Gernika-Lumon proiektuak aurrera ateratzeko akordioa eskaini die EH Bilduk GHri eta EAJri
Gernika-Lumoko Udalak bizi duen egoera larriaren aurrean proiektu zehatzak aurrera ateratzeko akordio zabalerako proposamena luzatu die EH Bilduk Jose Maria Gorroñoren GH taldeari eta EAJri. «Gure ardura politikoa herrian gobernagarritasuna sortzea da», nabarmendu du.
Amaitzear den urte honetan, Gernika-Lumoko Udalean EAJren eta GHren arteko haserreak eta indar politikoen arteko akordioak lortzeko ezintasuna nagusi izan direla nabarmendu du EH Bilduk.
Gauzak horrela, «maiatzeko hauteskundeen hurrengo egunetik, EH Bilduk berretsi egin du alde guztiekin hitz egiteko borondatea, adostasun zabalak eraikitzeko eta gure herria aurrera eramateko. Denbora honetan guztian, eragile politiko guztiekin bildu gara eta herritarren eskaerak ere entzun ditugu», azaldu du agerraldi batean.
«Ez dugu ahaztu behar herri honen gobernagarritasuna hari batetik zintzilik dagoela. Eta gure ardura politikoa egonkortasuna sortzea dela, gehiengoa duen gobernu baten bitartez», gaineratu du EH Bilduk.
«Premiazko erantzunaren beharra»
«Baina uste dugu lan hori premiazkoari erantzutearen eskutik joan daitekeela. Argi daukagu Gernika-Lumok ezin duela itxaroten geratu. Gure herriarekiko erantzunkizuna dugu, eta GHri eta EAJri dei egiten diegu haiek ere indarrak batu ditzaten, guztion artean gure herriarentzat garrantzitsuak diren proiekturak abian jarri eta burutu ditzagun, udalean ordezkaritza duten alderdien interesen gainetik dauden proiektuak direlako», nabarmendu du.
Hori dela eta, EH Bilduk eskaintza zuzena egiten dio GHri eta EAJri udal aurrekontuan proiektu zehatz batzuk abiatzeko. Urbietako pasabidea; Allende Salazar-Seber Altuben pistak estaltzea; Anbulatorioko arrapala; Beheko Ibarrako ikasketa-gelak; HAPO berria, kontserbatu beharreko elementuen katalogoa, mugikortasunari buruzko azterlana eta etxebizitza turiskoetarako araudia barne dira proiektu hauek.
«EH Bildu ez da izan, eta ez gara izango, gure herriaren aurrerapenaren blokeoa», aldarrikatu du.