INFO

Coscaratek dimisioa eman ondoren Haristoy da Baigorriko behin-behineko auzapeza

2014ko bozetan Baigorrin gertatu zen aro politiko berria irudikatu zuen Jean-Michel Coscaratek dimisioa eman du osasun arrazoiak tartean. Herriko Kontseiluak bere ondorengoa izendatu arte Marie-Agnès Haristoyk jardunen du behin-behineko auzapez gisara Nafarroa Behereko herrian.

Jean-Michel Coscarat, Nafarroaren Eguna kari antolaturiko ekimen batean mikrofono eskuetan. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Joan zen azaroaren 27an eginiko udal batzar orokorrean eman zuen albistea Jean-Michel Coscaratek. 2014ko bozetan Baigorrin gertatu zen aldaketa politikoa irudikatu duen ordezkariak dimisioa eman du.

Hautetsiei zein udal langileei azaldutakoaren arabera osasun arazoak tartean hartu du bere kargua uzteko erabakiak Coscaratek. Prefeturari dagokio dimisioa ofiziala egin ondoren auzapeza berria hautatzeko prozedura martxan ematea.

Edonola ere, Baigorriko udalan izanen den aldaketaren berri eman duen 'Mediabask' astekariak oroitarazi zuenez legearen arabera hamabost bat eguneko epea du herri kontseiluak auzapez berria hautatzeko desmartxa hori betetzeko.

Costaratek dimisioa eman ondoren, trantsizio epe horretan auzapezaren funtzioa beteko du orain arte lehen auzapez-orde izan den Marie-Agnès Haristoyk.

Ziklo aldaketa

Urte luzez eskuinak gobernatu zuen Nafarroa Beherejo herrian aldaketa zikloa heldu zen 2014an.

Jean-Michel Coscarat buru zuen Aitzina Baigorri izeneko hautes-zerrenda garaile atera zen herriko hauteskundean, 85 bozen aldearengatik, irabazi ostean.

Jean-Michel Coscaratek aurrez-aurre izan zuen Jean-Baptiste Lambert 'Une equipe dynamique' zerrendapean aurkeztu zen eskuinaren hautagaia.

Aitzina Baigorri zerrendaren buruak bozen %53,47 lortu zituen. Lambertek berriz, %46,52.

Gehiengoko hauteskunde sistema jarraituta, abertzaleen babesa zuen zerrendak lehen itzulian garaipena aldarrikatu zuen. Horren ondorioz 15 hautetsi lortu zituen herriko kontseiluak, eta oposizioak, ordea, lau.

Indarrak batzeko estrategiak emaitza ezin hobeak eman zizkien ezkerreko abertzalei mugarri gisara hartuak diren 2014ko herriko bozak. Baigorrin soilik ez Uztaritzen, Hiriburun, Aiherra edo Izuran ere gailendu ziren ezkerreko abertzaleen sortenguz eraturiko hautagaitzak.

Handik sei urtetara, 2020ean, Aitzina Baigorrik berriro ere irabazi zituen bozak. Orduan Coscaratek ez zuen beste inor aurrez aurre ukan.

Antton Kurutxarri izan zen zerrendaburu, Jean-Michel Coscarat hirugarren gisa agertu zela.

Izan ere, Kurutxarrik Euskal Elkargoan delegatu gisa aritzeko hautua egin ondoren -Euskararen Erakunde Publikoaren buru jardun du Kurutxarrik joan zen urriaren 19an Maider Behotegi departamendu kontseilariak egitura horren txandakazko legendakaritza hartu arte- Coscaratek agintaldi berriari Baigorriko alkate gisara ekin zion 2020an.