INFO

Zortzi jostorratz oso propio Anaitasunari final eder bat josteko

Nafarroako finalak ederra izateko osagai guztiak dauzka: eskarmentudunak eta finalista berriak; bidean sufritu dutenak eta aiseago iritsi direnak; ilusioa gainezka dutenak eta anbizioa ezkutatu ezin dutenak... Osagaiak badira; orain, parean egokitu behar.

Nafarroakoa zortzi finalistak, Anaitasunan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak Iruñeko Anaitasuna kiroldegia bertsoz betetzeko helburua izango du gaur arratsaldean. Txapelketa urriaren 7an abiatu zen Iruritan eta ondoren Vianan, Uharten, Leitzan, Altsasun, Agoitzen eta Lesakan egin ditu kanporaketak.

«Bi hilabetez, Nafarroako eskualde ezberdinak zeharkatu ditu txapelketak, bertsogintza hona eta hara hedatuz, eta harekin batera euskara bera eta euskarazko kultur sorkuntza herrialdean barna zabalduz. Bide horretan, 1.700 lagun baino gehiagok egin dute momentuz bat txapelketarekin. Horiei gehitu beharko zaizkie finalerako espero ditugun entzuleak, 2.000 baino gehiago izango direnak», adierazi du Nafarroako Bertsozale Elkarteko presidente Nerea Bruñok.

Ibilbide honetan Nafarroa bertsolaritza osasuntsu eta anitz agertu dela nabarmendu du Bruñok, zortzi finalisten argazkiak ere hori islatzen duela gaineratuz. Orain bi urte bi finalista berri izan ziren, orain berriz beste bi daude. «Hori, zalantzarik gabe, bertsolaritzaren transmisioan etengabe egindako lanaren fruitu da, eta poztekoa da, katea ez delako eten», esan du.

Lurraldetasunari dagokionez ere, azken urteotako argazkirik anitzenetakoa dela gaineratu du. Izan ere, eskualde desberdinetakoak dira zortzi finalistak. Honetan ere, bertsolaritza Nafarroa osora hedatzeko azken urteotan egindako lana ikusten dela azpimarratu du.

Parekidetasunari buruz, ez dira hain baikorrak izan. Soilik bi finalista dira emakumeak. «Hau izango da, dudarik gabe, hurrengo urteetako erronka nagusietako bat, txapelketako parte hartzaileen arteko genero arrakala bultzatzen duten arrazoiak identifikatu eta horiei konponbidea jartze aldera», erantsi du Bruñok.

Zortzi bertsolari hauek dira Iruñeko finalean arituko direnak: Eneko Lazkoz (Etxarri Aranatz, 1983), Joanes Illarregi (Leitza, 1999), Josu Sanjurjo (Lesaka, 1993), Julio Soto (Iruñea, 1987), Saats Karasatorre (Etxarri Aranatz, 1992), Saioa Alkaiza (Iruñea, 1991), Sarai Robles (Barañain, 1996) eta Xabat Illarregi (Leitza, 2001).

Finalisten artean, bi dira lehen aldiz final batean parte hartuko dutenak, Saats Karasatorre eta Sarai Robles. Gainerakoak, finalean aritutakoak dira. Julio Sotok hamaikagarren finala du, Eneko Lazkozek zortzigarrena, Joanes eta Xabat Illarregik hirugarrena, eta Josu Sanjurkok eta Saioa Alkaizak bigarrena.

Badira ere txapeldun izandako bi: Saioa Alkaiza egungo txapelduna eta bost txapel dituen Julio Soto (2010, 2011, 2015, 2017 eta 2018).

Gai jartzaileak Ainhoa Larretxea eta Ander Aranburu izango dira eta epaimahaia Aimar Sagastibeltzak, Amaia Telletxeak, Joseba Beltzak, Mikel Beaumontek, Nere Bruñok eta Saioa Mitxelenak osatuko dute.

Txapel jartzailea Alaitz Rekondo (Lesaka, 1980) izango da. Aurten, hamabi urteren ondoren, Nafarroako Bertsozale Elkarteko presidentea izateari utzi dio eta finala baliatu nahi dute orain arteko ekarpenari omenaldia egiteko.

Finalaren datuak

Bi atal izango ditu finalak. Lehen atala zortzi bertsolariek jokatuko dute. Bigarren atalera, aldiz, lehen atalean puntuaziorik altuena lortzen dutenak pasako dira, eta haiek jokatuko dute buruz burukoa. Bi atalak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela.

Saioa zuzenean jarraitu ahalko da Naiz Irratian eta ETB4n. Bertsoa.eus eta eitb.eus webgunetan ere ikusteko aukera izango da. ETB1ek, gainera, buruz burukoa eman du, diferituan, 21.00etatik 22.00etara.

 

SARAI ROBLES VITAS: «EZ DAKIT POSIBLE DEN FINAL BATERA GOZATZERA JOATEA; UNEA BIZI NAHI DUT»

Barañain, 1996. Bosgarrenez parte hartu du Nafarroako txapelketan eta lehen finala du.

Duela bi urteko txapelketan finalaren atarian geratu zinen, puntu erdi bat tarteko. Aurten garbi zenuen helburua finala zela?

Egia esan, bai. Duela bi urte dezenteko saltoa eman nuen, bederatzigarrena izatea lorpen handia izan zen. Baina arantza hori geratu zitzaidan, pixka bat gehiago eginez gero finalean egon nintekeela sentitu bainuen. Aurtengo helburua hori zen.

Helburu potoloa jarrita, txapelketan sufritu egin al duzu?

Bai, sufritu egin dut eta ez dakit zergatik sufritu dudan hainbeste. Lehen saiora nahiko lasai joan nintzen eta, hala ere, gaizki pasatu nuen, ezin kontzentratu. Eta Altsasuko finalaurrekoan ere urduritasuna nabaritzen nuen gorputzean, oso fisikoa. Txapelketarainoko bidea oso polita izan da, asko entrenatu dugu bertso eskolan. Saioa Alkaiza eta Irati Majuelorekin elkartzen naiz. Bide hori oso polita izan da, baina txapelketa bera, oso gogorra.

