Txapelduna bueltan da eta errepikatzeko gogoz datorrela dirudi
Akatsik batere egin ez zuen Beñat Rezusta fresko eta agintari batek bikain lagunduta, Aitor Elordik 14 tanto amaitu zituen Binakakoaren aurtengo lehen partidan eta garaipen erosoa eskuratu zuten ezinean aritu ziren Elezkano eta Martijaren aurka.
Uda osoan bere sasoi punturik onena berreskuratu ezinik aritu ostean, Aitor Elordi indartsu itzuli da iaz horrenbeste eman zion Binakako Txapelketara. Iaz Jose Javier Zabaletarekin lan itzela burutu ostean, aurten Beñat Rezustarekin osatuko du bikotea eta atzo Eibarren lehen jardunaldiko azken partidan erakutsitakoa denboran mantentzeko gai badira, gauza handiak egiteko moduan dira. Bakoitza bere postuan, mallabitarra eta bergararra Jokin Altunaren ordez aritu zen Danel Elezkano eta Julen Martija baino askoz gehiago izan ziren eta uste baino errazago eskuratu zuten lehen puntua.
Lau eta Erdikoan, baina, batez ere, binaka jokatutako azken partidetan, Aitor Elordik hobekuntza nabarmena erakutsia bazuen, San Andres eguneko estelarrean duela 12 hilabeteko pilotari bera ikusi genuen berriz Astelenako kantxan, txisparekin, erasoan ausart, defentsan langile eta, bereziki, ezker gantxoarekin tanto piloa amaituz. Horma-bikoarekin ere min egin zion Elezkanori, baina airez zortzi tanto ere zenbatu genizkion. Ederrak asko, baina bat nabarmentzekotan, 6-3koa, Elezkanok motz ateratako sakeari hiru eta erdian boleaz sartuz eta bi paretak jota zabalean amaitutakoa. Konfiantza hori berriz ere goian dagoen seinale argia da, ezbairik gabe.
Rezusta, oso sendo
Txalorik gehien mallabitarrak jaso bazituen ere, ezin aipatu gabe utzi Beñat Rezustak jokatutako partida borobila, pilota bakarra ere galdu gabe. Bergararra freskatuta sumatu genuen udan eta Lau eta Erdikoan fokuetatik at egon ostean, bere urteko zita garrantzitsuenera ere indartsu heldu dela berretsi zuen txapelketara bueltan. Pilota bizi irten zitzaion ezker eskutik eta 9-4koan Martijaren bizkarra Astelenako errebotean itsatsi zuen pilotakada itzel batekin.
Biak sasoian, oso kontuan hartzeko bikotea osatzen dute bizkaitarrak eta gipuzkoarrak. Rezusta atzo Martijari bezala dominatzeko gai bada, lan zailak izango dituzte gainontzeko bikoteek, txapelduna inspirazioa berreskuratuta itzuli baita eta, aurkariek estutu zituzten gutxietan, defentsarako dohain eta borondate handiak erakutsi baitzituzten.
Elezkanok, oldarkor, partida hasiera polita izan zuen bi tanto politekin 0-2 aurreratzea lortuta, baina hortik aurrera ezinean aritu ziren, bai bera, baita erabat dominatuta ibili zen Martija. Partida ikusten harmailetan zen Jokin Altunak ere lanak izango zituen atzokoan parean izan zuren bikote handia geratzen.
Elezkano eta Martijarentzat onena atzoko porrotari buelta askorik emateko astirik ez dutela da, bihar bertan bigarren jardunaldiko partida izango baitute Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka Lizarran.
Zornotza pro-fest
Bigarren jardunaldia, ordea, gaur bertan hasiko da Zornotzako Pilota Pro-Fest lehen jaialdiarekin. Bertan lehen jardunaldian garaipena eskuratu zuten Baikoko bi bikoteak arituko dira elkarren aurka; Jaka-Mariezkurrena Peña II.a-Albisuren aurka. 22. kartoira heltzen den bikoteak, gutxienez bi egunez, sailkapenaren lehen postua bermatua izango du.
FITXA TEKNIKOA
Elordi-Rezusta: 22
Elezkano-Martija: 8
Pilotakadak: 391. Iraupena: 47,40 minutu. Markagailua: 0-2, 5-2, 5-3, 7-3, 7-4, 12-4, 12-5, 15-5, 15-6, 17-6, 17-8, 22-8. Sakeak: Ez zen saketik egindako tantorik egon Egindakoak: 14 Elordik, 1 Rezustak, 4 Elezkano II.ak eta 1 Martijak. Galdutakoak: 3 Elordik, 0 Rezustak, 4 Elezkano II.ak eta 3 Martijak. Gorabeherak: 546 lagun Eibarko Astelenan. Estelarreko bigarren tantoa amaituta, grebaren aldeko talde bat kantxara irteten saiatu zen pankarta batekin. Aurretik paskinak bota zituzten harmailetan. Segurtasun langileek istilu handirik gabe kanporatu zituzten.