Mosaiko erraldoia osatuko du Gernika-Palestina ekimen herritarrak abenduaren 8ko ekitaldian
Asteazken honetan ospatuko den Palestinar Herriarekiko Nazioarteko Elkartasun eguna aprobetxatu du Gernika-Palestina ekimenak abenduaren 8an egingo duen mobilizazioren inguruko xehetasunak emateko. Hain zuzen, «giza irudi erraldoia» osatuko dute Gernikako Pasialekuan.
Gernika-Palestina deialdi herritarrak abenduaren 8an Gernikan egingo duen mobilizazioaren xehetasunak eman ditu astearte honetan, azaroaren 29ko egunak palestinarrentzat duen garrantzia aprobetxatuz.
Hain zuzen, Igor Otxoa musikariak eta Mohamed Farajallah ekintzaile palestinarrak Bilbon egindako agerraldian jakitera eman duten arabera, hurrengo abenduaren 8an, 12.00etan, Genikako Pasialekutik abiatuko da Gernika-Palestinak antolatu duen mobilizazio nazionala. Ekimenak bi parte izango ditu.
Alde batetik, «giza irudi erraldoia» osatuko dutela «sinbolismoz betetako 1937an Gernikan bonbardatu zuten merkatua zegoen lekuan». Mosaiko hori osatzeko euskal jendarteari deialdia luzatu diote eta, ekimenaren dimentsioa kontutan hartuta, kalkulatzen dute 120 boluntarioen laguntza beharko dutela goizean zehar.
Bestetik, mobilizazioaren bigarren partea hainbat euskal eta palestinar artista eta sortzaileak hartuko duten ekitaldia izango da. Besteak beste, Eñaut Elorrieta, Ihsan O.S eta Ikrame Benzyane palestinar abeslariak; Saba Alhussain; Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeita bertsolariak; Mohamed Farajallah eta Oreka Tx-en parte-hartzea aurreikusita dago. Gainera, jakinarazi dute Jon Maia hainbat hizkuntzatan irakurriko duten testua ari dela sortzen, «gure mugetatik at eragina eta hedapena izango duen ekimena izatea bilatzen baitugu».
Palestinar Herriarekiko Elkartasun eguna
Ana Mezo Pentsionistak Martxan ekimeneko bozeramaileak eta Sabin Ibazeta Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideak irakurritako manifestuan azpimarratu dute azaroaren 29ak daukan garrantzia, Palestinar Herriarekiko Nazioarteko Elkartasun eguna ospatzen baita. «Egun horretan, 1947an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 181 ebazpena onartu zuen, gerora ‘zatiketaren ebazpena’ bezala ezagutua. Ebazpen horretan, Palestinan ‘Estatu judua’ eta ‘Estatu arabiarra’ sortzea xedatzen zen, Jerusalem nazioarteko erregimen berezi baten menpe corpus separatum gisa zuela. Ebazpen horretan aurreikusitako bi estatuetatik, orain arte bakarra sortu da: Israel», adierazi dute.
Gainera, 1948ko abenduaren 10ean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zela gogora
ekarri dute, baita urte hori palestinarrentzat Nakba-rena izan zela ere.
«Gernika zibilen kontrako lehen bonbardaketa masiboa pairatu zuen hiria» izan zela gogoratuz, eta Palestinan bizi ari den egoerari buruz, azken egunotako su-etena «itxaropenerako leiho txiki bat» izan dela baloratu dute, baina deitoratu dute «argi eta garbi dagoela ez dela nahikoa, su-etenak betikoa behar du eta neurri politikoak eskutik ekarri beharko lituzke».
Astearte honetako agerraldian parte hartu dutenen artean egon dira Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohia, Agus Hernan Foro Sozialeko kidea, Gorka Otxoa aktorea edo Ina Robles suhiltzaile getxoztarra, Bilboko portuan Arabia Saudira zihoan arma kargamentu bat zaintzeari uko egin ziona, besteak beste.