoak: 10 Artolak, 2 Imazek, 6 Peña II.ak eta 6 Albisuk. Jokoan galdutakoak: 6 Artolak, 3 Imazek, 3 Peña II.ak eta 4 Albisuk. Gertaerak: Segurako Baratze pilotalekua leporaino beteta. Lehen sakea urdin.
Debut zaila Senarrentzat
Albisuk bultzada handia izan du harmailetan, Segurako frontoia ataundarrez bete delako gaur. Izan ere, jaialdia osatu duten zortzi pilotarietatik hiru ataundarrak izan dira. Lehen partidan, bigarren mailako Binakakoari zegokionean, Beñat Senar aurrelari ataundarrak debuta egin du profesionaletan, Eskirozekin bikote osatuz Iraitz Zubizarreta beste ataundarra eta Ugartemendiaren kontra.
Senar Larrazabalen ordezko moduan sartu da, eta ez du debut erraza izan, Zubizarretak eta Ugartemendiak partida bikaina jokatu dutelako. Debutariak bere mailaren traza batzuk erakutsi ditu, eskuin sotamanoarekin duen kolpe gozoa aipagarriena, baina azkenean 22-11 galdu du.