INFO
‘Puta gorda’ album ilustratuko argazkietako bat. (Helena AZKARRAGAURIZAR)

«Puta gorda»

Kontzientzia, norberak sortua ala inguruak eraikitakoa da? ‘Puta gorda’ album ilustratuan (Erein) nerabe batek bere buruari ezartzen dion «zigorra» ateratzen da argitara, gizarteak sortutako egoera baten ondorio, non estetikaz gain, elikadura arazoak, lotsa, damua eta abar azaleratzen diren.


Helena AZKARRAGAURIZAR

Ez zara puta bat, ez zaude lodi baina horrela deitzen dizute. Eta horrela nahi ez baduzu ere, urteetan gogorarazi dizute zenbait ikaskidek. Batzuetan, horrelaxe, gordin-gordinik: puta gorda. Beste batzuetan begirada batekin. Ninietan irakur ditzakezu hitzok: puta gorda.

Helena AZKARRAGAURIZAR

Hasieran gorda zen bakarrik, puta gabe. Batek esan eta besteek barre egiten zuten parkean. Zu! Gorda! Pasatu baloia! eta zuk, ingurura begiratu ere egin gabe, pasatu egiten zenien, bazenekielako zuri esaten zebiltzala, ez beste inori, zu baitzinen han zegoen gorda bakarra (...). Ez egin jaramonik, tontakeriak baino ez dira, esaten zizun irakasleak kexaka joatean zinenean (...). Ez egin jaramonik, esaten zizuten gurasoek, zu ez zaude lodi. Baina bazenekien baietz. Hainbestetan esaten bazizuten, zerbaitengatik izango zen. Zergatik, bestela?

Helena AZKARRAGAURIZAR

(...) Haserreari kontra egiteko txokolatezko galleta batzuk jateak on egingo dizula esaten dizut. Zorroko patata frijituak. Gazta apur bat. Ogia. Beste txokolatezko galleta bat. Coca-Cola lata bat. Kakahueteak. (...) Komunean sartzearekin batera, belaunikatu zara komunontziaren aurrean, arestian irentsitako guztia botatzeko. Esku batekin ile matazari eutsi diozu eta beste eskuko erdiko atzamarra eta erakuslea sartu dituzu gingileraino, eta ez da beharrezkoa izan gehiegi laztantzea, hantxe irten dira urdaileratu dituzun txerrikeria guztiak. Guztiak, errua izan ezik.

Helena AZKARRAGAURIZAR

Dutxa bat hartzea komeni zaizu, goizean ere dutxatu zaren arren. Ilea koipetsu nabaritzen duzu eta, galtzarbea usaindu duzunean, tipula zaharraren hatsa hartu diozu. Kiratsa darizu, neska, normala inork zure ondoan egon nahi ez izatea.

Helena AZKARRAGAURIZAR

Bazara ikusezina, neurri batean, badakizu. Inork ez baitzaitu gizaki arrazional bat bezala ikusten, puta gorda, alfer, zikin, ustel, zerri nazkagarri bat bezala baizik. Bizitzerik ere merezi ez duen gantz-masa. Hori zara zu. Horrenbestez, inork ez zaitu maite, inork ez zaitu begi-bistan nahi. Infernuko berrogeita zazpi lauza eta erdi. Ikusezina izan nahi duzu. Ba ez bilatu aitzakiarik, bilatu ezazu ikusezin izateko modua.

Helena AZKARRAGAURIZAR

Adeitasunez, zeure burua.

Helena AZKARRAGAURIZAR