INFO

Itsas Zaintza Sareak antolatutako ekimenetan 350 kilo hondakin jaso dituzte Gipuzkoan

Igandean antolatutako ekimenetan 350 kilo hondakin jaso zituztela jakinarazi du Itsas Zaintza Sareak. Zarautzen, Donostian, Pasaian, Hondarribian, Zumaian eta Mutrikun egin zituzten itsas hondakin bilketak 250 pertsona baino gehiagoren parte-hartzearekin.

Hondarribian egin zuten hondakinen bilketa. (Itsas Zaintza Sarea)

Joan den igandean, azaroak 26, Itsas Zaintza Sareak, hots, itsasoa zaintzeko lanean diharduten Gipuzkoako itsas eragileen sareak, lehen ekintza bateratua burutu zuen. 250 pertsona baino gehiago batu zitzaizkien Gipuzkoako kostaldearen zaintzarako Zarautzen, Donostian, Pasaian, Hondarribian, Zumaian eta Mutrikun deitutako itsas hondakinen bilketetara. Jardunaldi «arrakastatsua» izan zen sarearen arabera. Izan ere, 350 kilo hondakin jaso zituzten guztira, jakitera eman dutenez.

MATERetik koordinatutako aldi bereko ingurumen sentsibilizazio ekintzarik handiena izan da, azaldud utenez. Jardueraren lehen orduan, familiek, bizilagunek, eragileek eta itsas eremuko profesionalek indarrak batu zituzten eta 350 kilo bildu zituzten guztira. Sarearen helburuetako bat da ingurunearen ezagutza jendartearekin partekatzea.

Bildutako objektu bakoitza bereizi eta kontabilizatzeko prozesu sakonari ekin zioten ondoren, datu horiek administrazioarekin eta ikerketa zentroekin partekatzeko aukera izateko. 8.600 objektu eta hondakin zati baino gehiago bildu zituzten.

Itsas hondakin bilketa handi honetan, hainbat itsas eragile inplikatu ziren: Eskuene Mutrikun (Saturraran); Taosa Igeriketa Taldea, Geoparketa eta Redymar Zumaian (Itzurun); Shelter Surf Eskola Zarautzen; Mundaiz Ikastetxea, DYA, Kairoscore, Real Club de Tenis Donostian (Urumea); Pasaia Kayak eta Guardia Zibilen Itsas Zerbitzua Pasaian (Alabortza); eta Hondarribin, Recicla Bizkilatu eta Hondarribiko Club Nautikoa.