INFO

Amazon Trapagarango langileak grebara itzuliko dira Gabonetan

«Enpresaren immobilismoaren aurrean», Amazon Trapagaran enpresako langileek jakinarazi dute Gabonetan grebara itzuliko direla, iazko Cyber Monday egunean egin zuten bezala. Hitzarmen propio bat aldarrikatzen dute.

LAB eta ELA sindikatuen prentsaurrekoa Trapagarango Amazonen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Duela urtebete, Amazon Trapagaran enpresako langileek 24 orduko lehen greba-eguna egin zuten Cyber Monday egunarekin batera. Urtebete geroago, salatu dute euren aldarrikapenak berdinak direla, eta berriz ere «hitzarmen propioa negoziatzea» exijitu dute, Gabonetan grebara itzuliko direla jakinaraziz.

«Egun historiko hartatik 365 egunera, borrokara itzuli behar izango gara, enpresak negoziatzeko borondaterik ez duelako. Pazienteak izan gara, elkarrizketarako borondatea izan dugu, nahiz eta denbora galtzea besterik ekarri ez duten bilerak izan. Hala ere, lortutako erantzuna beti berdina izan da: ez dute negoziatzeko inolako asmorik», azaldu dute LAB eta ELA sindikatuek ohar bateratu batean.

Zentzu honetan, azpimarratu dute enpresak «langileen eskaerei jaramonik ez egitea enpresa-batzordearekiko eta plantillarekiko errespetu falta izugarria» dela. «Langileen ordezkaritza legitimoari eta gure eskubideak defendatzeko funtsezko tresna den negoziazio kolektiboari adarra jotze horren aurrean, argi diogu: nahikoa da! nazkatuta eta haserre gaude», kritikatu dute.

«Elkarrizketa eta negoziazioari dioten mespretxuen» aurrean, sindikatuek ohartarazi dute ez dutela «amore emango» eta «konfrontazioa» dela uzten dieten irtenbide bakarra. Beraz, adierazi dute «aurten ere ez dela normaltasunik egongo Amazonen Gabonetan», «geure errealitatera egokitutako hitzarmen propio bat» exijitzeko.

ELAk legez kanpoko lagapen epaia lortu du Amazonen aurka

Bestalde, ostiralean argitaratu zen informazioa baieztatuz, ELAk azaldu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baietsi egin duela Amazonek Gipuzkoa SDR Smart Delivery Routes SDR kontratako kaleratze kolektiboaren aurka ELAk jarritako demanda. Sententziak kaleratzeak bertan behera utzi, eta onartzen du plantilla zuzenean Amazon multinazionalera batzea.

Gainera, auzitegiak ELA sindikatuari 5.000 euro ordaintzera zigortu ditu enpresak, oinarrizko eskubideak urratzeagatik, «EREaren erabakia plantillaren lan baldintzak hobetzeko aurretiazko akordioaren ondorio» izan zelako.