INFO

Ura izotz bilakatzen

Egilearen idazmahaiaren irudia. (Lide HERNANDO)

Zaila da sormen-lan baten txinparta zein izan zen zehaztea. Are zailagoa, non eta noiz gertatu zen. Askotan fikziora jotzen da atzerabegirako hori egiterakoan, errelato puztu, dramatiko edo adierazgarri baten bila. Baina, berez, ideia bat etxe baten moduan eraikitzen doa: elkarrizketa batean amak botatzen dizun gogoetak adreilu bat jartzen du zure gogamenean; handik pare bat egunera enegarren aldiz entzuten duzun diskoak, bat-batean, beste bat; eta larunbateko afarian lagun min batek leporatzen dizun zerbaitek, beste bat. Egun batean argi-izpi forman datorkizun arte: «Zergatik ez zait orain arte bururatu honi buruz idaztea?».

Badakit, behintzat, ‘Izotz ura’ izango zenaren lehenbiziko zantzuak 2020ko itxialditik atera bezain laster bururatzen hasi zitzaizkidala. Irakurleak gehienbat musikatik ezagutuko nauen arren, egia da nik txikitatik izan dudala idazteko zaletasuna (hainbat nobela saialdi dira horren lekuko). Literatura masterra ere egin nuen Bartzelonan; baina, asko ikasi banuen ere, esperientzia horrek gutxiagotasun sentsazioa areagotzeko balio izan zidan, hain ziren onak nire ikaskideak. Hainbat urtez idatzi gabe egon ostean, ordea, auto-konfiantza garatuagoa daukadan honetan, berriro etorri zait sena.

Badakit, halaber, hau azalpen batean gorpuztea zaila egiten zaidan arren, nondik etorri zen ideia hau: leku ilun batetik. Izan ere, beste askori bezala, itxialdiak eta nire jarduera musikalaren etenaldi behartuak hainbat gogoeta egitera eraman ninduten. Musika-industriarekiko nuen harremanaz. Musikarekiko nuen harremanaz. Musikariekiko nuen harremanaz. Emakume musikariekiko nuen harremanaz.

Gogoeta horietatik ateratako ondorioak, zoritxarrez, mikatzak izan ziren. Zerbait ez zegoen ondo nire baitan; zenbait gudu-zelai nituen oraindik martxan, zauri batzuk zabalik, ikasgai batzuk oraindik gainditu gabe, nire buruarekin bakeak egin ahal izateko.

Eta gogoeta horiek laino beltz bat izatetik taxuzko ideia zehatzetara antzaldatzen joan ahala, ohartu nintzen, azken finean, musikaren inguruan hausnartzen nuen bakoitzean azaleratzen zitzaizkidan dilema etengabe horiek bi ildotatik zihoazela: alde batetik, Lide zentzudun eta moralki zuzen hori zegoen, aldi berean immobilista eta beldurtia zena; bestetik, Lide ausart eta buru-irekia, aldi berean apur bat friboloa bezain hotza zena.

Horretaz ohartzearekin batera etorri zitzaidan hasieran aipatutako galdera: zergatik ez zait orain arte bururatu honi buruz idaztea? Argi izan bainuen bat-batean: bi ildo horiek bi pertsonaiatan gorpuztu behar nituen. Pertsona oso eta egiazko bihurtu, euren ibilbide pertsonal eta profesionalarekin, euren trauma eta ezinegonekin eta, noski, euren arteko harremanarekin. Ulertzeko zer moduz moldatzen ziren hain profil ezberdineko bi pertsona.

Zein puntutan zeuden ados, zeinetan ez. Zein armarekin egiten zioten aurre industria musikalaren oihan arriskutsuari. Nola laguntzen zuten elkar; zein puntutan eta zergatik utzi zioten elkar zaintzeari. Eta niretzat garrantzitsuena: ba al zegoen biak adiskidetzeko aukerarik? Horrela jaio ziren Saioa eta Mara, 2021eko hastapenean. Ia urtebete egin nuen pertsonaiak diseinatzen eta nobelaren trama zirriborratzen. Istorioak bi protagonista izango bazituen, ideia polita iruditu zitzaidan nobela ping-pong partida baten gisa irudikatzea; kapitulu bakoitzak bietako baten bizitza eta gogoetak jarraituko zituen, hirugarren pertsonan. Bakoitzaren denbora-lerroak, gainera, iraganerako jauziak ere izango zituen, euren arteko harremana hastapenetik landu ahal izateko, haurtzaroko garai samurretik hasita.