Estuasun fisikoa aipatu duzu. Txapelketa prozesu fisikoa ere bada, ezta?

Bai, gorputzetik asko dauka eta beti ahaztu egiten zaigu. Bertsolaria beti aurkezten da buru bat bezala, burmuina eta ahoa bakarrik balitz bezala, baina gorputza ere badauka eta jendaurrean jartzen da. Adibidez, ez dira berdin hautematen emakume gazte bat edo gizonezko gazte bat oholtzan.

Altsasuko finalaurrekoan, saio oso txukuna eginda, bakarkako lana egiteko hartu zenuen denborak puntu dezente kendu zizkizun.

Ganbarakoetan denbora beti izan da nire ahulgunea. Saiatu gara hori entrenatzen bertso eskolan, baina Altsasun ez zen ondo atera. Bigarrena nintzen ganbaran, ez nuen denbora asko izan saioari buelta batzuk eman eta gorputza erregulatzeko. Eta gaia oso zabala zen. Gai oso zabaletan galdu egiten naiz, gai zehatzagoak gustatzen zaizkit, helduleku itxiago bat daukatenak. Gaiari nondik heldu pentsatzen joan zitzaidan denbora mordoa. Gainera, buruan beste ahots bat neukan piztuta “Sarai, denbora asko hartzen ari zara, erabaki, hartu bide bat”, esaten zidana. Korapilatu egin nintzen.

Horrek ia finaletik kanpo utzi zaitu.

Bai, eta kontziente nintzen. Duela bi urte bederatzigarren geratu nintzen, puntu erdi batera. Eta finalaurrekoan bakarkakoan hartutako denbora zigortu zidaten puntutan. Altsasuko saioa eta gero disgustua hartu nuen, berriz egoera bera errepikatu zitekeela ikusten nuelako.

Bideko minak aparte utzita, nola zaude finalerako?

Egia esan, oso pozik nago. Ez dakit posible ote den final batera gozatzera joatea, baina unea bizitzera joan nahi dut, ez dadila saioa nire gainetik pasa. Bertan egon nahi dut eta finala bizitu.

Finalista berriaren zapatak. Toki ederra.

Duela bi urte Saioari pankarta bat egin genion Iratik (Majuelo) eta biok: “Dena irabazteko” jartzen zuen. Aurten nik daukat dena irabazteko. Hori sentitzen dut, ez daukadala ezer galtzeko.

Saioa Alkaizarekin entrenatzen duzu. Biak finalean egotea eta aspaldiko partez bi emakume izatea garrantzitsua da, ezta?

Bai, oso pozik gaude eta ospatu genuen jakin genuenean. Nafarroan emakume asko dabil bertso eskolan haurtzaroan eta nerabezaroan, baina gero Nafarroako bertsogintzan, plazan eta jendaurrean gabiltzanak, ez gara hainbeste. Portzentajea ez da hainbeste aldatzen plazatik txapelketara. Ez gara hainbeste emakume bertsolari Nafarroan, hori da kontua, eta horrek ardura ematen du.

Abenduaren 2, Anaitasuna. Zer pizten zaizu azalean?

Gogoa. Egia esan, oso pozik nago, izugarri gustatzen zait sortu den zortzikoa eta ilusio handia daukat. Oso baikor nago finalera begira.

 

JULIO SOTO EZKURDIA: «GUSTATUKO LITZAIDAKE FINALEAN NOIZ EDO NOIZ IRRIBARRE ERDI BIHURRIA EDO PIKARDIA ATERATZEA»

Gorriti, 1987. Hamabigarrenez kantatuko du Nafarroako finalean, eta dagoeneko bostetan izan da txapeldun.

Nola sentitu zara aurten txapelketan?

Txapelketan eta azken hilabeteetan plazan ongi sentitu naiz. Azken Nafarroakorako eta Euskal Herrikorako egindako lana pixkanaka ateratzen joan da eta aldarte nahiko egokian aritu naiz bertsotan, nahiko aske eta nahiko alai.

Finalera sartzea zama bat kentzea da. Baina seguru berriak hartuko dituzula...

Ez dakit karga deituko niokeen, baina final on bat egitearen ardura badaukat. Norberaren aldarteak bihurtzen du aukera bat karga arinagoa edo astunagoa. Duela bi urte motxila nahiko kargatuta igo nintzen oholtzara eta zama hori ezin libratu ibili nintzen. Oraingoan ea ez den karga bihurtzen daukadan ilusioa. Final on bat egin nahi dut eta gaur egun naizenaren zatitxo bat erakusteko ilusioa daukat.

Bost txapela dituzu. Seigarrenaren bila?

Niretzat zenbakiek beti izan dute garrantzia bizitzan, gustatzen zaizkit, nahiko superstiziosoa naiz gauza horietan. Baina finalari dagokionez ez diot inongo garrantzirik ematen bigarren edo zazpigarren txapela izan daitekeen. Gehiago daukat final on bat egitearen ilusioa, bertsotan ongi egin nahi nuke, eta plaza hori azken urteetan egindako lanaren isla bat bihurtzea.

Euskal Herriko finalaren atarian geratu zinen. Horrek norainoko marka uzten du?

Horrelako gauza batek betiko markatzen du pertsona bat, eta bi puntu eta erdiko gorabehera horrek ni ere markatu nau, ez dakit zein zentzutan, baina arrasto hori hor dago, ez baita gauza bera final batean kantatu edo ez. Finalean kantatu izan banu badakit oso desberdina izango litzatekeela hurrengo hilabeteetako nire bizimodua. Baina, aldi berean, denborarekin, aukera bezala ikusi dut gertatutakoa, are gehiago, nahiko onartuta daukat gertatu behar zuena gertatu zela eta nire bizitzaren patua den zirriborro horretan finalik ez zegoela. Geroztik, kostatu zitzaidan emozionalki horri buelta ematea, baina azken hilabeteetan bat egin dut pixka bat garai hartan neukan aldartearekin eta bertsotan egiteko moduarekin.

Asko aipatzen duzu aldartea. 2006an kantatu zenuen lehen aldiz finalean. Pentsa zenbat urte, gertaera eta aldarte. Azken Euskal Herrikoan berriz ikusi genuen Julio irribarretsu bat.

