INFO

Hogei urteren ondoren, Sara Fernandez Iruñeko Alde Zaharrean gogoan dutela nabarmendu dute

Sara Fernandez, duela hogei urte sakabanaketak eragindako istripu batean hildakoa, gogoratu dute Iruñeko Alde Zaharrean. Urruntzearekin amaitu bada ere, salbuespeneko politika indarrean dagoela salatu dute. Honez gain, sakabanaketaren biktimentzat aitortza aldarrikatu dute.

Sara Fernandez gogoratzeko Iruñean egin duten mobilizazioaren burua. (Iñigo URIZ | FOKU)

Duela hogei urte Valdemoroko espetxera lagun bat bisitatzera zihoala Aranda de Dueron izandako istripu baten ondorioz hil zen Sara Fernandez. Sakabanaketak eragindako biktima da, beste 15 herritar bezala. Urteurrenarekin batera, Iruñeko Alde Zaharreko karriketan barna izan den manifestazioak auzoak ez duela ahaztu nabarmendu dute ozen. Atzo Nafarroako Antzerki Eskolan egin zuten ekitaldiaren jarraipena izan da gaurko mobilizazioa.

‘Sara gogoan zaitugu’, ‘Dispertsioa hiltzailea’, ‘Auzoak ez du ahaztuko’ edo ‘Auzoak ez du barkatuko’ oihuak botaz abiatu da manifestazioa Errekoletak plazatik, ‘Sara gogoan. Aitortza. Erreparazioa. Ez errepikatzeko bermeak’ leloa zuen pankarta baten atzetik.

San Saturnino jaia aprobetxatu zuen Sara Fernandezek Valdemororako zorigaiztoko bidaia egiteko. Eta Iruñeko patroiaren eguneko ospakizunekin batera egin ohi da manifestazioa. Gauzak horrela, Gaztelu plazatik erraldoien desfilearekin bat egin dute manifestariek. Gobernu espainolaren Ordezkaritzak ibilbidea lau aldiz aldatzera behartu zituen antolatzaileak, baina azkenean ez dirudi aukerarik hoberena hautatu zutenik.

Sakabanaketaren 16 biktima

Manifestazioa Aldapako San Fermin elizaren alboan amaitu da eta bertan ekitaldia egin dute. «Legea errespetatu izan balitz, Sarak ez zukeen egun horretan leku horretan egon behar. Legea errespetatuz izan balitz, Sarak ez zuen bizitza galduko 34 urterekin, preso dagoen lagun bat bisitatzeko jaiegun bat inbertitu nahi zuelako bakarrik. Legea errespetatu izan balitz, Sarak eta beste hamabost lagunek, euskal presoen senide eta lagunek, ez zuketen bizia galduko salbuespeneko espetxe politika batek behartutako bidaietan», nabarmendu Sareko kide Mikel Mundiñanok.

Hogei urte geroago, oraindik Estatu espainolak heriotz haueten duen ardura onartzeko zain daudela ere salatu du. «Ardura erakustea konponketarako lehen urratsa izan beharko luke», gaineratu du.

Estatuak, ordea, euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko politika ez duela indargabetu salatu du. Hori dela eta, presoek dituzten eskubideak lortzeko bideari oztopoak jartzeari uzteko esakatu du, elkarbizitzarako aurrepausua delakoan. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak «interes orokorrak dioenaren aurka ingenieritza juridikoa» erabiltzea gaitzetsi du.

Gauzak horrela, «une honetan inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriko emakume eta gizonok modu masiboan mobilizatzea presoen etxeratze bidean jartzen ari diren oztopoak kentzeko. Urrunketarekin amaitzeko egin dugun ahalegina ez dugu bakarrik egin Euskal Herriko espetxeetan egon daitezen. Ez. Euskal Herriratu ditugu, orain etxeratu behar ditugu!».

Urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestazioaren garrantzia nabarmendu du Mundiñanok eta datozen asteotan herri eta auzoetan ere mobilizazioak izango direla gogoratu du.

Abenduaren 6an, Karmele Solaguren

Sakabanetaren biktimak gogoratzeko Nafarroan dagoen hurrengo zita abenduaren 6an izango da, Karmele Solagurenen omenez Barañainen paraturiko monolitoan. Duela 19 urte hil zen, beste istripu batean, Soria inguruan, espetxean zen Ekain Gerra semea bisitatzera zihoala.

Sara Fernandez gogoratzeko Alde Zaharreko plataformako kide batek «auzoan ahaztuta ez dagoela» nabarmendu du. Baina aitortza ezinbestekoa dela aldarrikatu du. Horretarako, Nafarroako indarkeria polizialaren biktimen errekonozimendurako onartu zen legea horretarako tresna egokia izan daitekela azpimarratu du, dispertsioaren biktimak arau horretan kokatu daitezkeelakoan.

Sara Fernandezen irudi baten aurrean aurreskua dantzatu dute eta, ondoren, krabelin gorri sorta paratu dute.