INFO

Gasteizen bizi den Majida Maayoufek Pariserako txartela eskuratu du Valentziako Maratoian

Majida Maayouf bosgarren izan da, baina kronometroa lehertu du Valencia Trinidad Alfonso Maratoian, 2 ordu 21 minutu eta 27 segundoko markarekin, Espainiako errekorra hausteko eta Parisko Olinpiar Jokoetarako txartela lortzeko.

Majida Maayoufek Espainiako errekorra hautsi du Valentzian. (BASQUE TEAM)

Baldintza bikainetan, 8 graduko tenperaturan eta haizerik gabeko egun batean, Majida Maayoufek faboritoetako bat bezala hartu du irteera Valentziako Maratoian, probaren hasieratik rol hori bereganatuz, eta kronometroa lehertu du, 2 ordu 21 minutu eta 27 segundoko markarekin, Espainiako errekorra hausteko –ia bost minutu hobeto ditu– eta Parisko Olinpiar Jokoetarako txartela lortzeko. Bosgarren postuan amaitu du. Garailea Worknesh Degefa etiopiarra izan da (2:15:51).

Gasteizen bizi den atleta marokoarra gainerako kirolariengandik urruntzen joan da pixkanaka. Maratoiaren erdia betetzean argi utzi du ustekabeko erorketa batek bakarrik ken ziezaiokeela Espainiako errekorra. Majida Maayouf 1:10:36ko denbora eginda ailegatu da probaren erdira, Fatima Ouhaddou (1:11:46) eta Marta Galimanyrengandik (1:12:43) nahikotxo aldenduta. Argi zegoen marka historiko bat lortuko zuela. Aurreko errekorra 2.26:14an zegoen eta Mayoufek 2.21:27an gelditu du kronoa. Atzetik, Fatima Ouhaddou (2.25: 30) eta Laura Luengo (2.25: 35) helmugaratu dira.

«Oso pozik nago marka pertsonala hautsi ezin izan badut ere. Bakarrik geratu naiz azken kilometroetan, baina giroak eramaten zaitu. Asko gozatu dut azken zortzi kilometroetan, sufritu dut, baina gustura. Jendea animatzen baino ez nuen ikusten, eta banekien estutu egin behar nuela», adierazi du antolakuntzari eskainitako elkarrizketa batean, helmuga zeharkatu eta gutxira.

Gizonezkoetan, garaipena Sisay Lemma etiopiarrak lortu du, probako marka berria ezarriz gainera (2:01:48). 2022an Kelvin Kiptumek lorturiko denbora bost segundo hobetu ditu eta, gainera, denbora hau historiako laugarren onena da.