2021eko Nafarroakoak nahiko ilun harrapatu ninduen. Finala nahiko tristea izan zen niretzat, eta ez naiz ari emaitzaz; oholtzan nahiko zurrun, pisu harrapatu ninduen egun hark. Aldiz, Euskal Herrikoan, nahiz eta urduri egon, oholtzan nahiko aldarte gozoan eta pozik sentitu nintzen. Bertsotan hasi berri hartan neukan pikardia eta irribarre erdi bihurri horrekin kantatzea lortu nuen Euskal Herrikoan. Gustatuko litzaidake finalean noiz edo noiz irribarre erdi hori ateratzeko modua izatea, nahiz eta badakidan ez dela erraza. Konfiantza horrekin noa.

Zortzikote polita osatu da.

Niri pertsonalki ilusio berezia egiten didan zortzikotea. Beste bat izango balitz ere hala izango zen, baina osatu den zortzikote honek badu zerbait berezia. Saats eta Sarai egoteak poz handia ematen dit, bi aurpegi berri horiek zerbait oso berezia emango diote zortzikoteari. Aura gozoa sortu da eta jendeak ikusmina dauka.

Superstiziosoa zarela esan duzu. Finalaren aurretik kontatu daitekeen maniaren bat?

Bada, azken urteetan bereziki saiatu naiz horretan, neuzkan maniak edo beti egiten nituen erritualtxo horiek ez egiten. Konturatu naiz ez didatela mesederik egiten. Finalari begira? Inprobisatzea gustatzen zait gauza askotan; zer jan, zein ordutan egin hau edo bestea... nahiko inprobisatu zalea naiz, horrek segurtasuna ematen didalako.

Pentsatzen dut final bezperan ondo lo egitea izango dela erronketako bat.

Bai, eta ni ez naiz bereziki ondo lo egiten duena final bezperetan. Baina, tira, konfiantza ere badaukat, gutxi lo eginda joan eta ondo atera diren finalak izan direlako. Oholtzako aldartea beti da misterio bat, beti ez da zuzenki proportzionala loari, lasaitasunari eta horrelako faktoreei.

Finalaurrekoetan puntu gehien bildu dituen bertsolaria zara. Ez dakit hori garrantzitsua ote den...

Badirudi beti hobea dela puntu gehien izanda pasatzea, badirudi horrek mesede egin dezakeela finalari begira, baina ez da inondik inora horrela. Duela bi urte ere puntu gehien nituen finalaurrekoetan, eta finalean hirugarren geratu nintzen. Garrantzitsuagoa da finalera zer nolako aldartearekin iritsi zaren eta lanak nola egin dituzun. Puntuek baino gehiago lasaitzen nau bertsotan nahi nukeen bidetik inguru samar ibiltzeak, eta baita aldartez ere.

 

XABAT ILLARREGI MARZOL: «BATZUETAN BADIRUDI ZERBAIT ESATEN DUGUN BAKOITZEAN MUNDUA KONPONDU BEHAR DUGULA»

Leitza (2001). Hirugarren Nafarroako Txapelketa eta hirugarren finala. Ez da marka makala.

22 urte dituzu eta Nafarroako hirugarren finala. Zein azkar bihurtu zaitugun finaleko «klasiko», ezta?

Oso gazte sartu nintzen lehen finalera, 17 urte nituela. Bigarren finalean oraindik berri samarra nintzen eta, hirugarrenean, badirudi beti egon naizela hor. Egia da goiz bihurtzen garela klasiko, baina berri ere bagara oraindik, hasiberriak txapelketan. Hirugarren finala izanda, nire helburuak desberdinak dira. Ez naiz ari puntuez edo postuez, nire bertsokeraz baizik.

Eta zer eskatzen diozu zure buruari aurtengo finalerako?

Hirugarren txapelketa dut eta txapelketaz txapelketa aurrerapausoak ematea da nire helburua. Bi urtetan zure bertsokeran aurrerapausorik ez badago, geldirik zauden seinale. Gure bertsokera eraikitzen ari garen adin honetan aurrerapauso bat eman nahi nuen txapelketan, eta uste dut lortu dudala. Finalari begira, plaza handi horretan hori islatzea nahiko nuke. Egia da aurreko bi finaletan ez naizela ibili nahiko nukeen bezala, ez da erraza izan nire burua kokatzea finalean. Oraingoan uste dut mentalki prestatuta nagoela eta nire buruari hori baieztatu nahiko nioke. Plaza eder horretan bertsotan dakidan bezala egin nahi dut.

Txapelketa oso ona egin duzu, erraz aritu zara.

Bai, bertsotan egin nahiko nukeen horretatik gertu ibili naizela uste dut. Txapelketari daukan garrantzia eman nahi diot, ez diot garrantzi gehiegi eman; bertsotara goaz, hau bertso plaza bat da eta ez dezagun gehiegi arrarotu berez arraroa dena. Nire jarrera hori izan da, bertsotara joatea eta jolas sentsazio horretatik aritzea. Uste dut lortu dudala eta pozik nago horregatik. Ez dut esan nahi arinkeriaz aritu naizenik txapelketan, baizik eta joko baten ikuspegitik, goazen jolastera, goazen bertsotara. Kanpotik hori igartzen dela uste dut, erraz egiten ari naizen sentsazio hori. Baina askotan erraz egitea da zaila.

Eskertzen da txapelketan jolaserako jarrera hori.

Batzuetan badirudi txapelketan zerbait esaten dugunean mundua konpondu behar dugula. Gure bertso bakoitzak ez du gizarteko arazo bat konpondu behar, ez du teoriarik garatu behar edo ez du dramarik egin behar. Uste dut alde horretatik ematen diogula txapelketari garrantzi gehiegi. Egon daiteke diskurtsorako tartea, kritika sozialerako, ideologiarako... eta, gainera, egon behar da. Baina ez diezaiogun gure buruari garrantzi gehiegi eman, ez diezaiogun presio gehiegi jarri, gure bertso bakoitzak mundua konpondu beharko balu bezala.