Behin protagonisten profilak izkiriatuta nituela, istorioa abiaraziko zuen gatazkaren bila hasi nintzen. Ez bainuen inongo aitzakiarik gabe bi emakume hauen istorioa modu kronologikoan kontatu nahi. Orainaldian gerta zitekeen zerbait behar nuen, bi neskak atzera begira jartzera behartuko zituena. Horrelaxe iritsi zen Xanti pertsonaia istoriora. Herriko gaztetxeko errege naturala, bere bizitza militantziari eta horren dibulgazio paternalistari eskainitako ‘beti gazte’ moralista, denek bizitzan aurrera egin ahala, lau pareta heze horietatik emozionalki –eta literalki– atera ezinik gelditu den mamu herraria. Xanti auto-istripu batean hiltzeak eta, horren ondorioz, bere musika-taldeak haren omenezko disko bat grabatu nahi izateak eragingo du jada bananduta eta bakoitza bere bidea eginez bizi diren Saioa eta Mara oroitzapenen putzuan erortzea, eta bata besteaz gogoratzen hastea.

Ez nituzke aipatu gabe utzi nahi herria eta gaztetxea; pertsonaiak ez badira ere, arima gordetzen duten subjektu gisa tratatu nahi izan ditudanak. Herriaren figura horren presente eduki nahiak tarteka iruzurgilearen sindromea eragin dit prozesuan zehar, ni neu hiritarra bainaiz, eta ez bainengoen ziur herri batean bizitzearen idiosinkrasia ondo islatuko ote nuen, klixeetan erori gabe. Gaztetxearen kasuan ere antzekoa gertatzen zitzaidan; nik, gaztetxeren batean esperientzia izatekotan, Groseko Kortxoenean izan dut. Esperientzia hori, ordea, ez da militantea izan: gaztetxero sozial kontsideratzen dut neure burua.

Honekin guztiarekin, beraz, banuen idazteari ekiteko nahikoa elementu. Lehenbiziko bi kapituluak idatzi eta Eusko Jaurlaritzaren Sorkuntza Dirulaguntzetara aurkeztu nuen proiektua, 2022ko urtarrilean. Nire harridurarako, beka eskuratu nuela jakinarazi zidaten apirilean. Horrek, sekulako poza emateaz gain, beldur handia ere eragin zidan: egiaren unea iritsi zen. Ordura arte esperimentu gisa idazten nituen istorio eta zirriborroak alde batera utzi, eta benetan nobela bat idaztera nindoan, lan hori egiteko dirulaguntzatxo bat jaso zuen nobela bat; agian, soilik agian, gerora argitaletxe batek aterako zuen nobela bat.

Liburua ontzeko bidean egindako pertsonaien eskema. (Lide HERNANDO)

Urtebete eman zidan lehen idazketak. Lehen aldiz horrelako zerbait egitearen perfekzionismo senak milaka artikulu irakurri eta hamaika online ikastaro egitera eraman ninduen: nola idatzi nobela bat, nola eraiki klixeetan erortzen ez ziren pertsonaiak, nola antolatu informazioa irakurleak jakin-mina gal ez zezan, nola idatzi dialogoak erredundantzian erori gabe baina egiazkotasuna mantenduz. Apurka-apurka, pisu zinematografikoa zuten irudi eta eszenak etortzen hasi zitzaizkidan –zorionez edo zoritxarrez, ikus-entzunezkoak errege diren garai honetan, idazten dudanak asko edaten du zinematografiatik–: gaztetxearen ondoko talaia, Saioaren apeta sexual berezia, Mararen eta xakearen arteko harremana… batzuk aipatzearren. Mararen eta Saioaren istorio paraleloak kapituluz kapitulu gorpuzten joan ahala, ohartu nintzen musikaren inguruan nuen ezinegona asetzeko helburuz hasi nuen istorio horren erroa ez zela berez musika: adiskidetasunari buruzko istorio bat idazten ari nintzen. Bi emakumeren arteko adiskidetasun istorio konplexu, gorabeheratsu, zintzo eta gaiztotua; ertz askokoa. Eta horrek nik neuk bidean inertziaz galdutako adiskidetasun harremanak ekarri zizkidan gogora. Liburua errepasatzen amaitu, Susarekin edizio lanak egin eta azken puntua jarri ostean ere, ideia berarekin jarraitu dut ordudanik: emakume musikariak bezainbeste, bidean galdutako lagun horiek omentzea liburu honetan.

Orain, irakurle, espero dut zuk ere istorio honekin gozatzea.