INFO

Nerea Arruti eta Mikel Larrañaga aise gailendu dira Sherpa.ai Aizkolari txapelketan

Mikel Larrañagak eta Nerea Arrutik irabazi dute Sherpa.ai Aizkolari txapelketa nagusia, arerioei nagusitasunez gailenduta. Biek ala biek, arerioei bi minutu inguruko aldea aterata bukatu dituzte lanak.

Sherpa.ai Aizkolari txapelketako podiuma, erdian Larrañaga eta Arruti irabazleak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Nerea Arrutik urte biribila berretsi du Sherpa.ai Aizkolari txapelketa irabazita, bigarren urtez jarraian, gainera. Nagusitasunez gailendu zaio arerioei, Karmele Gisasola ‘Zelai III.a’ eta Malen Barrenetxeari, hurrenez hurren, eta txapelketako errekorra ere ezarri du, bere iazko denbora ia hiru minutuan hobetuta.

Urnietarra herri kirolen lehen lerroan dago, urrian Euskal Herriko aizkolari txapelketa irabazi berritan, bai eta udan Binakako pentatloia ere, bigarren urtez jarraian. Iaz, Banakakoan ere aise gailendu zen.

Sherpa.ai Aizkolari txapelketa nagusian ere ez du hutsik egin urnietarrak, bere une ona berresteko. Hasi eta buka nagusi izan da, lehen enborretik hasi da arerioekiko abantaila hartzen eta azkenerako, 9 minutu eta 25 segundoan bukatu ditu egin beharrekoak.

Bi minutu pasatxora, 11:29 denborarekin, bukatu ditut lanak Karmele Gisasola ‘Zelai III.ak’, emakumezkoen lehen edizioko aurreneko txapeldunak, duela bi urte. Hirugarren izan da Malen Barrenetxea gaztea (18:11 denborarekin), 14 urte besterik ez dituela txapelketa honetan debuta egin duela.

Gizonezkoetan, bestalde, txapeldun berria egon da. Mikel Larrañaga azpeitiarrak hartu du Julen Alberdi ‘Txikia IV.aren’ lekukoa. Hain zuzen ere, azpeitiar eta azkoitiarraren arteko lehia estua bizi izan da lehen enborretan baina, txapelketak aurrera egin ahala, abantaila hartzen hasi da Larrañaga, garaipena lortzeraino.

39 minutu eta 25 segundo behar izan ditu betebeharrak egiteko eta txapelketako bigarren denborarik onena ezarri du. Iker Vicentek, lehen edizioan, erregistratutako 38:48 denbora da Sherpa.ai Aizkolari txapelketa nagusiko marka onena.

‘Txikia IV.ak’ minutu bat eta 55 segundo gehiago behar izan ditu lanak bukatzeko (41:19) eta hirugarren izan da Eneko Otaño beizamarra, 42 minutu eta 57 segundoko denborarekin.

Emakumezkoen sailkapena

1. Nerea Arruti: 9:25 minutu

2. Karmele Gisasola ‘Zelai III.a’: 11:29 minutu

3. Malen Barrenetxea: 18:11 minutu

Gizonezkoen sailkapena

1. Mikel Larrañaga: 39:25 minutu

2. Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’: 41:19 minutu

3. Eneko Otaño: 42:57 minutu

4. Ugaitz Mugertza: 47:28 minutu

5. Ibai Soroa: 49:15 minutu

6. Julen Larrea ‘Larrea III.a’: 49:53 minutu