Ez zara finalista berria, baina bai finalista gazteena. Horrek ardura sortzen al du?

Ez. Lehen txapelketan bai, parte hartzaile gazteena nintzen eta finalista gazteena nabarmen. 17 urte neuzkan eta nabarmena zen. Hirugarren txapelketa eta hirugarren finala izanda, uste dut nire etiketa ez dela gaztea izatea. Adinari ez diot gehiegi begiratzen, ez da kezkatzeko arrazoi bat. Bertsotan egingo dut ni nagoen garaitik eta ni nagoen tokitik.

Final ederra geratu da; finalista berriak, bi emakume, txapelerako hautagai asko...

Kartel oso interesgarria da prisma desberdinetatik begiratuta; bi finalista berri daude, bi emakume -Nafarroan urte asko dira ez direla bi emakume aritu-, nahiko final gaztea da eta hautagai desberdinak daude txapelerako. Interesgune asko ditu, eta ezaugarri horiengatik, aspaldi ikusi ez den finala da eta ikusmina dago.

Anaiarekin entrenatzen ari zara?

Bai, bai. Beti aritzen gara elkarrekin. Adin tarte txikia daukagu -bi urte- eta batera egin dugu ibilbidea. Kasualitatez gainera -jendearentzat ez da esanguratsua izango baina guretzat bai-, txapelketan kantatu dugun ehuneko handi batean batera kantatzea egokitu zaigu. Nafarroako lehenengoan hirutik hirutan; bigarrenean, hirutik bitan; Euskal Herrikoan ni kanporatua izan arte elkarrekin aritu ginen... txapelketako esperientzia oso gertu bizitzea egokitu zaigu eta polita izan da.

Zerk kezkatzen zaitu finalari begira?

Kezka beti dago, ez goazelako aurrez idatzita dauden bertsoak abestera. Bertsoa beti da soka gainean dantza egitea eta horrek nahitaez sortzen du ziurgabetasuna, sortu gabeko bertsoak sortzera zoaz eta ez dakizu zer abestuko duzun. Ziurgabetasuna bai, baina polita da. Tentsio puntu horrek erakartzen gaitu bertsotara, hain da bat-batekoa, non ezin duzun jakin gero zer izango den, eta horretara jarri behar duzu zure gorputza. Baina saiatuko gara horri garrantzi gehiegi ez ematen, betikoa egingo dugu, bertsotan egingo dugu eta kito. Suelto sentitzen naiz plazan, bertsotan eta buruz ere ondo. Egonarri batekin sentitzen naiz.

 

SAIOA ALKAIZA GUALLAR: «FINALERA AHALIK ETA ZORROTZEN ETA SORTZAILEEN JOATEN AHALEGINDUKO NAIZ»

Iruñea, 1991. Zortzitan parte hartu du txapelketan eta 2021ean iritsi zen lehen aldiz finalera. Txapela jantzi zuen.

Zementuzko txapela aipatu zenuen finalaurrekoan. Txapelak karga dauka?

Txapelak ez dit pisatu, baina bai kanpo begiradak, proiekzioak edo kinielek. Dena dela, uste dut asmatu dudala horri iskin egiten, finalaurreko ona egin nuela uste dut eta are hobeto egin dezakedala pentsatzen dut. Batez ere nekea izan da zama. Hiru txapelketa jarraian egin ditugu, hiru urte segidan, eta horrelakoetan zaila da bertsokerak garapena izatea. Kinielek eta lehiaren absurdoak ekarri zidaten pisua hasieran, baina uste dut buelta eman diodala.

Aldarte ona duzu, beraz, finalera begira.

Uste dut inoizko maila onenean nagoela. Finalak plaza handi bat ematen dizu, eta askatasuna, neurri batean. Lasai nago nire sorkuntza mailarekin eta zorrotz eginez gero eta begirada finduz gero, daukadan maila eman dezaket. Finean egun bakarrean jokatzen duzu dena eta finalean argi egon nahi nuke.

2021ean bezain argi?

Zaila da, baina egia da finalean badaudela egoera hori ahalbidetzen duten elementu batzuk; jende asko dago, publikoa bero dago, ariketa guztiak baldintza antzekoetan jokatzen dira... finalean denok baldintza berdinetatik abiatzen gara eta sekulako plaza da. Denok saiatuko gara argi egoten, ni barne. Gogotsu nago.

Duela bi urteko finalaren oroitzapen gozoa izango duzu segur aski, arratsalde biribila josi zenuen.

Uste dut lehen finalaren abantaila izan nuela, dena irabazteko neukala sentitzen nuen. Ez neukan galtzeko ezer, hor egote hutsa aurrerapauso bat zen. Aurtengoan abiapuntua desberdina da; berriz borrokatu behar duzu lehen postua edo, behintzat, ahalik eta maila onena eman. Ni nire maila onena ematen saiatuko naiz. Plazan oso argi ikusten dut nire burua, plazako jardunean oso gustura ari naiz. Txapelketan dena zurrundu egiten da eta uste dut oraindik ez dudala ahal dudan maila eman. Gustatuko litzaidake finalean horretarako aukera izatea. Zaila da, baina ahalik eta zorrotzen eta sortzaileen joaten ahaleginduko naiz.

Finaleko zortzikoteari begiratuta, txapelerako presioa nahiko banatuta dago, buru asko ikusten dira txapelerako hautagai.

Presioa banatuta egotea publikoarentzat da polita, batez ere. Nafarroako bertsogintzaren egoera oso ona da zorionez, aurpegi berriak badaude, bagaude Euskal Herrikoan aritu garenak... maila altua dagoela uste dut eta horrek ona izateko elementuak ematen dizkigu guri, publikoari eta saioari orokorrean. Nafarroako bertso maila igo egin dela uste dut eta finala oso interesgarri datorrela.

Bi emakume izango zarete finalean, azken hamazazpi urtean lehenbizikoz.

Nafarroako plaza jardunean oraindik %17 gara emakumeak eta ez dut uste txaloka hasi behar dugunik finalean bi emakume gaudelako. Egiturazko arazo bat daukagu.

Niretzat bi aurpegi berri egoteak, bai Saraik eta bai Saatsek, eskainiko diote berrikuntza finalari. Publikoan ere igarriko da, jende berria etorriko da seguru. Niretzat sekulako poza da Nafarroako finala gaztetzen ari dela ikustea eta estilo berriak datozela ikustea.

Txapelduna errepikatu daiteke beraz.

Tira, askotan errepikatu dira txapeldunak Nafarroan.

Bertsotarako oso prest eta grinatsu sumatu zaitugu txapelketan zehar.

Bertsoa txapelketaren parte bat da eta beste partea psikologikoa dela uste dut. Txapelketan parte handi bat da nola zauden aldartez, lortzen ote duzun zure kontzentrazio mailara iristea... Altsasun lortu nuen kontzentrazio maila egoki batera iristea, baina uste dut are gehiago kontzentratu behar naizela.

Zentzu horretan, uste dut oholtzan eta oholtzatik kanpo oso jarrera desberdinak ditudala. Akaso ematen du oso serio nagoela, baina benetan kontzentratuta nago. Azkenean, txapelketan ez da bakarrik bertsotan egitea, faktore garrantzitsua da nola eusten diozun lehiaren exijentzia horri.

Bada, bertso arratsalde ederraz gozatzeko pronto dago entzulea.

Bai, gustatuko litzaidake ahalik eta saio ederrena osa dezagun denon artean. Iruditzen zait aurten finala indartsu datorrela eta denon artean badugula taldetasun sentsazio eder bat. Batera zerbait polita sortzeko grina dugu.

 

ENEKO LAZKOZ MARTINEZ: «ZE GAIZKI PASATZEN DUGUN ETA ZENBAT GUSTATZEN ZAIGUN TXAPELKETA»

Etxarri Aranatz, 1983. Buruz burukoan kantatu du azken edizioetan eta anitz hurbildu da txapelera. Zortzigarren finala izanen du. «Nahiko normal, lanean eta etxean egin beharreko gauzak egiten» harrapatu dugu. «Hori, kanpotik ikusita. Barrutik, buruan finala beste ezer edukitzea nahiko zaila da. Kokatzen saiatzen eta eguna nolakoa izango den irudikatzen» ari da, baita gurea bezalako elkarrizketei erantzuten ere. Beti amesten du txapelarekin, «badaezpada ere», dio irriz. Burua prestatzen saiatzen ari da jendetza baten aurrean kantatzeko, izan ere, finalista gehienek ez dute sobera kantatzen plazan. Lazkozek badaki zer topatuko duen gutxi gorabehera, beti ezberdina den arren.

Zortzigarren finala izanik, ohitua zaudela iruditzen ahal zaigu, baina ez da hala.

Lagunekin eta herrikideekin gertatzen zait. “Aurten txapelketa, berriz finalera, ezta?”, esaten didate. “Itxaron, lehenbizi finalerdietan kantatu behar dut”. Berez ahalmena badugu, baina gerta daiteke kanpoan geratzea. Beti sortzen dira zalantzak eta beldurrak. Saioa baino ordu erdi lehenago iruditzen zaizu ez duzula asmatuko bertso bat egiten. Horretaz aparte, justu aurtengo txapelketan izena emateko zalantza dezente izan nituen; aurreko Euskal Herrikotik nahiko jota bukatu nuen animoz, kosta zitzaidan buelta ematea. Agian horregatik ere poz berezi bat sortu dit finalera iriste horrek, berriz bertsoarekin adiskidetzen ari naizelako. Balorea ematen hasi naiz urteotan egindakoari eta finalera sailkatzeari berari.

Aurten Saats herrikidearekin kantatuko duzu.

Bai, eta kristoren poza ematen dit. Jendeak idealizatua du gure herria, euskalduna delako, baina ez da batere bertsozalea eta bi bertsolari finalean aritzea handia da. Saatsek sekulako meritua du, gaztetan zertxobait ibili bazen ere oso berandu hasi zelako berriz bertsotan. Bere bizitzako txapelketa bateko bosgarren edo seigarren saioa izango du.

Nola entrenatu zara?

Saats eta biok aritu gara elkartzen eta kantatzen. Beti bezala, etxean lan egiteko asmo handiagoa izaten dut gero benetan egiten dudana baino. Oinak lantzen saiatzen naiz, tarteka bertso batzuk idazten ditut, eta gehienbat, konturatu gabe txapelketan murgiltzean ia eguneko ordu guztietan burua bertsotara jarrita izaten dut, normalean baino alerta handiagoarekin.

Zein poz eta zein arantza utzi dizkizu txapelketa honek orain arte?

Ariketa zehatz batek ere ez dit arantzarik utzi. Jarrerak bai; erabaki batzuk hartzeko orduan, burua pixka bat torpe sumatu dut, batez ere lehen saioan. Bigarrenean kontzentratuago nengoen, eta espero dut finalerako beste koska bat igotzea. Presa gehiegirekin hasi naiz kantari batzuetan, segundo pare bat gehiago hartzea falta izan zait lasaitzeko. Zortziko handian eta bakarka uste dut eman dezakedan maila onenetik gertu ibili nintzela azken saioan, nahiz eta ariketa osoa hartuta aldatuko nukeen gauza bat edo beste. Oso sentsazio polita da ariketa bukatu eta esertzean “ederki egin dut!” pentsatzea. Ea halako gehiago tokatzen diren.

Zer iruditu zaizkizu gaiak?

Nafarroan zorte handia dugu gai-jartzaile taldearekin. Beti tokatzen zaizkigu, batez ere gaizki egiten dugunean, gustatzen ez zaizkigun gaiak, ongi egingo bagenu gustatuko litzaizkigukeenak. Gizarteko gai ugariei kabida emateko garaian, lan handia egiten dute.

Nola ikusten duzu bertso maila txapelketan?

Inoiz baino bertsolari gehiago daude finalean txapela irabaz dezaketela pentsatzen dutenak eta irabazi nahi dutenak; horretara joango direnak. Aldaketatxo bat gertatu da hor. Gazteago batzuk ere ikusi ditut saltotxo bat eman dutenak aurreko txapelketatik hona. Jendea badabil lanean gogoz, finala ere berritu da, eta hori denontzat da ona. Beti esaten dut finala berritzea oso ongi dagoela ni mantentzen naizen bitartean. Ez, hori brometan esaten dut.

Txapela irabaz dezaketela pentsatzen dutenetako bat zara?

Aurreko urteetan gertu ibili banaiz aurten zergatik ez. Zaila izango da, oso ongi egin behar dira gauzak hor ibiltzeko, baina uste dut nire maila onenetik gertu ibiltzea lortzen badut nire aukerak izan ditzakedala. Beste askok ere izango dituzte aukera horiek, eta presioak kalterik egiten ez badigu helburu handien nahi horrek, denok ere izango dugu zer esana. Azpitik gorako bide horretan beste koska bat igo eta batez ere nire buruarekin gustura gelditzeko gogoa dut, kantatzen dudan bertso bakoitzean ahalik eta ongien eta gehien gozatzeko gogoa. Horrek gero zerbait gehiago badakar, ongi etorria izango da.

Nola bizi duzu lehia?

Lehia txapelketaren zati garrantzitsu bat da, argi dago, baina azkenean lehiarik handiena bakoitzak bere buruarekin du eta txapelketek bertsotan hobeak izatea ekartzen digute denoi. Txapelketa batera goazenero, bertsokera fintzen joaten gara. Tarteka kolpeak ematen dituen arren, batzuetan oso gogorrak, eman ere asko ematen digu. Ze gaizki pasatzen dugun eta zenbat gustatzen zaigun! Errekonozimendu bat ere jasotzen dugu, nork ez du gustuko baloratua sentitzea.

 

JOANES ILLARREGI MARZOL: «PUNTU ONEAN NAGO, EZ NUKE NAHI KONFORMATU HOR EGOTEAREKIN SOILIK»

Leitza, 1999. Laugarren txapelketa du, eta hirugarren finala. Txapelketa Nagusiko finalean kantatutako lehenbiziko bertsolaria izanen da Nafarroako final batean kantari, txapelketen sasoi berrian. Hasi arte, bazuen neke sentsazio bat. «Euskal Herriko txapelketaren desgastea ondoko finalisten saioekin lotu zen. Bestelako saioak, udakoak... Hori pasatu eta berriz gurpil horretan sartzeko neke puntu bat izan dut, baina behin barnean, gogotsu nago».

Orain arte egin duzun lanarekin gustura zaude?

Oso, bai egindako saioak nola joan diren eta baita ze sentsazio eta jarrera eduki ditudan ere, askotan gertatzen delako disgustura egotea edo ez jakitea nola heldu gaiei. Ariketa guztietan ez, baina oro har sentsazio oso onak izan ditut, eta horrek beste segurtasun, gogo eta indar bat ematen dit finalerako.

Eta nola ikusi dituzu saioak orokorrean?

Uste dut Nafarroan maila ona dagoela eta esango nuke ez direla saio txarrak izan, baina bai gorabeheratsuak. Txapelketara ohitzea kosta egiten da, bi urtetik behin da eta ez duzu kontrolatzen zein gorputzaldirekin joango zaren. Horri gehitzen badiozu Lesakan, adibidez, 500 entzuleko finalerdi bat jokatu zela, kasik final ttiki bat da, eta ohituta ez dagoenarentzat ez da erraza. Tentsio puntu batek on egiten du, presio gehiegik kalte.

Plaza gutti egitearekin ere badu zerikusia, ezta?

Zenbat eta plaza gehiago egin, zure buruarengan konfiantza hartzen duzu. Jardun gabe zaila da saio distiratsu bat egitea. Txapelketa nagusia eta gero urte hau ona izan da niretzat plaza aldetik. Orain nahiko lasai nago, baina udan asko eduki ditut. Gehiegi ibiltzeak nekea eta erretzea ekar dezake, baina justu udatik aurrera lasaiago nago. Oreka hori ez dago zure esku, batez ere plaza gutxi dauzkazunean. Asko badauzkazu erabaki dezakezu.

Zer gogo eta sentipen dituzu finalera begira?

Oso gogotsu nago, ilusio handiarekin hartzen dut. Aurreko bi finaletan egon naiz, badakit zer den hori bizitzea, eta errepikatzeak ohorea eta poza ematen du. Aldi berean, jada hirugarrena izaki, nire burua puntu on batean ikusten dut, ez nuke nahi konformatu hor egotearekin, baizik eta ahalik eta saio hoberena egin, ongi pasatu eta gozatu, bertsotara joanez, lehiatuz besteekin eta batez ere nire buruarekin.

Zein ariketa gelditu zaizkizu gogoan, ongi sentitu zarelako edo ez duzulako nahi zenuena eman?

Ariketa bereziak baino gehiago, orain arte ofizioetan oso gustura eta suelto aritu naiz oro har, baina bakarkakoetan arantzatxoa dut ez dudalako nire maila eman, ez dudalako prestatu dudan beste eman. Nahi nuke finalean daukadan arantzatxoa kendu eta ofizioetan orain arte bezala segitu.

Zein ariketa gustatzen zaizkizu gehien?

Zortziko ttikia, hamarreko ttikia. Seiko motza ere asko gustatzen zait; honetan kantatzea seinale ona litzateke, buruz burukoan bakarrik baitago. Beste batekin egitekoak diren ariketak gustatzen zaizkit, batez ere elkarrizketa bat egiten asmatzen badugu, urduritasunagatik batzuetan pasatzen delako bakoitzak berea esatea eta kitto.

Nola prestatu zara?

Ez dut deus ere berezirik egin. Elkartu bertsotarako, kantatu eta inoiz ez konformatu, beti beste ertz bat bilatzen saiatu. Hainbeste gai daude pil-pilean, batzuk hain labainkorrak, horien jakitun izan eta iritzi bat sortzen saiatu.

Nola ikusi duzu publikoa? Gero eta interes handiagoa pizten ari zarete.

Elkarri lotutako bi faktore ikusten ditut: alde batetik, Nafarroako txapelketan bertso maila igo egin da eta entzuteko interes handiagoa dago. Bestalde, finalari begira, aurten inoiz baino irekiago dago txapelerako aukera, inoiz baino hautagai gehiago egon litezke, eta morbo hori asko gustatzen zaio jendeari. Aurten Nafarroatik kanpo ere jarraipen handia eduki du.

Zein da gaur egun bertsoarekin duzun harremana?

Etengabeko harreman osasuntsu bat daukat, baina obsesiboa izateko puntura hel daiteke. 100% zeharkatzen du bertsoak nire egunerokoa, askotan nahita, bestetan halabeharrez. Oso gustuko dut.

Txapelaren bila joanen zara?

Bila bila... saiatuko naiz nire saiorik onena egiten, hortik aurrerakoak epaileen esku. Saio oso on bat egin eta epaileek erabakitzen badute txapela niretzat izatea, noski ilusio izugarria egingo didala. Badakit aukera hor dagoela, baina itsutu gabe. Denek gure finalik hoberena egitea nahi dut, hori delako Nafarroako bertsoaren plaza gorena eta ardura bat dugulako. Hori lortuz gero, ni pozik. Espero dut izugarrizko giroa egotea, bertso mailaz oso saio ona ateratzeko osagai asko daude, jakin beharko dugu burua hotz mantentzen, festan daudenak behean daude, gu lanerako goaz. Final oso ona atera daiteke eta aterako da, baina horretarako lan egin beharko dugu.

 

JOSU SANJURJO ALZURI: «PAUSO TTXIKI BAT EMAN DUT BERTSOKERAN, ETA HORI ERAKUTSI NAHI DUT»

Lesaka, 1993. Laugarren txapelketa du. Iaz probatu zuen lehenbizikoz finala. Bertso irakaslea da, Saats Karasatorre bezala. Kosta zaio lehiarako mentalizatzea. Hilabete zailak izan dira berarentzat, baina jada ongi dago.

Azken finalaurrekoa bere herrian jokatu zuen, hainbertzetan joaten den frontoian, sarrera guztiak salduta zeuden eta jakin-mina zegoen finalistak ezagutzeko. Bere buruari jarrita zeukan presiotxo hori, berriz sailkatzeko. Gainera, hagitzez gehiago prestatu da aurrekoan baino, eta hori erakutsi nahi zuen. Hortaz, ez zitzaion erraza egin gozatzea.

Urduritasunez bizitu zuen hasiera eta ofizio pare batean nahasi egin zen gaia bere aldera ulertu zuelako. Finalean zela jakitean «poz handia, arindua» hartu zuen.

Lasaiago zaude?

Hagitzez. Landutakoa guztiz ateratzeko eta egin nahi dudana egiteko moduan izanen naizela uste dut. Aurreko finalean bizirautera atera nintzen, urduri, lotuta kantatu nuen. Orain pauso ttiki bat eman dut prestakuntzan eta bertsokeran, eta hori erakutsi nahi dut.

Orain arteko bidean zein ariketak ase zaitu?

Gusturen zortziko handiarekin gelditu naiz, gehien landu dudan ariketa da, ustez okerrena egiten nuelako, eta hor lortu ditut emaitzarik hoberenak, nahiz eta beti tokatu zaidan hastea eta lehendabiziko bertsoa joan zaidan pixka bat, urduritasunagatik. Gero, behin pertsonaian edo paperean sartuta, ongi moldatu naiz. Bakarkakoa ere landu dut, hor sentitzen naiz eroso, nire esparruan nagoelako.

Lesakan arriskatu egin zinen ganbaran.

Hala erran dit jendeak, doinu zaila hartu nuela, baina ni eroso aritu nintzen. Gogoko dut bertsoa ikusgarri egitea eta ikusgarritasun horrek mezua ematea; nahiago dut plater bat deskribatzea platera goxoa dagoela erratea baino, eta hori ahalbidetzen du ‘Izarren Hautsa’ doinuak.

Eta beste aldean, penarik gelditu zaizu?

Anitz. 30 urte egiten nituen egunean izan zen Leitzako saioa. Nahasita joan nintzen, 30 urteak bereziak dira niretzat eta ezin kokatuz ibili nintzen, saioa hagitz arraro joan zitzaidan, zentratu gabe, nire laurdena ematen. Lesakan, berdin. Lagunak eta familia nituen hor. Nahiago izaten dut publiko neutro bat ezagutzen ez dudana, hala, sorpresa ematen baduzu, positiboa da. Nahi gabe anitz begiratzen dut publikora, biluzik zaude eta erreakzioak ikusten dituzu; lagun bat sufritzen ari dela iruditzen bazait nire buruari galdetzen diot ongi ote noan, gaizki...

Ofizioetan askoz hobeki egiten ahal dudala uste dut, zentratuta eta aske egonda; hoberena emateko dut. Ehuneko ehun aske kantatu ez izanaren arantza dut.

Zer diozu publikoaz?

Txapelketa hau izaten ari da goiko punta altuena duena Nafarroan. Badira hautagai batzuk txapela irabazteko, eta horrek sortzen du morbo edo interes puntu hori. Gero eta interes handiagoa sortzen du txapelketak. Duela urte batzuk pentsaezina zen finalaurreko bat 600 pertsonaren aurrean egitea, eta sarrera gehiago baziren erosi izanen ziren. Horri erantzun beharra diogu.

Txapelketak interes gehiago pizten du lehia aldetik bertso aldetik baino. Bertsolari berdinek saio hori kantatuko bagenu Lesakako frontoian igande arratsalde batean 40 lagun bilduko lirateke. Lehiaren interesa baliatu behar da jendea animatu dadin bertsotara eta mundu polit honetara. Hori sumatzen dut haurrekin. “Irabazi duzu?” galdetzen dute, ez zer moduz nagoen edo zer abestu dudan. Ikusi nahi dutena da puntuazio taula, ez bertsoaldi bat, haurrek eta, noski, helduek. Interes handia sortzen duen egitasmoa da lehia-bertsoa, bertze alde ez hain justu horiekin.

Txapela hurbil ikusten duzu?

Badakit ariketa bat hagitz-hagitz ongi egiten badut eman dezakedala maila altu samar bat, baina kostatzen zait bost ariketatan maila hori mantentzea eta puntuazioetan hori nabaritzen da. Nire helburua aurrerapauso ttiki bat ematea da, ez dut pentsatzen ere txapelean, ez dut hurbil ikusten eta ez nau kezkatzen. Gehiago pozten nau ariketa bat ongi egiten dudanean hor goikoen mailan egiteak ariketa hori.

Finala inflexio puntu bat da Nafarroako bertsogintzan eta gustatuko litzaidake talde kohesionatu bat egitea. Irabazi behar duenak irabaz dezala, baina ez dadila izan protagonista bakarra, denok utzi dezakegu gure puntua, ea denok horrela egiten dugun, ikuskizun polit bat osatzeko.

 

SAATS KARASATORRE MARTINEZ: «ZENTZU BAT IKUSTEN DIOT PROIEKTUARI BERARI ETA HORREK MOTIBATZEN NAU»

Etxarri Aranatzen jaio zen, 1992an. 2017an hartu zuen parte aurrenekoz txapelketan eta 2019an finalerdietaraino iritsi zen. Aurtengo finalista berrietako bat da. Joxema Leitzarekin hasi zen bertsotan umea zela, Eneko Lazkoz eta bertze hainbat sakanar bezala. «Bera ibili zen gure atzetik, ekarpen handia egin zion bai bertso munduari eta bai euskal munduari», azpimarratu du. Orain, erronka hartu du Saats Karasatorrek ere, bertso irakasle izateaz gain, eskualdeko bertsolari kideekin batera eragile aritzeko. «Gauzak antolatzen ari gara, proiektutxo bat daukagu eta parte izateak bultzatu nau bertsoa berrartzera, urte batzuetan utzita ibili ondotik».

Motibatuta dago bertso munduko jendearen babesarekin ere. «Saretze bat dago eta txapelketan indar berezia hartzen du. Ederra da hori sentitzea eta asko ikasten ari naiz entrenamenduetan, besteek gai bati nola kantatzen dioten entzuten eta komentatzen».

Bere izena finalista posibleen zerrendan zen Lesakako saiorako. Halere, puntuak eman zituztenean urduri egon zen frontoiko entzuleen artean. Lazkoz laguna du, herrikidea, eta eskertuko du oholtzakide izatea. Josu Sanjurjo lankidea du eta bertze finalistak ere hurbilekoak.

Zer asmo eta sentipen dituzu finalera begira?

Badaukat gogoa, urduritasuna ere bai. Lanketa emozionala egin behar dut, urduritasuna eta aldartea kudeatze aldera. Lagun batek aholkatu zidan txapelketa aurreko asteak lasaiago hartzen saiatzeko, eta hori egiten saiatuko naiz. Bertso eskolan jarraituko dut, bertso kideekin elkartzen... bizitzen ere bai [irri egiten du]: basora joan, haurrarekin egon, erosketak egin... Eguneroko martxak laguntzen du. Bertso irakasle nabil, eta bultzadatxoa izan da hori, bertsoaldi asko entzuten ditudalako, gustuko dudalako, baina lanagatik ere bai.

Nola bizi izan duzu txapelketa hau eta nola ikusi dituzu kideak?

Bertso maila oneko txapelketa ikusten ari gara. Leitzan nire akatsetan ito nintzen eta horrek ez zidan utzi besteena aditzen ere. Gero ikusi dut ez nuela hain gaizki egin. Aldiz, Altsasuko saioan aldarte onez egon nintzen eta gaietan ere asmatu nuen nola kokatu. Hortik etorri zaizkit landu beharko nituzkeen gauza batzuk. Lagun batek esan zidan berak bi Saats ikusi dituela, Leitzakoa eta Altsasukoa, eta dena emozionala dela uste dut. Bertso oinarri bat badaukat, bertsotan egiten badakit, emozioen kudeaketa hori da landu behar dudana.

Zer diozu gaiez eta giroaz?

Tokatu zaizkidan gaiekin eroso kantatu dut. Uste dut oso zaila dela oreka mantentzea hainbeste gai prestatu behar dituzunean. Altsasun kristoren bero giroa iruditu zitzaidan, leku atsegina zen, etxe ondoan, lagunak eta familiakoak han ziren. Leitzan akaso hotzago zegoen, baina ongi.

Zein ariketarekin gelditu zinen gusturen eta zeinekin disgustura?

Hamarreko ttikian ongi egin izanaren sentsazioa nuen, baina gero puntuetan ez zen hala izan. Oso lotuta, urduri nengoen. Puntu erantzun onak bota nituen, eta puntuetan islatu zen. Ganbaran ere bertso onak kantatu nituela uste dut, gaiari ongi heldu nion, zerbait berria ekarriko ote nuen pentsatu nuen, baina doinuarekin nahasi nintzen. Hortik ere ikasten da. Ongiegi kontrolatzen ez dudan doinu batekin ausartu izanak ekarri zidan hori.

Nola ikusten duzu harrobia?

Aurten bereziki txapelketak haur pila bat engantxatu ditu. Ez da harritzekoa, haurrak orokorrean ohituta daude lehiara, izan pilota edo futbola, beren egunerokoan badago lehia, eta oso engantxatuta ikusten ditut, astero galdetzen didate, edo klasera sartzen naizenerako badakite. Orain arte ez dira inguru bereziki bertsozale batean bizi izan diren haurrak, eta ederra da.

Sakanan bi bertso eskola daude, Etxarrin ez dago orain, baina urtarrilean beste saiakera bat egingo dugu. Sakanan bada gaztetxo talde bat bertsoarekiko lotura bat daukana, batzuk oso gogotsu ikusten ditut kantatzeko, jendaurrean ere bai. Bertsoak badauka zerbait kuriosoa, engantxatzen dituelako haurrak euskaraz sorkuntza lan bat egitera inongo baliabide materialik gabe. Pantailak erabiltzen ez ditugunean ere funtzionatzen du bertsoak, jolasetik engantxatzen ditu; guk ere hala hartu beharko genuke. Zentzu bat ikusten diot proiektuari berari eta horrek motibatzen nau.